San Millan eskolak ehun urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 09:49

Irailean beteko dira ehun urte Zizurkilgo San Millan eskola zabaldu zenetik. Urteurren borobila ospatzeko ekitaldiak prestatzen hasiak  dira dagoeneko eskolako irakasleak, gurasoak eta ikasleak.

1912ko irailean inauguratu zuten Zizurkilgo San Millan eskola. Ordura arte, elizaren ondoko egoitza batean ematen zituzten eskolak, nola halako baldintzatan. Beharrak bultzatuta eraiki zuten eskola berria eta geroztik, bertan ikasi izan dute Zizurkilgo haurrek. Zizurkil Goikoek ez ezik, Elbarrenakoek eta inguruko zenbait herrietakoek ere San Millan eskolan jasotzen zuten hezkuntza zerbitzua.
Patxi Puerta, eskolako zuzendariak, eta Mintxa Agirre, ikasketa-buruak hartu dute hitza urteurrenaren inguruan: “Duela bi urte konturatu ginen eskolaren mendeurrena gertu zela. 1998an eskola berritu zenean, orduko irakasle eta ikasleek, eskolaren historia bildu eta lantxo bat egin zuten. Garai hartan bildutako dokumentu batean, eskola 1911n egina zela ageri zen. Gurasoekin gaiaren inguruan hitz egin genuen eta haietako bat udaletxera joan zen, informazio gehiago biltzera. Orduan jakin genuen eskola egiteko proiektua 1911n landu zela, baina eskola bera, 1912an inauguratu zutela. Beraz, aurten beteko da San Millan eskolaren mendeurrena”, azaldu dute.

Batzorde berezia, lanean
Mendeurreneko ospakizunak antolatzeko, batzorde berezia sortu zuten San Millan eskolako kideek. Hala azaldu du Patxi Puerta zuzendariak: “Lau kidez osatutako batzordea da; gurasoen izenean Lourdes Legarra eta Mamen Hilario, eskolaren izenean ni nerori eta Udalaren izenean, Leire Zubeldia zinegotziak osatutakoa. Oraindik lanean hasi berriak gara, baina dagoeneko ospakizunetarako ideia ezberdinak sortu dira eta pixkanaka, haiek gauzatzen hasiko gara datozen asteetan”.
Mendeurreneko ospakizunei astebete inguru eskaintzeko asmoa darabilte buruan San Millan eskolako kideek. “Batetik, eskolarekin harremana duten argazkien bilketa egiten hasiak gara dagoeneko eta erakusketaren bat antolatu nahi dugu. Bestetik, San Millan eskolaren irudia izango den logotipoa ere landu nahi dugu. Izan ere, gaur egun, eraikinaren atarian ez da inon ageri eskolaren izena. Eskolako ikasle ohi bati eskatuko diogu logotipo hori lan dezan. Horrez gain, haurrekin garai bateko jolasak lantzeko ideia ere sortu zen batzordean”, azaldu du Mintxa Agirrek.

Ekainaren 10ean, urteurreneko jaia
Astebeteko ospakizun egitarauak, ekainaren 10ean izango du amaiera, Intxaur pilotalekuan bazkari ederra eginez. Guraso, ikasle, irakasle, ikasle ohi..., guztiak bilduko dira mahaiaren bueltan, aspaldiko garaiak gogoratu eta elkarrekin mendeurrena ospatzeko. “Egun horretan, gainera, bildutako argazki zaharrak ikusteko aukera eskaini nahi dugu. Zimiterioan aurkeztuko den ikus-entzunezkoa egingo da argazki horiekin guztiekin”, jakinarazi dute.
Eskolako ikasleak, bestalde, dagoeneko hasiak dira urteurrenaren inguruko lehen lanak egiten. Hala azaldu du Mintxa Agirre irakasleak: “Urteko hezkuntza programaren barnean, testuen lanketa sartzen da. Ikasturteko lehen hiruhilekoan, elkarrizketa lantzea egokitzen zitzaigunez, eskolako ikasle ohiak elkarrizketatzea aukera paregabea iruditu zitzaigun. Nire ikasleen familiarteko batzuk hurbildu zaizkigu dagoeneko eta beste batzuk ere azaldu dute etortzeko asmoa. Haur helduxeagoen gelan, berriz, ikasle ohi talde bat hartzekoa dute, euren esperientzien berri jasotzeko”.

Irakasle ohia
Garai bateko eskolatako goiko solairuetan, irakasleentzako etxebizitzak izaten ziren. Halaxe izan zen San Millan eskolan ere. Elena Laiz irakaslea izan zen bertan bizitu zen azken irakasleetakoa. 1985eko udan iritsi zen Zizurkilera: “Nire amona eskola txiki bateko maistra izandakoa zen eta ikasketak amaitu nituenetik, argi nuen nik ere eskola txiki batean aritu nahi nuela. Bilbo, Ondarru eta Zornotzan aritu nintzen lehendabiziko lan urteetan eta 1985ean, Zizurkilgo San Millan eskolan aritzea lortu nuen. Aldaketa handia izan zen hura niretzat; herri txiki batera joan, euskara hutsean irakatsi, ikasleekin harreman estua egin... Oso oroitzapen politak gordetzen ditut garai hartaz. Gogoan ditut nire ikasle izandako guzti-guztiak. Haietako askorekin harremana izaten jarraitu dut gerora ere. Oso ikasle argiak eta goxoak izan nituen. Garai hartako Zizurkil ere oso polita zen; oso berdea, argitsua, naturari oso lotua”, gogoratu du.
Eskolan bertan bizitu zen Elena: “Bi ikasgela handi zeuden eskolaren beheko solairuan eta goialdean, bi etxebizitza. Haietako batean bizitu ginen senarra eta biok. Oso etxe hotza zen, baina gustura bizitu ginen. Bertan egin nituen bederatzi urte. Harreman zuzena nuen herriko jendearekin; bai haurren gurasoekin, baita gainerako herritarrekin ere. Haur gehienak baserrian bizi ziren eta nahiko maiz joaten ginen baserrietara, pasiatuz. Lurrarekin oso lotuta zeuden eta haien bizipenak ezagutzeko aukera eman zidan horrek. Nire irakasteko modua ere aldatu egin nuen. Asko ikasi nuen garai hartan”.
Bihotzean darama Elenak San Millan eskola. Ikasturtean zehar behin baino gehiagotan hurbiltzen da bertara eta urteurreneko ospakizunetan parte hartzeko asmoa ere badu: “Orain beste eginkizun batzuetan ari banaiz ere, San Millan eskolan nire lanpostua daukat oraindik. Asko aldatu da ni iritsi nintzenetik, baina nire eskola dela sentitzen dut eta mendeurrenean parte hartzeko asmoa dut”.

Testigantza politak
Urteurrenaren inguruan ikasle ohiek eskolara egindako bisitaldiak bideoz hartu dituzte San Millan eskolako kideek. Hala azaldu du Mintxa Agirre irakasleak: “Oso istorio politak jaso ditugu. Eskolara oinez nola etortzen ziren, mutilak eta neskak nola gela banatan egoten ziren, irakasleak nola bizi ziren eskolan bertan... Gure ikasleek garai hartako eskola nolakoa zen ezagutzeko aukera izan dute. Gauza askotan oso ezberdina zen gaur egungoarekin alderatuta, baina antzekotasunak ere bazituen; esaterako, adin ezberdinetako haurrak gela berdinean izatea”. Ekainaren 10eko festan, argazki zaharrekin batera, elkarrizketa horietako pasarte batzuk eskaintzeko aukera ere aurreikusten dute.

Bernardo Atxaga, ikasle
Zizurkildarrez gain, asteasuar asko eta asko ere San Millan eskolan ikasitakoak dira. “Joxe Irazu, Bernardo Atxaga idazlea bertan ibilitakoa zela banekien. Garai hartan Asteasun ez omen zegoen haientzako irakaslerik eta asko etorri ziren San Millan eskolara. Bizikletaz etortzen omen ziren Asteasutik. Mendeurrenaren inguruan hizketan aritu nintzen Bernardorekin eta bere esperientziaren berri emateko, eskolara etortzeko asmoa bazuela esan zidan. Abentura politak bizitzen omen zituzten eskolarako joan-etorrietan. Oraindik ez dugu guztiz lotu, baina posible da datozen hilabeteetan etortzea”, aurreratu du Mintxa Agirrek.
Elbarrena auzoko ikasleak ere San Millan eskolara etorri ziren 1958 urtera arte: “Egunean zortzi kilometroko ibilbidea egiten zuten oinez eskolara etortzeko eta egoera horri konponbidea emateko, Elbarrenan eskola berria egitea erabaki zuen Udalak. Gaur egun Jesusen Bihotza ikastolak erabiltzen duen eraikina izan zen Elbarrenako eskolaren egoitza. Duela hogeita hamar bat urte, berriz, eskola hura txiki geratu, eta Pedro Mari Otaño ikastetxea eraiki zuten”.

Etorkizunera begira
Etorkizunari begira jarrita daude San Millan eskolako kideak: “Azken urteotan ikasle kopurua txikitzen ari zaigu pixkanaka. 2000 urtearen inguruan izan genuen kopururik handiena, 56 ikaslerekin. Garai hartan etxebizitza asko eraiki zen herrian eta horrek, jaiotza tasaren igoera ekarri zuen. Haur haiek haziz joan dira, ordea, eta pixkanaka, eskolatik ateratzen ari dira. Momenturen batean toki arazo handiak izan genituen, baina arazo horiek atzean utzi ditugu dagoeneko. Ehun urte iraun duen eskolak beste ehun urte iraungo duelakoan gaude gu”, amaitu du Patxik. 

Deialdia
Norbaitek eskola garaiko argazkiak utzi nahi baditu, Zizurkilgo Aurrera plazako Udal bulegoetara edota San Millan eskolara jo dezake. Argibide gehiago: 943 693217 telefono zenbakira deituz edota 012042aa@hezkuntza.net helbidera idatziz. Argazkiak, momentuan bertan eskaneatu eta jabeari itzuliko zaizkio.
San Millan eskolaren inguruko testigantzaren bat eman nahi dutenek ere, bide bera jarrai dezakete.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!