Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren edizio berria aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 23a, 14:44

Gaur aurkeztu dute Donostian euskarazko kazetaritza sari nagusiaren deialdi berria. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Andoaingo Udalak antolatzen duen Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua.

Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko zinegotziak prentsaurrekoan zera adierazi du, "Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren hogeita laugarren ediziora iritsi gara.  Urtebete baino ez zaigu geratzen mende laurdena betetzeko. Niretzat oso pozgarria da Rikardo Arregi Sariak hain bide luzea egin izana, eta egiten jarraitzea.

Euskal herritar guztiok, euskaraz jakin edo ez, guztiok merezi dugu euskarazko kazetaritza prestu eta modernoa. Eta euskaraz bizi direnek, eta euskaraz bizi nahi dutenek, gainera, eskubidea daukate euskarazko kazetaritza eskura izateko. Eta ez nolanahiko kazetaritza: kazetaritza bikaina, kalitatezkoa nahi dugu. Helburu horrekin sortu zuen Andoaingo Udalak orain dela hogeita lau urte Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta helburu horrekin jarraitzen dugu.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin kontatu dugu iraganean, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza estimagarriarekin kontatzen jarraitzen dugu. Ni neronen eta Udalaren esker ona eman nahi diot Eusko Jaurlaritzari, Rikardo Arregi Sariari ematen dion babes eta laguntzagatik".

Ondoko hiru atalotan banatzen da saria:

  • XXIV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria.
  • Kazetari Berria saria.
  • Epaimahaiaren Sari Berezia.

Aipaturiko hiru sari horiez gain, egoki edo beharrezko iritziz gero, Aipamen Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak. Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!