Abeltzantzatik artzantzarako bidea, Leitzalarreko agirietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 10:19

Patziku Perurena idazle goizuetarrak irabazi du I. Larramendi beka, ‘Unaia galdu eta artzaia ugaldu (1780-1810)’ ikerketa egitasmoagatik. Nafarroako mendialdeko eta Gipuzkoako Beterriko gizarteek abeltzaintzatik artzaintzara egin zuten jauzia du aztergai.

Laburbilduko al zenuke ikerketaren bidez frogatu nahi duzun tesi nagusia?
Nafarroako mendialdean eta Gipuzkoako Beterriko herrietan Erdi Arotik zetorren behi, unai eta sarobeen sistema zaharra agortzen joan ahala, zabaltzen joan zen nekazal sistema. Nekazaritzaren hedapenarekin batera hain zuzen, ardi, artzain eta ardi-bordaren sistema nagusitu zen.
Eboluzio horri lotuta, beste hiru fenomeno ematen dira: burdinolen industriaren gainbehera; Ameriketatik datorren arto eta arto-taloaren inguruan baserriak sortzea, eta, baserri horien luzapen modura ardi-bordak ere sortzen hastea; eta hirugarrenik, unaien mundu horren sostengu ziren sarobe eta herri lur asko, pribatuak zirenak, herri lur edo komunal bihurtzea. 
Eboluzio hori dena erakusteko, Leitzako Udal artxibategian gordetzen den Cuenta de vaqueros 1683-1781 dokumentua erabiliko dut ardatz gisa. Tokiko agiria da, baina testuinguru historikoan ipiniz gero, oso interesgarria gerta daiteke XVIII-XIX mendeetako gizartearen eboluzioa islatzeko.    

Agiri hori txiripaz topatu zenuela aitortu duzu…
Goizuetan bada gizon bat libururako Mikel Laboak hainbat alditan abestu zuen Trabukoren historia dokumentatzen ari nintzela izan zen. Kontua da diru faltsua egiten zuten Berdabio eta bere lagunak atxilotu egin zituztela, eta Goizuetatik Iruñako kartzelara bidean, Leitzako udaletxeko kalabozoan hartu behar izan zutenla aterpe, eguraldia kaskarra zela medio. Ni Leitzako artxibategira joan nintzen historia pasarte horren berri izateko, eta hor non, bertako artxibazain Joseba Azpirozek erakutsi zidan aipatu agiri edo liburua, garai bateko unaiei zegokiena. Edozein agiri historikorekin liluratzen naiz, eta kontuan hartu nuen, nahiz eta ez gertatu baliagarri une hartan eskuartean neukan ikerketarako.
Trabuko eta Berdabioren historiarekin amaitu, eta orduan heldu nion gaiari, serio aztertzekotan.

Zer informazio mota eskaintzen du unaien liburu horrek?
Baztan eta Beterriko hainbat herritatik unaiek behiak Leitzalarreko bi sarobeetara eramateko ohitura izaten zuten, eta Leitzako Udala zen sistema hori guztia kudeatzen zuena. Liburu horretan urtez urteko mugimendu guztiak eta behi zaintzaren merkatuaren nondik norakoa kontatzen da. Besteak beste, Baztan edo Beterriko herrietatik etortzen ziren unaien jaiotetxeen izenak aipatzen ditu, horien abizen eta izengoitiak…
Giza mugimendu horren testuinguruan, oso datu kuriosoak eskaintzen ditu liburuak, eta atal bereziak osatzen joango naiz. Esate baterako, Baztandik etorritako unai mutilen abizenen arrastoa. Hiru, Leitzan bertan ezkondu ziren; horietatik Perurenak bakarrik iraun du gaur arte.

Aipa al zenezake abizen horren ibilbidea?
Oso da kuriosoa. Unaia Iruritako Perurena etxetik etorri zen, morroi gisa. Bertako Barbara Zabaletarekin ezkondu, eta geroxeago Beterri aldean ibili zen behi zaintzan. Jokoan galdu, galerak sortu eta aitak berari zegokion oinordekotza kendu egin zion, beste anaia bati emateko. Orduan, Goizuetako auzo batera joan zen bizitzera, eta era horretan zabaldu ziren hemengo perurenatar guztiak. 1785 inguruan ardi-borda eraiki zuen unai horrek, eta artzainen arteko liskarrak piztu zituen, batzuen eta besteen larre eremuak finkatu ezinik zeudelako; izan ere, oraindik ez zen herritarren eskubide edo bezindade-aren kontzeptua garatu. Horrela, arazoa konpontzeko arauak ezarri behar izan ziren Goizuetan eta, Baztango arauak erabili zituzten eredu gisa. Pasadizo horrek, behi-zaintzatik ardi-zaintzarako pausoa nola eman zen islatzen du.     
Goizuetako Perurena horren ondorengo batzuk Leitzara etorri ziren, eta esaterako, historiaren haritik tiraka, hainbat datu esanguratsu ematen da: tartean, Aienea baserriko Perurena familiak beti eduki duela artaldea, edota, Perurena harri-jasotzaile beraren aitona ere harakina izan zela.    

Mugatuko al zenuke ikerketaren eremu geografikoa?
Leitzalarreko eremu lokal bat hartu dut aztertzeko, baina unaien eta artzainen sistemak inguruetako herriak ukitzen ditu bete-betean. Leitza eta Goizueta ikertu izan ditut betidanik, eta hortik informazio asko jasoa dut. Baina aldi berean, Leitza inguruko herriak (Areso, Ezkurra, Berastegi…) eta Beterriko herrietako datuak kontuan hartuko ditut.

Ahozkotasunari aparteko arreta jarri izan diozu betidanik. Oraingoan ere horrela izango al da?  
 
Artxiboetako agiriak egungoarekin kontrastatu nahi nituzke, eta nire beste saiakeretan bezainbat ez bada ere, artzaintzarekin lotutako elkarrizketak egiteko asmoa dut. Nolabait, ikerlanari alderdi nostalgikoa, poetikoa, literarioa erantsi nahiko nioke.
Ni Goizuetako baserri batean jaioa naiz, eta gogoratzen naiz mutil koskorretan, idiak galduta ziren arren, baserri bakoitzean izaten zirela pare bat behi, goldatzeko, iratzeak ekartzeko… Aldi berean, gogoratzen naiz eskolatik atera eta nola ikusten genituen, maiz, artzainak kalean barrena, eta zenbateko afana edukitzen zuten ardirik azkarrenak zituztela erakusteko, aurretik zihoazen ardiei joarerik handienak jarri eta gero. Oso gertutik bizitu dut mundu hori, eta alde horretatik, artzaintza bizibide izan duen jendea elkarrizketatzea da nire asmoa.

Badoan belaunaldi bati gorazarre egiteko gogoz zaudela esan berri duzu irratian…
Testigantzez jositako Leitzako errege-erreginak liburua egin nuenean hasi nintzen, batik bat,  gure aurreko gizaldia baloratzen. Ia denek euren kontakizunei balioa kendu nahi izaten zioten; “ez idatzi gure kontuak, miseria hutsa dituk eta” esaten zidaten. Miseriazko bizimodua eduki zuten, bai, baina bizitza gizatiarra eta miresgarria izan zen haiena, aldi berean. Gaur egun gizarte burgestu batean bizi gara (langabetuek eta etorkinek batez ere, muturrekoa emango didate hori esateagatik, baina tira), eta ez dakigu baloratzen haiek bizitakoa.    

Gaurko jendeak agertzen al du interesik, gure aurrekoen historia txikiak biltzen dituzten liburuekin, zure liburuekin konparazio batera?  

Liburu merkatua ez dut kontrolatzen, baina badakit jendeak erosten dituela horrelako liburuak; baina inpresioa dut ez dela irakurtzeko, argazkietan euren familiarrak agertzen direlako batez ere. Leitzako errege-erreginak-en garaitsu berean Saizarbitoriaren Hamaika pauso liburua atera zen; moda-modan egon zena. Gogoan dut Euskadi Irratian egindako elkarrizketan zer esan nuen orduan; alegia, nire liburua ere nobela baten antzera irakur zitekeela. Hari bati jarraituz idatzia zegoelako, eta protagonisten historia pertsonalak ere oso irakurgarriak direlako.    

Poesia idazteari utzi al diozu?
Beti ari naiz ohartxoak eta apunteak hartzen, mendian oinez nabilenean; baina deus gutxi hortik aurrera. Diziplina gehiago eduki nahi nuke, baina anarkiko samarra naiz. Erreakzioz funtzionatzen dut.   
Literatura purua edota aktualitateari lotutako artikuluak idazteko, irakurtzeko tartea ere  eduki nahi nuke..., baina artxibategietako ikerlanek denbora asko kentzen didate. Mikromundu batean ibiltzen naiz beti, egia esan; azken mohikar gizajo bat naiz, baina lilura eragiten didate orain ehun edo laurehun urte gertatutako istoriotxoek, pasarteek… Jendeak uste du telebista ikusi eta mundua deskubritzen ari dela. Ez dakit ohartzen den gertu-gertuko arbasoen bizimodua edo eboluzioa aztertzeak zenbat lagun zaitzakeen mundua ulertzeko.   

Erreakzioz idazten omen duzu. Hala ere, aspalditxoan prentsan ez ditugu irakurri zure-zureak diren zirikadak…
Egia da jada ez dudala artikulurik idazten prentsarako. Baina ez da gogo faltagatik. Egunotan, esaterako, Bertsolari dokumentala dabilkit buruan: munduko gauzarik miragarriena bertsoak aldrebes sortzearena dela zabaltzen ari baita, ohartu gabe gauzarik elementalena dela hori, alegia bizitza honetan guztia egiten dela helmuga zer den aurrez pentsatuta.
Kontua da nire izaeragatik edo ez dakit zergatik, ez daukadala erraz artikuluak argitaratzea; egingo nituzke, inork plaza emanez gero. Baldar hutsa naiz teknologia berrietan, baina blog baten bidetik-edo norbaitek bultzadaren bat ematen badit, prest nago; ona baita idaztea, nor bere eskizofrenia edo paranoietatik ateratzeko. Leitzak badauka Peru-harria, eta akaso ondo etorriko litzaioke Peru-harrikada ere edukitzea.  

Ikerketa saria emateko ekitaldia
Larramendi Bazkunak Larramendi Ikerketa Saria jarri du aurten abian, lehenbiziko aldiz. Sei egitasmo aurkeztu dira eta Joxin Azkue, Garbiñe Agirre, Jose Antonio Rodriguez, Aitor Amutxastegi eta Jon Unanuek osatutako epaimahaiak Patziku Perurenak aurkeztutakoa hautatu du. 6.000 euro jaso ditu egileak, eta irailean aurkeztu beharko du ikerlana. Ondoren argitaratzeko konpromisoa hartu du Larramendi Bazkunak.
Sari-emate ekitaldian, Jon Unanue Bazkuneko lehendakariak sariaren zergatia azaldu zuen. “Manuel Larramendik jakintza alor askotan jardun zuen, euskararen munduan ez ezik, baita Gipuzkoako historian eta egitura politikoetan barrena ere. Haren bidea jorratu nahian erabaki genuen bere izena jartzea bekari”.
Patziku Perurena “euskal letren munduan leku nabarmena hartu duen idazletzat” jo zuen Unanuek, eta aldi berean, berak aurkeztutako egitasmoa nabarmendu zuen: “egitasmo polita da, orijinala, ereduzko landa-lana, eta azken batean, Gipuzkoako Beterri eta Nafarroako mendialdeko nahiz Baztango bailarak uztartzen dituena”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!