Kanoidun armarria, eztabaidagai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 16a, 09:45

Hernandorena taldeko kideak Zizurkilgo armarriaren azterketan murgilduta dabiltza. Duela 500 urte atzera eginez, Belateko ihesaldiarekin dute lotura armarrian ageri diren hamabi kanoiek. Julian Arrastoa eta Eduardo Tormok eman dituzte azalpen zehatzagoak.

Kontaiguzue, zer adierazten dute armarriko hamabi kanoi horiek?
Julian
: Nafarroako konkistaren garaian kokatu behar da gaia, Belateko guduan, hain zuzen. Une hura guda moduan aipatzen den arren, dirudienez ez zen hainbesteko guda izan. Badirudi gipuzkoarrak Belatera iritsi zirenean, Nafarroaren alde ari ziren tropek zer eginik ez zutela ikusi eta hanka egin zutela, hamabi kanoiak bertan utzita. Oihartzun handia eman zitzaion gertaera hari gerora. Gipuzkoarren taldean, zizurkildarrak ere tartean egon zitezkeela pentsatzen dugu; gainerakoan, zergatik eskatu zuen edo eskaini zitzaion Zizurkilgo herriari bere armarrian hamabi kanoi haiek irudikatzea? Oso zaila da garai hartako sentimendu nahiz gertaeren berri jakitea, idatzirik ere apenas baitagoen. Garai hartan gipuzkoarrak Gaztelarekin batera ari ziren borrokan Nafarroaren kontra eta, ondorioz, armarriko kanoiek euskaldunen arteko gudua irudikatzen dute. Hernandorena taldeko kideoi ez zaigu egokia iruditzen gure herriko irudia euskaldunen arteko borroka batena izatea.
Eduardo: Armarria garai baten lekukoa dela uste dugu eta hori horrela da, historiaren zati baita. Gertaera historiko haren ondorioz daude kanoiak armarrian, baina zer eta zergatik gertatu zen aztertuz, garai triste eta beltz haren lekukoa mantentzeko prest ote gauden galdetu nahi diogu gure buruari nahiz herriari. Zizurkilekin batera, Gipuzkoako Aldundiak, Antzuolak eta Lizartzak jaso zuten hamabi kanoien irudia armarrian. Gipuzkoako Aldundiak eta Lizartza herriak orain urte batzuk kendu zituen kanoiak bere armarritik eta Antzuola ere bidean da. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den Zizurkilen…

Zizurkilgo armarriaren iragana, oraina eta etorkizuna erabakitzeko, prozesu parte hartzailea abian jartzekoak zarete, herritarrekin batera…
J.:
Hernandorena taldetik kanpo, Zizurkilgo armarriaren gaia aztertu eta landuko duen talde bat sortzeko asmoa dugu herrian. Hernandorena taldeko kideok ez dugu gaiaren inguruko erabakirik hartu nahi, herritarrei dagokien erabakia dela uste baitugu.
E.: Herriak parte hartzea eta herritarrak gaiaren garrantziaz jabetzea axola zaigu eta armarriaren gaia herritarrei planteatzeko egokia dela uste dugu, dagoenarekin ados al gauden jakiteko.
J.: Otsailaren 22an, arratsaldeko 19:30etan Atxulondo Kultur Etxean egingo dugu lehen bilera eta herritar guztiei bertara gerturatzeko gonbidapena luzatu nahi diegu. Dagoeneko Zizurkilgo Udaleko alderdi politiko ezberdinei ere gaiaren berri azaldu diegu, baina momentuz, ez dute interes handirik erakutsi.

Zein proposamen egiten duzue Hernandorena taldeko kideok?
J.:
Guztion artean, herria ondo ordezkatzen duela iruditzen zaigun lelo berri bat aukeratzea gustatuko litzaiguke guri, baina esan bezala, hori ez du Hernandorena taldeak erabakiko; herritarrek baizik.
E.: Obra historiko bat denez, gure asmoa ez litzateke Udaleko fatxadatik armarri zaharra kentzea, baina bai haren ofizialtasuna edo erabilpena aldatzea, egokiagoa izango den lelo berri batekin ordezkatuz.
J.: Ez dakigu noizbait gure armarrian kanoiak agertu izanaren zergatia ezagutzera iritsiko ote garen edota aurretik beste armarririk ba ote zegoen jakitera, baina saiakera horretan ari gara buru-belarri.
E.: Aurten, Nafarroako konkistaren 500. urteurreneko ekitaldi ugari antolatuko da. Gertaera gehienak 1512ko udan izan baziren ere, Belateko guda abenduan izan zen eta datorren abendurako, armarriaren inguruko erabakiren bat hartzeko bidea jartzea gustatuko litzaiguke. Bestalde, gaiaren inguruan gazte jendea ere erakarri nahiko genuke: ea armarrian gaiak interesa pizten dien.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!