Tolosa, laugarrenez Ontzako lehendakari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 9a, 12:37

Aurrezki kutxa batean jendeaurreko langilea izateagatik ez ezik, herriko makina bat saltsatan murgilduta dabilelako ezaguna da Joxe Mari Tolosa Goenaga (Andoain, 1953).
Ontza elkartea, ehiza, odol emaileak… Hori bai, aitortzen du Gema Eizagirre emaztearen laguntza eta pazientziagatik ez balitz, ezer gutxi egingo zukeela.

Elkarrizketa:

Zu baserritarra zara, askok ez badakite ere…
Joxe Mari Tolosa. Ni Buruntza auzoko Kamio Txiki baserrian jaio nintzen. Sei senidetatik  mutil bakarra naiz. Baserrian jaio eta bertan bizi naiz. Noski, baserriak ez dauka ganadurik orain, baina baratzea gobernatzen jarraitzen dut.  

Zein ibilibide egin zenuen banketxeko langilea izan bitartean?
J.M.T. La Sallen delineazioa ikasi nuen. Ikasketak amaitu eta Laborden egin nuen lan, soldaduska heldu zitzaidan arte. Handik Ergobiako lantegi batean hiru urte egin, eta Kutxan sartu nintzen, oposaketak gainditu ondoren. Amabirjina azaldu zitzaidala iruditzen zait. Andoaingo sukurtsalean 21 urte egitera noa.

Banketxe batean, herrian bertan, jendaurreko zereginetan… Zer moduz daramazu hori guztia?
J.M.T. Nahiko ondo. Egia da lankide askok ez dutela euren herrian lan egin nahi izaten, horrek dakarren konpromisoagatik. Egia esan, bere alde onak dauzka, eta baita bere alde ez hain onak ere! Esate baterako, kutxazainak txartela irentsi diela esanez asteburuetan deitu izan didate.
Kalera atera eta hamar pertsonekin topo eginez gero, bederatzik agur esango dizute; batetik poztekoa da jendeak estimatzen zaituen seinale delako. Baina bestetik, pixka bat nekagarria ere bada.

Zugana bezero ugari etorriko zaizu, hau edo beste mesedez eskatzera, edo kexatzera…
J.M.T. Bai, baina konfiantza hori ziurrena izan liteke ni herriko ezaguna naizelako, eta batik bat, Andoainen denbora gehiena daraman langilea naizelako.  
Bestalde, bezeroak kexuekin gugana etortzea normala da. Ni haien tokian jarri, eta aurrean harrapatuko nukeen langile horri berdin-berdin azalduko nioke kexua edo haserrea. Lanpostuaren baitan kokatuko nuke hori.

Ontza elkartean lehendakari izendatu zaituzte orain gutxi.
J.M.T. Bai, baina horrek ez dauka misterio handiegirik: Ontzak 130 bazkide ditu, eta horietatik ehun hamarnakako taldetan sailkatuta gaude, egokitzen zaigunean zuzendaritza batzordea hartzeko. Gure taldearen txanda etorri da oraingoan, eta ni hautatu naute lehendakaritzarako.
Laugarren aldia da lehendakaria naizela Ontzan. 1981ean egin nintzen bazkide, eta 1985ean bolondres gisa aurkeztu nintzen beste zenbait lagunekin, zuzendaritzarako; pozgarria bezain gogorra izan zen bi agintaldiko garai hura (1985-1989). Geroztik, 2002an ere izan nintzen.

Nolakoak izan ziren, bada, 80ko hamarkadako urte haiek?
J.M.T. Gazteak ginen eta ezjakintasuna bezainbat, indarra eta ilusioa eduki genuen. Oso lan talde eraginkorra izan zen gurea, eta esaterako, Euskadiko Itzuliaren etapa bat antolatu genuen, eta gaur egun hainbesteko arrakasta daukaten danborrada eta kaldereroak sortzea lortu genuen, Felix Martinez de Lezeak egin zuen lanari esker, batik bat.
Aldi berean, urte haietan hasi nintzen mus txapelketarekin eta ehiztarien sailarekin, eta horiekin segitzen dut.

Mus txapelketari buruz, zer esan dezakezu?
J.M.T. Tradizio handiko txapelketa da, edonorentzat irekia. Antolaketa Joxe Mari Erkizia bazkideak zeraman aspaldiko urteetan, eta 1985az geroztik ni beraren laguntzaile bihurtu nintzen. Aurreko asteburuan hil da gizona, hain justu. Gizon onbera, langile porrokatua, beti mesedeak egiteko prest zegoena… Joxe Marik oroitzapen onak besterik ezin ditu eragin ezagutu zutenengan. Era berean, gogoratzen naiz, esate batera, Joxe Manuel –bere anaia- eta biak nola iritsi ziren museko finalera, eta zenbateko ilusioarekin jokatu zuten...

Ontza elkarteko ehiza sailak ere badu bere tradizioa…
J.M.T. Bazkide ugari ditu, eta iaz, esaterako, Pako Llamas eta Jon Urkaregi bazkideak Gipuzkoako txapeldun geratu ziren. Urte askotan bideratu dut sail hori, baina Pedro Elustondo da orain bere arduraduna. Hiru txapelketa antolatzen dira urtean zehar: ehitza txikia zakurrarekin Usabelartzan, galeper tiraketa Pagamendin eta plater tiraketa Buruntzako harrobian.
Bestalde, Ontzak ehiza denboraldian (abuztuaren 15etik azoroaren azkenera arte) postuak kudeatzen ditu. Ilunabarrero Berrozpeko patioan zozketa egiten da Belkoain, Buruntza eta Pagamendiko postuetarako. Zenbait egunetan 140 bat ehiztari azaltzen da!

Gazteen artean ba al dator ehizarako zaletasuna?
J.M.T. Arrantzarako joera gehiago ikusten da azken urteetan; erosoagoa egiten zaielako alde guztietik begiratuta. Joseba Barandiaran bazkideak zuzentzen duen arrantzaleen sailean zenbat gazte dabilen ikusi besterik ez dago.

Ehiza asko aldatu al da azken urteetan?
J.M.T. Egundoko eboluzioa eman da, eta datu bat emango dizut: nik 18 urte nituenean, Buruntza aldean denok geneukan eskopeta; orain, berriz, bakarren batek baino ez.
Zaletasuna bizitzeko moduan ere asko aldatu dira gauzak. Zakurrak hartu eta mendian hara eta hona, ibili eta ibili zaleak izan gara gu beti. Oilagorrarik harrapatuz gero, pozik etxera; baina hutsik itzulita ere, berdin gozatu dugu, mendian ibili eta ariketa fisikoa egiteko aukera eduki, eta gainera zakurrak ere gustura ibili direlako.
Salbuespenak badaude, baina oraingo gazteak ikusten ditut nahiago dutela ehiza postura 4x4an hurbildu, eta hantxe,  egonean egotea.
Hori bai, tiratzaile bezala, gu baino gehiago dira; izan ere, orain entrenatzera ere joan daiteke tiro zelaietara.

Kilometroak 90eko batzordekide izan zinen. Aholkurik emango al zenieke oraingoei?
J.M.T. Jende gaztea, langilea, ideia berritzaileekin ikusten dut oraingo batzordean; gainera, gu baino askoz ere lehenago hasi dira lanean. Hortaz, zer esango diet ez dakitenik!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!