Doinu alai eta goxoen erritmopean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 09:53

Julen Aizpeolea eta Naiara Oronoz beasaindar dantzariak, Hutsunea Betez emakume taldeak antolatutako areto dantzen ikastaroko irakasleak dira. Ana Miguez, Rocio Huerta, Puy Lekunberri eta Geronimo Aizpeolea ikasleekin batera, saioen berri azaldu dute.

Duela lau urte ekin zion emakume taldeak dantza tailerrari. Aldakak mugituz ordutik?
Ikasleak:
Orain lau urte, sabel-dantza ikastaroarekin hasi ginen Gureako erakusgelan, baina ispilurik ez zegoenez, areto dantzengatik aldatzea erabaki genuen. Aurrez beste hainbat irakaslerekin aritu ondoren, aurtengo ikasturtean hasi gara Julen eta Naiararekin batera. Oso gustura gabiltza; taldean giro paregabea sortu da eta hainbat pauso ikastearekin batera, ederki pasatzen dugu gure artean. Egunerokotasuna ahaztu eta une atsegina igarotzeko asmoz etortzen gara ikastarora, terapia modukoa da.

Zer dio irakasleak?
Julen:
Gustura aritzen gara, bai. Areto dantzen modalitate ezberdinak lantzen ditugu: saltsa, txa-txa-txa, pasodoblea, merengea… Oinarrizko pausoak ondo ikasitakoan, koreografiei zailtasun gehiago eransten joango gara.

Zer nolakoa da taldeko dantzarion profila? Zenbat lagun biltzen zarete?
I.:
14 ikasle gara guztira. Oro har, jende gaztea ez da ikastarora animatzen. Agian areto dantzen izena serio samarra izan daiteke eurentzat eta ez ditu gehiegi erakartzen. Bestalde, emakumeak biltzen gara nagusiki eta ondorioz, emakume batzuk gizonen pausoak ikasten ditugu. Zaila da herri txikietan antzeko ekintzak topatzea eta kanpora joateko beharrik gabe, herritarrak animatzeko deia luzatzen dugu.
J.: Beasainen, esaterako, dantzarako ohitura errotuagoa dago eta ikastaroek erantzun hobea izaten dute. Agian denborarekin, Villabonan ere txertatuko da areto dantzekiko zaletasuna. Nire ustez, besteek zer esango ote duten beldurrez ez dira ausartzen batzuk pausoa ematera. Herritar guztiak animatuko nituzke egiten duguna ikustera etor daitezen eta proba dezaten.

Zein dantza motak du arrakastarik beroena ikastaroan?
I. eta J.: Saltsak, dudarik gabe. Dantza latinoa da, liberala, erromantikoa… Beste hainbat doinurekin ere dantza daitezke saltsaren pausoak.
Ikasturtearen amaieran dantza emanaldia eskaini ohi duzue. Zein asmo duzue aurtengorako?
I.:
Lehenengo emanaldia erakusgelan bertan eskaini genuen. Iaz, berriz, Gurea antzokian, Beasaingo emakume taldearekin batera. Egia esan, uste baino arrakasta hobea izan zuen, jende ugari gerturatu zen saioa ikustera. Aurten ere ikasturte amaieran zer edo zer antolatzeko asmoa badugu, baina erabakitzeke dago oraindik. Santio festetan emanaldiren bat eskaintzea ere polita litzateke. Momentuz, taldeko bazkariak egiten ditugunean, bazkaria, ondorengo dantza saioarekin lotuta etortzen da beti.

Zu Julen, oso gaztetxotatik zabiltza dantzari lotuta. Azalduko al diguzu zure ibilbidea?
J.:
13 urte nituela hasi nintzen dantzan. Besteak beste, Beasainen, Durangon edota Irunen aritu naiz ikasten, egunean ordu asko eskainiz; baita sei ere, Torremolinosko lehiaketa edota ETBko Dantzaki saioak prestatzen ari nintzenean. Villabona, Segura, Ordizia edota Beasainen ematen ditut dantza eskolak. Lehiaketetako modalitate ezberdinak lantzen ditut eta horiez gain, baita dantza gehiago ere. Egun ez dut lehia gehiegitan parte hartzen, baina Madril, Bartzelona edota Zaragozakoetan ibilia naiz. Lehiaketetako epaile izateko medaila bakarra falta zait.

Batukada ere bai
Apiriletik aurrera, dantza ikastaroaz gain, batukada ikastaroa ere abian jarri nahiko lukete emakume taldeko kideek herrian. Maxux Alvarez lehendakariak adierazi duenez, ikastaro berezia litzateke, “danbor eta perkusiozko bestelako musika tresnez gain, ahots, testu nahiz mugimenduetan oinarrituko litzateke; norberaren pultsuaz eta hotsez jabetu eta energia handia eskuratuko luke bakoitzak”. Hasiera batean, elkarteko kideei eskainiko liekete taldean parte hartzeko aukera, eta lekurik geratuko balitz, gainerako herritarrei gonbitea zabaltzeko asmoa dute.

Martxoko egitaraua
Hutsunea Betez taldeak, Villabonako Udalaren laguntzarekin, hainbat ekintza antolatu du martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira:
  • Martxoak 8, osteguna: Bilkura Berdura plazan, 20:00etan.
  • Martxoak 9, ostirala: Fibromialgiari buruzko hitzaldia udaletxeko balio anitzeko gelan, 17:00etan.
  • Martxoak 10, larunbata: 12:00etan, Berdura plazatik abiatuta, poteoa Mamiki emakume batukada taldearekin herriko kaleetan zehar. 14:30etan, batukada taldeak alaitutako bazkaria Olentzo jatetxean. Izena emateko edo informazio gehiagorako: 617983360 (Ana).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!