Azpikola hizpide, mahai-ingurua Urigainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 3a, 12:59

Azpikolako harrobiaren inguruan azken urteetan jazo diren gertakizunak gai hartuta jardun ziren Fidel Sanchez abokatua, Joxean Barandiaran bizilaguna eta Ana Carrere Andoaingo alkatea joan den ostegunean Urigain Kultur Etxean.

Kronika:

Ordu eta erdiko mahai-ingurua nahiko argigarria gertatu zen hurbildu zen entzule ugarirentzat; izan ere, ulertzen oso errazak ez diren lege xehetasunak nahiz teknikoak bere baitan biltzen dituen gertaera da.

Herri plataformak izendatutako abokatu Fidel Sanchezek gertakizunen kronologia egin zuen lehenengo eta behin, eta aldi berean, emandako pauso bakoitzeko aurreko Udal agintariek ustez egin zituzten irregulartasunak aipatu zituen.

2011ko apirilean Udalak Azpikola 2004 SL enpresari obren lizentzia eman zion. Enpresak aurkeztu zituen agirietan, ustiakuntza AHTaren lagungarri izateaz gain, bigarren fase batean harrobia leherketen bidez handitzeko asmoa azaldu zuen. Sanchezek adierazi zuenez, ordea, legeen arabera obren lizentziaren aurretik jardueraren lizentzia eduki behar da.  

2011ko ekainean abiatu zen agintaldi berrian, Udal batzar berriak EAJ eta Bilduren botoekin ebazpen berri bat onartu zen enpresari ustiaketa ukatuz; plataformak proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztearekin batera, herrian informazioa zabaltzeari ekin zion.

Josean Barandiaranek azpimarratu zuenez, historikoki, Andoaingo Udal batzarren asmoa Azpikolako lurzorua Andoaingo herriarentzat berreskuratzea izan da beti, bere baitan gordetzen duen balio paisajistikoa nahiz ekologikoa kontuan hartuta. Era horretan, bidea itxi nahi izan zitzaion edozein industria nahiz hirigintza jarduerari. Datu argigarria gaineratu zuen: Udal arkitektoen, ingurugiroko teknikarien nahiz administrazio teknikarien txostenak Azpikolako harrobia irekitzearen aurkakoak izan dira beti. Era horretan, aurreko Udal gobernu taldeak ezkutuko interesak bultatzatuta jokatu zuen susmoa agertu zuen.
Ana Carrere alkateak, bere aldetik, berak eta bere alderdiak Udal agintea hartu zutenetik, irregulartasun ugari pilatzen ari zela adierazi zuen. Azpikola 2004 SL enpresari garbi esan zioten jarduera lizentziarik gabe ezin zuela Azpikolan lanik egin. Baina hori ohartarazita ere, makinaria sartuta lanean hasi ziren. Carrerek Udalak ordutik emandako pausoen azalpena egin zuen.

EPAITEGIETAN ARGITUKO DA
2010etik hona Azpikolaren inguruan gertatu dena ulertzeko arrazoi nagusia hauxe litzateke: Abiadura Handiko Trenaren obratan lagungarri izateko aitzakiarekin, harrobia berriro ireki, ustiatu, handitu eta biharko egunean industriguna eraikitzeko nahia. Luzarora begirako operazio horrek, bultzatzaileei dirutza eragingo lieke.
Auzia epaitegietan dago gaur egun, eta beharbada urteak beharko dira behin betiko erabakia jasotzeko. Fidel Sanchez abokatuaren ustean Azpikola berriro ireki nahi dutenek ez dute batere erraza izango. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!