URNIETA
Festarako eta antzezteko gogoa ezaguna da Urnietan. Urtean zehar antolatu ohi diren festa eta hitzordu ezberdinak horren adibide garbiena dira. Bada, festazaletasunari eta antzezpenari beste gogo edo nahi bat erantsi behar zaio: mozorrotzea. Urtean behin, bederen. Aurten oso garbi geratu da, ehunka urnietar lotsak alde batera utzita kalera mozorrotuta atera zelako.
Poxta Zahar taldeak iaz hasitako bidean bultzada handia hartu du aurten, herriko eragile gehiagok bat egin duelako inauteri festarekin. Bosko Anitz aisialdi taldearen inguruan ere mozorro ezberdinak eta ehunka partaide bildu ziren. Beraz, bateko eta besteko, Urnietan inauteria hizki larriz idazten hasi beharko da. Larunbat iluntzean Idiazabal kaleak erakusten zuen irudia oso argigarria zen: Inauteriak kalea eta inguruak hartu zituen. Mozorro festaren aldeko joera horretan herriko dendariek eta tabernariek aipatu beharreko ekarpena egin dute. Hainbat dendatako erakusleihoetan maskarak eta konfetiak ikus zitezkeen. Parrandarako gune diren tabernatan ere batzuk lan handia hartu zuten. On Bizik egindako deialdiak, beraz, eragina izan zuen.
Azken bi urteotako garapena ikusita, inauteri festa Urnietan egonkortu dela esan daiteke. Gozamenerako iturri dira mozorroak eta parodiak. Bada, giro horrekin jarraitzeko urnietar asko prest dagoela ikusi zen aurreko larunbatean.
Beharbada, 2013rako, ondo legoke Bosko Anitz aisialdi taldearen eta San Juan plazatik jaitsi ziren karrozak desfile bakarrean bateratzea. Ikusleen eta jaiaren beraren mesederako izango da.
ESKETX ETA KARROZA LEHIAKETA
Etxeberrieta plazan, Bosko Anitz aisialdi taldearen inguruan bildutako ehunka urnietarrak inauteriaz gozatzen ari ziren bitartean, beste hainbeste herritar San Juan plazan bazkalosteko esketx lehiaketa jarraitzen ari ziren. Bazkarirako berrehundik gora inauterizale bildu zen, bazkalosteko esketx lehiaketa ikustera urnietar gehiago gehituz. Ijitoen etorrera irudikatzen zuen “Cañada real” karrozak irabazi zuen esketx onenaren saria. Antzezleek lan polita eskaini zuten, ikuslegoaren irriak sorraraziz. Denera, sei esketx eskaini ziren.
Lehiaketara aurkeztutako karrozak, bestalde, zazpi izan ziren. “Mamu harrapakariak” izenekoak jaso zuen irabazleari dagokion saria.
Bosko Anitz taldekoek Etxeberri plazatik kiroldegirako bidea hartu zutenean, San Juan plazan bildutakoak kalejiran jaitsi ziren Idiazabal kalera. Goizetik hasita, jaiak eta umoreak ordu luzez iraun zuen.
2012ko inauterien gai nagusia telebista eta zinema ziren. Urnietan behintzat, larunbatean gertaturikoa film gehienentsuen parekoa izan zen: amaiera polita duena.
Hurrengo urteetakoak ere bide beretik joan daitezela: hasiera, garapen eta amaiera poli tarekin.
On Bizi elkartea eta Urnietako tabernariak jaian murgildu ziren
Sortu berri den On Bizi dendari eta merkatarien elkarteak inauteriarekin bat egin zuen. Batetik, karroza eta esketx lehiaketan sari banaketan parte hartuz. Bestetik, pintxo potearen deialdia eginez.
Horrez gain, hainbatek taberna mozorrotzeko aukera baliatu zuen. Besteak beste, Movie (Grease), Goi Mendi (Saloon), Guria (Boot hill), Aballarri (Piratak) edota Egur (Parada del terror) tabernak.