Atzo goizaldean Guardia Zibilak Iñaxio Otaño “Ttintto” eta Iñaki Igerategi andoaindarrak atxilotu zituen. Une hauetan inkomunikaturik aurkitzen dira beraien eskuetan. Lehenik eta behin adierazi nahi dugu egoera hau kezka larriz bizi dugula, ondotxo baitakigu inkomunikazioak eskaintzen duen zigorgabetasunean, Guardia Zibilak herritarrak torturatu egiten dituela.
Bigarrenik gure elkartasuna, babesa eta berotasuna eskaini nahi diegu Ttintto eta Iñakiren senitartekoei: jakin ezazue une gogor hauetan zuen alboan gaituzuela.
Euskal Herrian esperantzarako garaiak bizi ditugu. Azken hilabete luzeetan ezagutu ditugun maila desberdinetako urrats eta akordioek, eta herritarrek konponbidearen alde mobilizazio zein ekimen ugarietan erakutsitako erabakitasunak, gure herria egoera berri baten atarian jarri dute. Esan genezake urte luzetako gatazkaren konponbiderako aukerak inoiz baino errealagoak direla. Horrek esperantza piztu du euskal gizartearen gehiengo zabal batengan.
Hala ere, garbi dago guztiok ez dugula egoera hau esperantzaz bizi. Espainiar eta frantziar gobernuko agintariek errealitate honen aurrean hartu duten jarrerak hori pentsatzera garamatza. Horren erakusle garbia dira Ttintto eta Iñakiren atxiloketak.
Horrelako atxiloketekin iraganera itzuli arazi nahi gaituzte, ziurrenik, herri hau irekitzen ari den bideak ekarriko dien egoeraren beldur direlako.
Euskal herrian ez gaude prest atzera martxa sartzeko. Euskal gizartearen gehiengo zabalak aurrera egitea nahi du, eta ondorioz ez ditu iraganeko errezetak onartzen. Ez ditugu inkomunikazioa, atxiloketak eta bestelako eskubide urraketa larriak onartzen.
Ez lehen, eta are gutxiago orain.
Esandako guztiagatik, Ttintto eta Iñakiren atxiloketak salatu egiten ditugu eta beraien
berehalako askatasuna eskatzen dugu.
Azkenik dei bat luzatu nahi diegu euskal herritarrei, eta modu berezian andoaindarrei:
Egoera hau iraultzeko erronka dugu parean, Euskal herrian errepresioa ezinezko
bilakatu behar dugu. Hori lortzeko bidea Euskal gizartearen gehiengo zabal baten
iritzia kaleratzea da, mobilizazio eta lan iraunkorraren bitartez. Norabide horretan
datozen egunetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi
dizuegu.