Garmendiatarrak, bi belaunaldi errementari lanetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 10:12

Inaxio eta Juantxo Garmendia aita-semeek urte luzetan eutsi diote errementari lanari Asteasun, Pilar Eizmendi emazte eta amaren laguntzarekin. Geroz eta errementari gutxiago dagoen garaiotan, euren langintzaren berri azaldu dute.

Asteasuko kalean jaio zen Inaxio Garmendia, Ibargain baserrian. 16 urte zituela, errementari lanetan hasi zen Joxe anaiari laguntzen, “batzuek ferratu egiten zuten bezala, anaiarekin batera, baserriko erremintak zorrozten hasi nintzen ni: atxurrak, aizkorak, zizelak… Lehenengo sutegia baserriaren ondoko zubiaren azpialdean izan genuen”, adierazi du. Errementari ofizioaren zati bat behintzat anaiaren bidez ikasi zuen Inaxiok, “Tolosan aritzen zen anaia lanean eta etxera etorritakoan, zubiaren azpian zorrozten zituen baserritarren erremintak. Han aritzen nintzen ni ere. Gerora, gaur Patxine taberna dagoen lekuan lantegi txiki bat jarri zuen eta hantxe aritzen ginen biok”. Lehen pausoak anaiarekin batera eman eta gero, Donostiara joan zen Inaxio osaba errementariarekin ikasten jarraitzera, “amaren anaia errementaria genuen eta harengana joanda, soldaduska aurretik bi urtez aritu nintzen”. Ezkondu eta gero, emaztearen jaiotetxearen ondoan etxe berria egin eta azpi hartan tailer txiki bat muntatu ondoren, bere kontura hasi zen lanean Inaxio. Egun etxe nahiz lantegi haren arrastorik ez da, duela 35 bat urte bota baitzuten. Orduan, gaur bizitoki duten Kamio etxea erosi eta berriz ere etxearen azpian tailerra jarri zuten, ukuilua egokitu eta atzealdean pabilioi koskor bat moldatuz. Burdinaren inguruan ibili izan da Inaxio urte luzez, “burdinarekin borrokan, bai. 16 urtez geroztik, 60 urterekin jubilatu arte, gora eta behera burdina ibili izan dut beti eskuartean”. Garai hartan, agian errementari lana baino gehiago ferratzailearena gailentzen zela aipatu du Inaxiok eta gogoan du Asteasun bazirela lau ferratzaile. Bera, ordea, gutxi aritu zen ferratzaile gisa. Denborarekin, baserriko erremintak zorrozteaz gain, soldatzen edota balkoiak egiten hasi zen. Errementariaren lana gogoko izanagatik, astuna zela azaldu du, “ez zen orain bezalako erraztasunik; lan guztia eskuz egin behar izan genuen guk”, azaldu du.

Juantxo, bigarren belaunaldia
Inaxiok errementari lanari 16 urterekin ekin bazion, dezente gazteagoa zela abiatu zen Juantxo semearen bidea, “aitaren ondoan ibiltzen nintzen eta 8-9 urte nituela hasi nintzen errementari lanetan. Garai batean, gazteak baserrietan behiekin bezala, burdin artean ibili izan naiz ni umetatik”. Urteak aurrera, eskaera eta behar ezberdinetara egokitu da Juantxo eta hainbat lan ezberdin egiten du, “aukera guztietara jotzen dugu, gurea bezalako tailer txikietan ez baitago gauza bakarra eginda bizitzerik. Burdinarekin lan ezberdinak eginda ateratzen dugu bizimodua”.
Modernotasunari bezala, tradizioari ere eutsi egin behar zaion iritzikoa da Juantxo eta bi estiloak uztartzen saiatzen da bere lantegian. Aitarekin lanean ikasi zuen garaitik, izugarrizko aldaketa sumatu du azken urteotan lanabes nahiz lan egiteko moduan, “egun ez da inor zizelak edota atxurrak zorroztera etortzen. Gaurko ohitura berrietara egokitu naiz eta lan modernoetara jotzeko abilitatea dudan arren, lan tradizionalei ere heltzen diet eskaeren arabera”. Ohe-buruak, ateak, atakak, lanparak, koadroak, apaingarriak, oroigarriak, parrillak…, eskatutako guztia egiten du Juantxok eta bezeroen eskaeren arabera, askotan bere ideia burdinara ekarriz, maketa txikietan irudikatzen ditu bere proposamenak. Aukera asko eskaintzen duen materiala da burdina Juantxoren iritziz, nahiz eta jendeak muga asko jartzen duela aipatu duen, “jendeak ohiturak hartuta dauzkan arren, zergatik ez eduki burdinazko hankak dituen mahaia sukaldean? Burdinak beste materialekin bateratzeko aukera eskaintzen du, eraikuntza zaharretan bezala, baita berrietan ere. Kristalezko eta hormigoizko eraikuntza modernoetan ere aritu izan naiz lanean. Edozein lekutan etortzen da ondo burdina”.

Inguruko azken errementaria
Gainerako langintzetan bezala, urteetako esperientziak asko laguntzen du errementari lanean ere, “urteak aurrera errazago egiten da lan”, Juantxoren ustez. Inaxio aitaren hitzetan, berriz, “nekatzen joaten den bezala, ikasten joaten da”. Asteasun errementari gisa jarraitzen duen langile bakarra da Juantxo, “galdaragile edo kalderero ugari dagoen arren, errementaririk ez dago egun ez Asteasun eta inguruan ere gutxi. Lehen herri guztietan ziren bat baino gehiago. Orain, Nafarroan badira batzuk eta gainerakoan, Castilla aldean”, adierazi du. Aitak bezala, gustuko lana du errementariarena semeak ere, “garbi daukat gustatu egiten zaidala egiten dudana eta ahal badut eutsi egin nahi diot, ez nuke lanez aldatu nahi”. Inaxiok, euren etxean egin ez den lanik ez dagoela aipatu du, denetik egin dutela errementaritzan, “egiterik ez dagoela esanda, ez dugu inor bidali etxetik; heldu ez diogun lanik ez da izan hemen”. Gainditze grina beti izan dutela gaineratu du Juantxok, nahikoa kaskagogorrak izan direla horretan. “Sortzailearen lana da gurea, arotzarena edota igeltseroarena bezalaxe eta beti saiatu gara ahalik eta ondoen lanean”.
Inguruko herrietarako nahiz Gipuzkoa osorako egiten du lanik gehien Juantxok, “duela urtebete inguru, sagardotegi edota jatetxeetarako parrillak egiten ere hasiak gara. Ordura arte Zizurkilen egiten zituzten eta haiek utzitakoan, guri galdetu ziguten segitu nahi ote genuen. Horrela bada, dagoeneko hainbat parrilla egin dugu eta kanpotik ere jasotzen ditugu eskaerak: Bartzelona edo Salamancatik, esaterako”.

Emazte-ama ere laguntzaile
Burdinarekin lanean emakume asko aritzen ez zen garaian, asko lagundu izan zion errementari lanetan Pilar Eizmendi emazteak Inaxiori. Pilarrek gogoko izan du burdinarena bezala, baita bestelako edozein langintza probatzea ere, “katean egiten genuen lan senarrak eta biok, geratu ere egin gabe. Soldatzen ez nuen ikasi, baina gainerakoan, taladroa, esmerilla edota pintura, denari heltzen nion. Senarrari laguntzeko burdin asko ibili izan dut nik. Orain, emakume ugari aritzen da tailerretan soldatzen, baina ni hasi nintzen garaian emakume gutxi ezagutu nuen langintza horretan aritzen zenik”, adierazi du.

Musika joz
Juantxok artisau lanek egun behar adinako erantzunik ez dutela uste duen arren, seguru dago berandu baino lehen buelta etorriko dela, “eskuz egiten den lana pieza bakarra izaten da, parekorik gabea, eta berriz ere jendea lan horiek baloratzera ailegatuko dela uste dut”. Esaterako, Bilboko Gran Vian jendeak ikusteko moduan errementarien lana ezagutzeko aukera jarriko balitz, harrera ona izango lukeela dio zalantzarik gabe: “gaurko teknika onekin, ondo intsonorizatuta eta kristalez inguratuta tailer bat jarriko balitz, jendea gustura gerturatuko litzateke. Artisau lanak modu serioan erakusteko eskolak irekiko balira ere erantzun ona izango lukete eta, nire ustez, berriz ere hori etorri egingo da etorkizunean”. Inaxio bera ere gustura arituko litzateke gaztetxoei mailua nola jotzen den erakusten. Ez du zalantzarik gaztetxoentzat gozamena litzatekeela. “Piezak egiteko ez ezik, pieza horiek sutegiaren ondoan nola egiten diren ikusteko ere langintza polita da errementariarena. Zer esanik ez umeentzat: gu aritzen ginen bezala, musika joz”. Anaia eta biak, batek mailua eta besteak borra hartuta, musika nola jotzen zuten azaldu du Inaxiok: “dantzan ez genuen ikasi, baina bai musika jotzen: txinguraren gainean jartzen zen sutegitik ateratako burdina puska, tenazekin eutsita. Hura zabaltzeko bat mailuarekin eta bestea borrarekin hasten ginen ‘tan-tan-tan-tan’ joka. Azkar ibili behar izaten zen burdina bero zegoen bitartean. Txinguraren muturrean ‘ttin-ttin’ jotzean, geratu, eta berriz hasteko, berriz ere, ‘ttin-ttin’ muturrean. Musika egitearen parekoa zen hura. Polita oso”.

Lan bereziak, gogoan
Urte luzetan egindako gogoko lanen bat aukeratzekotan, Inaxiok, batere dudarik gabe, etxerako bere gustura egindako kapritxoak aukeratuko lituzke: ateak, hesiak… “Presaka egindako lanak baino, denborarekin kapritxoz egindakoak eta ikustean gustua ematen duten lanak ditut gogoko”. Inaxio, berriz, egindako lanek baino, egiteko momentuek betetzen dute gehiago. “Lana egindakoan bakea izaten da, bukatu delako; baina egiteko prozesua bera iruditzen zait politena. Egin dudan lanik hunkigarriena, Alacanten zendu zen emakume bati zuzenduriko lore itxurako oroigarria. Lan gogorra izan zen, baina emakumearen senideak nahiz neroni oso gustura geratu ginen eta horixe da printzipala”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!