Dozena erdi ikerketa egitasmo aurkeztu dira lehenengo deialdi honetara eta epaimahaiak Patziku Perurenarena hautatu du, "Unaia galdu eta Artzaia ugaldu (1780-1810)" izenburuko egitasmoa, hain zuzen ere, proposatu duen ikerkizunaren jatortasunagatik, bere baitako erronkagatik, agirien iturri historiografikoak aberastuko dituen ereduzko landa-lana izateagatik eta, azkenik, egileak gisako lanetan duen eskarmentu handiagatik. Izan ere, Perurenak besteak beste Nafarroako Baztan aldeko eta Gipuzkoako Beterriko Udaletako agiriak aztertuz honako tesia frogatu nahi du: aipatu eskualdeetan eta haien arteko harreman-gune zen Leitzalarrean nagusi zela Erdi Aroaz geroztik eta XVIII menderaino behi-taldeekiko unaien abeltzaintza jarduera eta horien sarobeetarako joan-etorriarena, eta ez euskal gizarteko iruditerian hain erroturiko artzaintzaren irudia, beti ere unaien jarduera ekonomikoa aipatu sarobeen kudeaketa eta errealitateari lotuz. Perurenaren hitzetan bere ikerlanaren bidez azaldu nahi du "eskualde honetan burdinolen gainbeherarekin bateratsu Amerikatik ekarritako artoak eragindako artalur/baserri sistema berria indartu ahalean nola agortu zen Erdi Arotik zetorren behi/unai/sarobe sistema zaharra, eta nekazal sistema berri honen ondorio eta hedapen gisara gailendu zela gero ardi/artzai/ardiborda sistema, maila bajuagoko bordari/maizter jendeen artean".
Aski ezaguna da Patziku Perurenaren sorkuntza euskal literaturazaleentzat, olerkia, narrazioa, kazetaritza, baina, batez ere, literatura saiakera landu baitu, eta Manuel Larramendi Saria jaso dituen sarien zerrenda luzean azkena baizik ez da.
Saria otsailaren 8an
Saria otsailaren 8an, asteazkenarekin, jasoko du Andoainen Patziku Perurenak, iluntzeko zazpietan Arantzibia plazako Larramendi Bazkunaren egoitza berrian. Saria 6.000 € garbikoa da, hots, horri zergak gehituko zaizkio, eta ikerlana hasi ahal izateko orain abenduaren 30ean agindutako %80ko ordainketa jasoko du goizuetarrak. 2012ko irailaren hasieran jarri beharko du epaimahaiaren esku bere ikerketa eta, jarraian, epaimahaiak zein euskarritan argitara eman erabakiko du.
Nolanahi ere, atzerapen berririk ez bada, aurtengo abenduan argia ikusi beharko luke saritutako lanak. Orduan egingo du ere MLKB-k ikerketa sariaren deialdi berria, hori bai, une honetan antolakuntza eta dirubide mailatan bizi duen egoera zailak ez badu galarazten.