Piano jaialdiaren zazpigarren edizioa, asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 3a, 13:09

Larunbat eta igande honetan Basteroko auditoriotik eta ekitaldi aretotik ehunka piano jotzaile igaroko da. Zazpigarren edizioa da, eta dagoeneko Euskal Heriko musika eskola askoren buruan dagoen jaialdia da. Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako 52 herritatik 889 pianojotzaile gerturatuko da Andoainera.

Denek ere ikasturtearen atal bat emanaldi hau prestatzeko lanetan igaro dute. Haurren kirol olinpiaden pareko hitzordua da Andoaingoa gazte musikarientzat, bi edota lau eskutara pieza bat eskaini eta eskainitako mailaren arabera sari bat edo beste eskuratuz.  
Ikusleentzat ere ikusgarria da, dohainik gainera. Beraz, pianoaren inguruko jaian murgiltzeko arrazoirik ez da faltako.
Partaide bakoitzak banaka edo binaka antolatzaileak eskura jarritako piezen aukeraketa egin behar du. Antolatzaileek aurreratutakoaren arabera, aurtengo edizioan 300 musika pieza ezberdin entzun ahal izango dira. Francisco Eskudero pianojotzaile zarauztar ezaguna gogoan izango dute aurtengo edizioan, hura jaio zela ehun urte bete direnean.
Antolatzaileek Udalaren ekarpena eskertu zuten aurkezpenean eta baita, modu berezian, bolondres lanetan asteburu osoan aritzen diren ikasle ohi eta herritarrena. Jaialdia behar bezala antolatzeko ezinbesteko dira.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!