Euskal Herriko historia ezagutzeko hitzaldi sorta, Bai Euskal Herriaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 15a, 11:21

Tolosaldeko Bai Euskal Herriari taldeak, Nafarroa Bizirik (1512-2012) taldearekin batera, Euskal Herriko historia ezagutzeko hitzaldi sorta jarri du abian, "Bere historia ezagutzen ez duen herriak ez du etorkizunik herri bezala" lelopean. Atzo iluntzean Amasa-Villabonako Aljibean egin zuten aurkezpena, antolatzaileez gain, besteak beste, Villabonako Udaleko Nora Urbizu zinegotzia nahiz Adunako Josu Amilibia alkatea ere bertan zirela. Hitzaldi sortan zehar, Historiaurrea, Erdi Aroa, Nafarroako konkista, Amaiur, Matxinadak, Karlistadak, Gerra Zibila eta Frankismoa nahiz Trantsizioa landuko dira, besteak beste. Martxoko astelehenetan lau hitzaldi eskainiko dituzte lau historia adituk, Tolosako Kultur Etxean, 19:00etatik 21:00etara. Jarraian saio bakoitzaren nondik norakoa eta izena emateko eman beharreko pausoak:

Saioak:

Martxoak 5, astelehena: ‘Historiaurrea Euskal Herrian'. Alvaro Arrizabalaga (Historiako doktore EHUn)

Euskal Herriko historiaurrea kontuan izanik, gure lur esparruaren azalera bereziki oparoa da. Azken ehun urteetan zehar aztertuta, egun kronologia guztietako ezarmenduak ezagutzen ditugu lurralde gehienetan.

Aurkezpen labur honetan, kronologia desberdinetan zehar ibilbide historikoa jarraituko dugu, gizarteetan ematen diren eraldaketa kritikoak azpimarratuz.

Martxoak 12, astelehena: ‘Orreagatik Amaiurrera, Nafarroako konkista'. Patxi Abasolo (Nafarroa Bizirik elkartea)

Orreagako bigarren batailan, 824an, armada frankoaren azken saioa suntsitu eta Aritzarrek, Enekoren gidaritzapean, erabateko nagusitasuna lortu zuten Iruñeako lurralde independentean. Horrela ezarri ziren entitate politiko berri baten oinarriak, monarkiarenak.

Hitzaldian Nafarroako Erresumaren bilakaera aztertuko dugu, eta mendeetan pairatu behar izan zuen konkista prozesu luzean sakondu. 1512ko inbasio militarra Konkista horren azken atala besterik ez zen izan.

Martxoak 19, astelehena: ‘Matxinadak, Karlistadak, Gerra Zibila eta Trantsizioa'. Iñaki Egaña (Historialaria eta idazlea)

Euskal Herriko historian ahaztu gabe ditugun orain gutxiko pasarteen bilakaera aztertuko du Iñaki Egañak. Behin Nafarroako konkista igarotakoan izan ziren Matxinadetatik hasi, Karlistadak gogoratu eta azkenik Gerra Zibila eta Frankismoaren bilakaera errepasatuko dugu.

Zaharrenek gogoan izango dutena, baina gazteei gertutasunean urrun geratzen zaien garai ezezagun bezain bortitza.

Martxoak 26, astelehena: ‘Trantsizioa Euskal Herrian'. Fito Rodriguez (EHUko irakaslea eta idazlea)

Franco jeneral kolpista hil ondoren berak sustatutako erregimen politikoaren moldapen politikoa izan zen Trantsizioa deritzanaren deskribapena egiteaz gain, garai horri buruzko hausnarketa egingo du Fito Rodriguezek.

Amnistiaren aldarrikapenak, adibidez, aipatu erregimenak berak irauteko balio izan ote zuen? Txibertaren porrotak Euskal Herrirako irtenbide politikoa ere galarazi al zuen? AEBtako inteligentzia zerbitzuek baldintzatu al zuten Trantsizioa delako hura? Nola? Hitzaldi honetan, lekukotasun nahiz kontakizun historikoaz harago, goian adierazitako kezkak argitzen saiatuko da hizlaria.

*Hitzaldi guztiak: Tolosako Kultur Etxean, 19:00etatik 21:00etara.

 

Izen-ematea:

-Langileak 20 euro. Ikasle / langabetuak 8 euro.

-Etxetik izena emateko: tolosaldea@baieuskalherriari.org / 652 715 800. Kontu-korronte zenbakia: 3035 0060 44 0600137003 (Laborala).

-Laguntza bonoak salgai: Tolosan: Rakun, Villabonan: Iru-Aldetan, Ibarran: Subegin.

 

www.baieuskalherriari.org/historia

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!