Allurralde kiroldegiak 20 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 10:08

Ekainaren 26an beteko dira hogei urte Allurralde kiroldegia zabaldu zutenetik. Herriko kirol eskaintza bateratu eta aberastu du kiroldegiak geroztik. Etorkizunera begira jarrita daude kiroldegiko kideak eta Ixiar Olano kirol teknikaria.

Kiroldegia egin aurretik, Arrate pilotalekuan biltzen zen Andoaingo kirol eskaintza nagusia. Hala azaldu du Ixiar Olanok: “Pilota elkarteko kideek eta eskubaloi taldeak, esaterako, han egiten zituzten entrenamendu saioak. Horrez gain, pilotalekuaren azpialdean, mantenuko gimnasia egiten zuen hainbat talde biltzen zen. Ondarreta ikastetxeko gimnasioan ere beste zenbait talde biltzen zen. Kirolaren inguruan lan egiten zuen jendea, beraz, bazegoen. Jende horren artean enpresa bat antolatu eta 1992an, kiroldegia kudeatzeko lanetan hasi ginen”.

Lehen asteetako grina
Ixiar Olanok ondo gogoan ditu kiroldegian lanean emandako lehen egunak: “Inaugurazio ofizialaren ostean, ate irekien bi egun egin genituen, herritarrek kiroldegia ikusteko aukera izan zezaten. Oraindik gogoan dut nola herriko ume pila bat, kiroldegiko atearen kontra zegoen, sartzeko zain. Jendea kiroldegi berria ikusteko eta erabiltzeko grinaz zegoen. Lehen egun haiek oso intentsoak izan ziren. Igerilekua jendez lepo betetzen zitzaigun, aforoa gaindituz. Gehienek, gainera, ez zituzten arauak ezagutzen eta etengabe azalpenak ematen aritu behar izan genuen. Gogoan dut, esaterako, nola gizon bat igerilekuraino sartu zen zigarroa ahoan zuela. Horrez gain, lehen asteetan, herriko ume pila bat etortzen zen, igerilekuan arratsalde-pasa egiteko asmoz. Askotan, bidali egin behar izaten genituen, jende gehiagori tokia egiteko”.

Kirolari bultzada
Kiroldegiak bultzada handia eman zien herriko kirol elkarteei: “Lehendik zeuden taldeak hazi egin ziren eta talde berriak ere sortzen joan ziren. Eskubaloi taldea, esaterako, asko hazi zen. Saskibaloi taldea, igeriketakoa, gimnasia erritmikoa, squasha, bolley-ball..., talde asko sortzen joan zen. Hamazazpi kirol elkarte dago gaur egun herrian. Sortu den azkena, minimotoen taldea izan da. Iazko ekainean minimotoen lasterketa antolatu zuten atletismo pistan. Oso lasterketa ikusgarria izan zen, berezia”. Elkarteei bide berria eskaintzeaz gain, herritarrei ere kirola egiteko beste aukera bat ekarri zien Allurralde kiroldegiak.
Txapelketa eta partida bereziak egin izan dira Allurraldeko pistan: “Espainiako jubenil mailako bolley-ball txapelketa jokatu zen. Telebistaz eman zuten txapelketa hura eta mugimendu handia sortu zuen. Eskubaloian, Akaba Bera-bera eta Bidasoaren partidak ikusteko modua ere izan da”.

Aldaketen beharra
1992an zabaldu zutenetik, hainbat aldaketa izan du Allurralde kiroldegiak; “Igerilekua, kirol-pista, aerobikerako gela eta bi squash pista zabaldu ziren lehendabizi. Gezurra badirudi ere, garai hartan ez zegoen gimnasiorik. 1993an sauna eta hidromasai zerbitzuak eskaintzen hasi ginen”.
Kirol instalakuntzak zabaltzeko bigarren fasea 1998an iritsi zen: “Futbol zelaia, atletismo pista eta gradak egitea zen lehen proiektua. Kiroldegian, ordea, gimnasioa eta aldagela berriak egiteko premia zegoela iruditzen zitzaigun. Horregatik, gradak estali gabe utzi eta kiroldegia handitu egin zen instalakuntza berriak jartzeko”.
Azken obra handia iaz egin zen: Ubitarte futbol zelaiko gradak estali eta aldagelak egitea, hain zuzen. Kiroldegiaren barnean, hala ere, aldaketa handiak egin dira hogei urteotan: “Squash gelatako batean rokodromoa jarri genuen eta bestean spinning gela. Horrez gain, igerilekuko aldagelak handitzeko lanak ere egin dira”, azaldu du Ixiarrek.

Patronatuaren sorrera
1993an sortu zen Allurralde Kirol Patronatua. “Herriko kirol eskaintza eta instalakuntzak kudeatzeko helburuz sortu zen Patronatua. Allurralde kiroldegia abian jarri zenean, Udalak ez zuen kirol arloa landuko zuen departamendurik. Kiroldegia kudeatu eta herriko kirol eskaintza bultzatu asmoz sortu zen Allurralde Kirol Patronatua. Martxan daramatzan hogei urteotan izugarrizko aldaketa izan du kirol arloak Andoainen, bai eskaintzan, baita eskaeran ere. Kirola gure egunerokotasunean barneratu dugu eta hori islatu egin da kiroldegiko eskaintzan”.
Etorkizunera begira, aldaketen beharra azpimarratu du Ixiar Olano kirol teknikariak: “Orain arte, kiroldegira iritsi zaigun eskaerari erantzuna ematen egin dugu lanik handiena. Etorkizunean, berriz, guk kaleratu beharko dugu eskaintza, orain arte kiroldegira hurbildu ez direnak bertara daitezen. Horregatik, Kirol Patronatuaren lana eta helburuak berraztertu egin behar dira”, argitu du.

Ospakizunak
Ekainean egingo dira kiroldegiaren urteurreneko ospakizunak: “Oraindik ez dakigu zer egingo den. Hamargarren urteurrena ospatzeko, ur festa egin zen igerilekuan. Aurtengo egoera ekonomikoa dela eta, ez da festa handirik egingo, baina hogei urte ez dira egunero betetzen eta zerbait egiteko asmoa badugu”.

Kiroldegia, txiki
Eskaera handitzearekin batera, kiroldegia txiki geratzen joan da. Hala azaldu du Ixiar Olanok: “2005ean landu genuen kiroldegia handitzeko aurreproiektua, baina hau ez da batere garai ona inbertsioetarako. Horregatik, barnean egindako aldaketekin moldatu beharko dugu egoera aldatu arte”.

Kontzertuak
Musika kontzertu handiren bat edo beste egin izan da Allurralde kiroldegian: “Kiroldegia zabaldu eta berehala ‘Tahures Zurdos’ taldea ekarri zen. Kirol pistan egin zen eta gogoan dut nahiko sonatua izan zela. Su festa eta guzti izan omen zen kontzertuan zehar. Urte batzuk geroago Lluis Llach-en kontzertua izan zen bertan”, azaldu du Ixiar Olanok.

Allurralde Kirol Patronatua
Zuzendaritza batzordeari egokitzen zaio Patronatuaren gobernua eta administrazioa. Lau urtez behin, hauteskundeekin batera aldatzen da Zuzendaritza batzordea. Hauxe da gaur egungo batzordearen osaketa:
    Lehendakaria:
Ainara Rodriguez.
    Bokalak:
    Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotzi bana:
    Bildu: Ainara Rodriguez.
    PSE-EE: Fernando Narciso.
    EAJ-PNV: Andoni Baltasar.
    PP: Asuncion Guerra.
    Udalean federatuta dauden kirol talde eta erakundeetako bi ordezkari:
    Jose Maria Estibariz.
    Gurutz Letamendi.
    Udaleko ikastetxeen bi ordezkari
    Iñaki Artano.
    David Urtasun.
    Kirol Teknikaria:
Ixiar Olano Campos.
    Idazkaria:
Miren Agirrezabal.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!