Elurteetarako jarduera protokoloa indarrean jarri du Urnietako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 2a, 15:18

Urnietako Udalak larrialdi mahaia lanean jarri du elurra gogotik ari duelako herrian eta inguruetan. Aurreikuspenen arabera, denborale honek igandera arte ez du atsedenik emango. Ordura arte, beraz, Udala alerta egoeran mantenduko da beharrezkoak diren esku-hartzeak koordinatzeko.

Hainbat ohar garrantzitsu:

Udaleko brigada lanean ari da dagoeneko. Udal langileak gatza botatzen aritu dira eta ari dira espaloi eta errepideetan bildutako elurra desegin dadin. Lan horrekin jarraituko dute beharra dagoen  bitartean. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundia ere zeregin horretan ari da, alegia, gatza botatzen ari da errepideetan, ahal den neurrian, elurteak eragin ditzaken kalteak eta istripuak saihesteko.

Edonola ere, Udalak herritarrei gomendatzen die ez hartzeko ibilgailurik eta beste erremediorik ezean, garraio publikoaren aldeko aukera egiteko, egoera bere onera bueltatu artean.

Izan ere,  Urnietaren orografia dela eta, lurraldeko beste hainbat tokitan bezala, modu nahikoa bortitzean eragin dezake elurteak. Horregatik, Udalak adi egoteko eskatzen du eta behar diren neurriak hartzeko. Esate baterako, oinetako egokiak erabiltzeko eta nola ez, neguko arropa.

Larrialdi mahaia printzipioz ez da etengo datorren igandera arte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!