Herri inguruko basoetan moztutako egurra, eskaera egiten duten herritarren artean banatzen dute. Hala azaldu du Iker Iturriotz zinegotziak: “Foru Aldundiak bere sailetan egurra bota edo entresaka egitekoa duenean, abisua pasatzen dio Adunako Udalari. Basoan berez erorita dauden zuhaitzak ere atera egiten dira sutarako aprobetxatzeko. Herritarren artean deialdia banatzen da eta su egurra eskuratzeko interesa azaltzen dutenek, izena ematen dute udaletxean”.
Izen-ematea, amaituta
Urtarrilaren 27an amaitu zen azken deialdi honetan izena emateko epea: “Aurrez ere beste deialdi bat egina genuen eta orduko hartan, hamabi pertsonak eskuratu zuen sutarako egurra. Azken deialdi honetan berriz, hamasei izan dira interesa azaldu duten herritarrak”. Interesatuen kopurua ezagututa, basoan botatako egurra piletan banatzen dute: “Botatako egurra hamasei pila edo lotetan banatuko da, guztiak ere ahalik eta tamaina berdintsuenekoak. Ondoren, zozketa bidez erabakitzen da bakoitzari zein lote dagokion”, azaldu du Ikerrek.
Garraioa, norbere esku
Doan eskuratzen dute egurra adunarrek. “Zozketa egin ondoren, norberak arduratu behar du basora joan eta egokitu zaion egur-pila txukun bildu eta etxera eramateaz. Garraioa da kostu nagusia; gainerantzean, herritarrak ez du egurra eskuratzeagatik ezer ordaindu beharrik”.
Sutarako egurra banatzeko modu honekin, betidaniko ohiturari jarraipena eman diote Adunan. Hala azaldu du Iker Iturriotz zinegotziak: “Adunan betidanik ezagutu dugu ohitura hau. Hala ere, aldaketaren bat edo beste egin da azken urteotan. Garai batean, esaterako, eskaeraren araberako egur-mozketak egiten ziren. Jendeak eskatu ahala, basora joan eta egurra botatzen zen. Gaur egun berriz, berez mozketa egin behar denean zabaltzen da deialdia. Basoetako entresakak izaten dira ohikoenak, baina basoan bertan erorita dauden zuhaitzak ere aprobetxatzen dira. Normalean urtero egiten da deialdiren bat eta aurten, bi ere izan dira”.
Zozketa, laster
Datozen asteetan egingo da egur loteen zozketa. “Egurra dagoeneko botata dago. Orain, loteak behar bezala prestatu eta zozketarako deialdia zabaltzea izango dira hurrengo pausoak. Eguraldia hobetu zain gaude mendira joan eta loteak osatu ahal izateko. Lan horiek amaituta, zozketa egin eta egurra etxeratzeko moduan izango dira herritarrak”.
Neguaren amaiera iritsi baino lehen, nahikoa egur etxeratuko dute izena emandako adunarrek. “Kilotan ez dakit zehazki zenbat izaten den, baina lote bakoitzean bi traktoreka egur izaten da, gutxi gorabehera”.