Tentsioz beteriko plenoa Andoaingo Udal batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 23a, 22:51

Telebista kamarak, Ertzaintzaren furgoiak Goikoplazan, atxilotuen aldeko kontzentrazioa... tentsioko giroa zegoen Andoaingo Goikoplazan 18:45ak zirenean. Udaletxearen eta elkarretaratu direnen artean Ertzaintzak hesi modukoa egin du.

Tentsio une ezberdinak izan dira plenoan. Hasieran PSEko ordezkariek plenoa uztea erabaki dute. Atxilotuen inguruko mozioa bozkatzeko garaian PPko ordezkariak ere plenoa utzi du.

Plenoaren kronika:

PSE-EEk PLENOA UTZI DU

Plenoaren hasieratik tentsio uneak izan dira. Hastear zela, Estanis Amutxastegi PSE-EEko buruak hitza hartu nahi izan du. Ana Carrere alkateak, ordea, galde-erreguen tartea iristeko eskatu dio. Amutxastegik ez du onartu alkatearen proposamena eta PSEko zinegotziek alde egingo dutela iragarri du. Haserre agertu da aurreko asteartean atxilotuen aldeko manifestazioan iraindua izan zirelako. Alkateari aurpegiratu dio bera ere zegoela manifestazio horretan. Alkateak erantzun dio ezin duela nahi duena egin eta galde-erreguen tartera itxaroteko. Baina Andoaingo PSE-EEk bere hasierako erabakiari eutsi eta Udal batzarraldia uztea erabaki du.

[Une hori bideoan ikus daiteke: Bideo1 ]

Plenoak PSEko zinegotzien eserlekuak hutsik zeudela jarraitu du. Oso gauza bitxia gertatu da, batzarraldiaren 9. puntuan Bilduk eta PSEk adostutako adierazpen instituzionala eztabaidatu delako. Martxoaren 8aren ingurukoa zen eta aho batez erabaki da Bildu, PSE, EAJ eta PP alderdien oniritziarekin.

BI ATXILOTUEN INGURUKO MOZIOEN EZTABAIDA

Batzarraldiaren amaierarako utzi dituzte Andoaingo bi atxilotuen inguruko mozioak. Bilduk berea aurkeztu du, eta EAJk berea. Bilduren mozioa irakurri ondoren EAJko, PPko eta Bilduko ordezkariek iritzia eman dute. Gaia sakontzen zijoan heinean tentsioak gora egin du, eta ikusleen eta PPko zinegotziaren artean ika-mika handia sortu da. Alkateak behin eta berriro lasaitasuna eskatu die herritarrei, eta baita PPko ordezkariari ere. Tentsio unearekin ez zela amaitzen, Andoaingo alkateak Bilduk atxilotuen inguruko mozioa bozkatzea agindu du. Bozketaren unean bertan Asun Guerra PPko zinegotziak plenoa utzi du.

[Eztabaida bideoan ikus daiteke: Bideo2 ]

EAJk aurkeztutako mozioaren irakurketarekin eta bozketarekin amaitu da plenoa. Mozio honen aurrean Bildu abstenitu egin da.

Plenoaren amaieran, herritar batek hitza hartu du PPko zinegotziak atxilotuen inguruko akusazioaren harira zinegotzi popularrari kritika egiteko.

UDALETXEAREN KANPOALDEAN HERRI ASANBLADA

Kanpoaldean, Goikoplazan, jende multzo handiak bilduta jarraitu du atxilotuen inguruko informazioaren zain. Minutu gutxira jakin dute Iñaki Igerategi eta Juan Inazio Otaño espetxeratzea agindu duela Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Asanbladan esandakoaren harira, bi atxilotuek tratu txarrak salatu dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!