Espetxeratuen bikotekideen adierazpenak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 24a, 17:55

Arratsaldeko 17:00etan Kontzentrazioa deitu du ikastolako guraso talde batek, Otaño eta Igerategiren alde. Bertan izan dira haien bikotekideak eta bideoan daude haien adierazpenak: Elkarrizketa [bideoa]

 

Igerategiren lankideen manifestua

Iñaki Igerategi lankideari zuzendutako manifestua irakurri dute gaur Tolosako suhiltzaileek, LAB sindikatuak deitutako agerraldia:

“Astelehen gaua zen, Tolosako inauterien egun handia.

Lanera sartu ginenean, Tolosan gau horretan jende uholdea ibiliko zela eta gaua konplikatu zitekeela esaten ibili ginen gure artean.

Goizeko 1:30ak aldera, tximiniako sute batetik bueltatu ginen eta, kamioiak beste irteera baterako prest utzi ondoren, ateko txirrinak jo zuen. Atea irekitzean, bi guardia zibil sartu ziren barrura, Iñakiz galdezka. Iñakik lasai erantzun zien bera zela, eta haiek eskuburdinak erakutsi eta atxilotua zegoela esan zioten. Iñakiren aurpegiak ez zuela ezer ulertzen adierazten zuen, erabat harrituta zegoen egoeraren aurrean.

Eraman zutenean “animo Iñaki!” soil bat besterik ez zitzaigun atera, zalantza baikenuen ikusten ari ginena benetakoa zen ala inauterietako parodia bat ote zen.

Iñakik atxiloketaren arrazoiez galdetu zienean, zegokion momentuan jakinaraziko ziotela erantzun zioten guardia zibilek. Ordu erdi pasatu aurretik eman zuten atxiloketaren albistea Espainiako egunkari batean, eta baita Oriako suhiltzaile parkean atxilotu zutela adierazi ere. Badirudi bateren bati aldez aurretik eman ziotela atxiloketaren berri.

Ordutik, kezkaz beterik ibili gara egun hauetan. Nola ote dago Iñaki? Ezer txarrik ez ote diote egingo! Baina, gure susmo txarrenak bete egin dira. Iñakik, eta berarekin batera atxilotu zuten Inazio Otañok, galdeketa luzeak, kolpeak, mehatxuak eta drogen erabilera salatu dituzte, eta espetxeratu egin dituzte.

Garai berriak bizi omen ditugu, itxaropenez betetako garaiak, bakerako garaiak, konponbide garaiak. Alabaina, badirudi batzuek ez dituztela asmo horiek gehiegi maite.

Ez dugu onartzen inor gure lantegietara etortzea lankideak atxilotzera, eta, are gutxiago, torturatzea, eta torturan oinarrituta espetxeratzea. Horrela ez da bakea elikatzen. Horrela sufrimendua ereiten da, ez besterik.

Iñaki, hire lankideak gaudek hemen, hire lantokia denaren aurrean, hi atxilotu hinduten leku berean, eta hiri gure maitasunik sentikorrena adieraztera etorri gaituk. Une latzak pasatu dituk, bazekiagu, baina gure barneko berotasuna bidali nahi diagu, hagoen zoko ilun eta beltz horretara.

Ez hago bakarrik, gu hirekin gaudek, eta hire sufrimendua geure egiten diagu.

Gure esku dagoen guztia egingo diagu hi gure artera berriz ekartzeko, horretan ari gaituk, heuk ere hala egingo huke-eta, egoera berean gutako beste edozein egongo balitz.

Gure artean, hemen, lanean nahi haugu berriz ere.

Laster arte, Iñaki!”

Tolosa, 2012-02-24

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!