Hamazazpi lurralde ezberdinetako ikasleak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 9a, 12:41

Orain hamar urte gure ikastetxean ikasle atzerritarrak izatea fenomeno arraroa zen, baina orain globalizazioaren gizartean ikasle atzerritarrak izatea ohiko bihurtu da.

Andoainen hiru ikastetxe daude eta ikastetxe horien  artean gure ikastetxeak ditu ikasle etorkin gehien”. Leizaran ikastetxeko Josebe Amondarain eta Josune Iñarraren baieztapen hori datuetan argiro ikus daiteke, “bertako ikasleez gain, hamazazpi lurralde ezberdinetako ikasleak ditugu. Batzuk aipatzearren afrikarrak, argentinarrak, errumaniarrak, pakistandarrak, poloniarrak, txinatarrak, zelanda Berrikoak,...”.
Zenbaki hotzei erreparatuta, ikasleen %22a etorkina da.

KULTURARTEKOTASUN JARDUNALDIAK
Leizaran ikastetxeak Kulturartekotasun jardunaldien harira emandako datuak dira. Ikastetxera etorkinen errealitate berri horrek ekar ditzakeen arazoak eta gatazkak saihesten arduratzeaz gain, lehenik eta behin, kultur aniztasun horrek ekar diezazkiekeen  aberastasuna aprobetxatzen saiatzen ari dira.
Horren harira, Eguberrien atarian ikastetxe horretan festa berezia egin zuten. Hasteko, arrazakeria eta xenofobiaren aurkako manifestua irakurri zuten bertako zein kanpotik etorritako hainbat ikaslek. Euskaraz zein gaztelaniaz irakurri ondoren, ikastetxearen atarian “bakerako, garapenerako eta arrazismorik gabeko eskola” dela adierazten duen plaka jarri zuten Aitziber Ugartemendia eta Miren Agirreurreta Udal ordezkariak bertan zirelarik.
Manifestua irakurri eta plaka ipini ondoren, gastronomia festari hasiera eman zioten. Ikastetxeko areto nagusia  lurralde ezberdinetako pertsonaiekin apainduta zegoela, herrialde ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera izan zuten. Hirurogei plater desberdin: gozamena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!