Euro baten truke, ostegun iluntzetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 10:04

Joan zen urtarrilean hasita, ostegun iluntzetan pintxo-pote ekimena jarri dute abian Villabonako hainbat tabernarik. Ekimena, pixkanaka indartzen ari dela azaldu dute Iru Aldeta tabernako Amaia San Sebastian, Urrizpeko Maite Peguero eta O’babako Neide Mandúk.

Ostegun iluntzetan, 19:00etatik 21:00etara, –nahiz eta 21:30ak arte luzatzen den gehienetan–, euro baten truke, urteko ardoa edota zuritoarekin batera, pintxo bat dastatzeko aukera izaten da Larrea auzotik hasi eta Txermineraino bitartean, herriko hamasei tabernatan: Xaldu, Zentroa, Urrizpe, Or Konpon, Iratzar, O’baba, Rbote, Itzalpe, Shepperd’s, Txapeldun, Maxola, Uztargi, Arnasa, Xiker, Iru Aldeta eta Errekan, hain zuzen ere. Momentuz edarien artean aipatu bi aukerak eskaintzen dituzte eta jateko pintxoen artean, astez aste aldatu egiten dute eskaintza: pintxo beroak nahiz hotzak, aukeran. Elkarrizketatuek adierazi dutenez, “hasi berriak gara oraindik eta pixkanaka ekimena osatzen nahiz hobetzen joateko asmoa dugu, aukerak zabalduz”. Eta nondik abiapuntua? Bada, iazko urtean Rbote eta Sheeperd’s-eko tabernariek ekimena martxan jartzeko ideia proposatu zuten tabernarien artean, baina hasiera hartan ez zen aurrera atera. Gerora, iazko azaroan, Iru Aldeta taberna bere kabuz hasi zen pintxo-potearekin ostegunetan. Handik pixka batera, O’baba taberna animatu zen asteartetan eta gerora, Urrizpe eta Or Konpon ere gehitu egin zitzaizkien. “Bakoitza bere aldetik ibili beharrean, joan zen urtarrilean, herriko tabernari gehienok ostegun iluntzetan ekimen bateratua abian jartzea erabaki genuen”, azaldu dute.
Zalantzarik ez, Villabona taberna askoko herria da eta ekimenetik kanpo geratzea erabaki dutenak, sukalderik ez edota pintxoak eskaintzeko ohiturarik ez duten tabernak dira. Hiru elkarrizketatuak bat etorri dira pintxo-potearen ideiarekin abiatzerakoan, helburu nagusia herriko mugimendua piztea zela esatean, “astean zehar bereziki, –baina baita asteburuetan ere–, Villabona oso geldo dabil eta herriari bizi pixka bat emateko asmoz eman dugu pausoa”. Pintxo-pote ekimena Arrasaten sortu zela aipatu dute tabernariek, eta gerora, Gasteiz edota Donostia hiriburuetan sona handia hartu duela. “Besainen, esaterako, oso indartsu abiatu da ekimena eta Urnietan bertan jende asko erakartzen du. Guk ere jende ugari gerturatu eta herri giroa piztea lortu nahiko genuke Villabonan”.

Harrera beroa, momentuz
Oraindik hasiberriak izanagatik, orain artean ekimenak harrera ona izan duela aipatu dute hiruek. Astez aste, jende gehiago gerturatzen ari dela eta tabernariak gustura daudela: “hasieran mantso-mantso hasi baginen ere, pixkanaka jende gehiago biltzen da ostegun iluntzetan eta pozgarria da hori guretzat”. Esaterako, azken ostegunean ia 500 pintxo atera zituztela aipatu du Urrizpeko Maitek. Aurrera begira, ekimena indartzen joango den esperantza dute, bereziki udaberri eta uda iristearekin batera. “Neguan, hotzak ez du jendea kalera ateratzera animatzen eta gainera, krisi garaia nahiz erretzeko debekua gehituta, jaitsiera hori areagotu egin da azken hilabeteotan”.
Tabernariek herritarrak animatu nahi dituzte abian jarri duten ekimenean parte har dezaten, ondorengo arrazoiak argudiatuz; “astean behin behintzat lagunekin elkartzeko aitzakia polita da, euro baten truke, merke-merke, jan-edatekoa aukeran izanik. Ostegunetan behintzat, eguraldi txarrari aurpegi ona jarri beharko litzaioke, baita krisi garaia izanda ere”. Herritarrei bezala, inguruko herrietako bizilagunei ere parte hartzeko gonbitea luzatu diete: “herriko tabernak guztientzat irekita daude . Gu giroa jartzeaz arduratuko gara eta nahi duen oro etor dadila giro hori animatzera”. Gonbitea, beraz, egina dago.

Aurrera begira
Elkarrizketatuen ustez, hotza nahiz egoera ekonomikoarekin batera, bereziki, erretzearen debekuak eragin du jendea tabernetan biltzeko ohituraren beheraldian, “tabakoaren kontrako legea martxan jarri zutenetik, bezero askok utzi dio tabernara etortzeari. Debeku horrek izugarrizko kaltea eragin digu tabernarioi. Gaur egun, tabernetara baino errazago jotzen du jendeak elkarteetara, han erre daitekeelako”. Astean zeharrekoak bezala, asteburuko mugimenduak ere behera egin duela nabarmendu dute hiru elkarrizketatuek eta hori ez dela Villabonaren kasua soilik, beste herrietan ere gauza bera gertatu dela. Tabernariak, beraien aldetik, prest daude giroa suspertzeko neurriak jartzeko. Ez dute ideia faltarik, “baina momentuz, guztion artean pintxo-potearen gaia ondo txertatzea lortu nahi dugu. Behin lehen ekimena ondo bideratutakoan, etorriko dira eskaintza gehiago”, aurreratu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!