Kontaiguzu nola sortu zitzaizuen Saturrarango kartzelaren inguruko ikerketa lana egiteko aukera/ideia…
Taldean eginiko lana da, Euskal Kriminologia Institutuak bultzatuta eta Emakundek diruz lagunduta. Pako Etxeberria forentseak Martuteneko kartzelara egin zuen bisita batean, gela ilun eta heze batean, Saturrarango kartzelan preso egon ziren emakumeen espediente gehienak pilatuta topatu zituen. Orduan, memoria historikoaren inguruan zer edo zer egin nahian genbiltzan eta espediente horien ezohiko azterketa egitea proposatu genuen, diziplina anitzeko taldeen artekoa, Pako Etxeberriak eta Jose Luis de la Cuesta Kriminologia Institutuko zuzendariak zuzenduta. Zuzenbidean aritutako batzuek, –tartean doktoreak–, zuzenbide arloko hainbat kriminologok, psikologia nahiz soziologia saileko kideek eta, neronek,–historialari moduan–, hartu dugu lanean parte. Ez da ohiko lan historikoa, ikuspegi ezberdinetatik abiatu baikara.
Nola bideratu duzue liburua osatzeko dokumentazio lana?
Lehenik eta behin, iturrien bilaketa egin genuen eta horretarako bake epaitegietara edota artxiboetara jo genuen. Garaiko prentsa, kode zibila eta penala edota Mutrikuko erregistro zibila ere arakatu genituen eta espetxean preso egon ziren emakumeei elkarrizketa pertsonalak egin genizkien. Horrez gain, erreminta informatikoa sortu genuen; aurkitutako espedienteen datuak bertan txertatzeko: kartzelako sarrera eta irteera, sententzia, zigorra, gaixotasunak, lanbidea, seme-alabarik bazuten eta eurekin bizi ote ziren, euren jatorrizko probintzia, beste kartzelaren batetik pasatu ote ziren aurrez… Datu horiek bildu ondoren, ondorio bateratuak ateratzeko aukera izan dugu. Bitarte horretan, espedienteak Oñatiko artxibo probintzialera eraman zituzten eta bi pertsona ibili ziren Oñatira joan-etorrian, datu bilketa hori egiteko. Ikerketak iraun zuen artean, 600 espediente pasatxo arakatzea lortu genuen. Kopuru potoloa dirudien arren, beste 1000 baino gehiago geratu zen aztertzeke. Soziologoek diotenez, aztertutako kopurua nahikoa eta soberan da estatistikak ateratzeko, baina giza mailan guztiak aztertzea egokiagoa litzateke. Ea berriz ekiteko aukerarik badugun aurrerago.
Nire lana hurbilpen historikoa egitea izan da: hura zergatik gertatu zen aztertzea. Ez da normala halako seminario batean, mojen zaintzapean, emakume eta haurren artean 1500 pertsona egotea. Espainiako emakumeek, Gerra garaian izan zuten errepresio berezia aztertu genuen: zein delitu leporatzen zieten, nolakoak ziren emakumeen kartzelak… Azterketa horren baitan konturatu ginen Saturrarangoa ez zela ezer berezia izan, sare handi haren beste puska bat besterik ez.
Noiztik eta zenbat denboraz egon zen zabalik Saturrarango kartzela? Nongo emakumeak biltzen ziren bertan?
1938 urtetik 1944 urtera. Ordura arte, Espainiako historia guztian ez zen sekula hainbeste emakumerik preso egon. Kopuru hura gobernuarentzat arriskutsua zela ikusi zutenean itxi zuten.
Oro har, emakume euskaldunei zuzendutako presondegia zela uste da, baina, batik bat, Asturias, Madril, Santander, Badajoz eta Leongo emakumeak egon ziren preso bertan. Emakume gipuzkoarrak ez ziren %1era iritsi eta bizkaitarrak %5 inguru izan ziren. Nafar eta arabarrak, berriz, apenas.
Mojek kudeatu zuten kartzela hura, baina nor izan zen sortzailea?
Kartzelen beharra zegoen orduan eta edozein leku bihurtzen zuten espetxe: berdin zinema, eskola edota zezen plaza. Mutriku eta Ondarroa artean, Saturraranen, bazegoen luxuzko hotel bezala funtzionatu zuen eraikin multzo bat. Familia dirudunak biltzen ziren inguru hartan. Eraikin nagusia hotel handi bat zen eta, ondoan, maila baxuagoko hotelak zeuden. Mende hasieran gainbehera izan zuen gune horrek eta jabeek gotzaindegiari oparitu zioten. Apaizgaiek oporrak igarotzeko seminario modukoa egin zuen bertan. Gerra Zibila hasi zenean, berriz, euskal ejertzitoaren kuartel jeneral bihurtu zen. Baina gerrak gutxi iraun zuen inguru hartan, 1937an atera ziren handik gudariak eta, geroztik, Espainiako gobernuak kartzela bihurtu zuen. Gero errepublika garaian moja guztiak kartzeletatik kanporatu zituzten, baina lege batek bueltatzea baimentzen zien eta estatuarentzat oso egokia zen bertan mojak egotea, eskulan merkea baitzen. Mojentzat ere egokia zen, erredimitzeko prest masa handia baitzegoen: bientzat negozio ona zen, beraz.
Zein emakume egon zen bertan preso: errepublikarrak? Errepublikar senarren emazteak? Zenbat denboraz edukitzen zituzten kartzelan?
Bi emakume preso mota biltzen zen bertan. Batetik, garai hartan delituren bat egin zutenak: errepublikazaleak, anarkistak, komunistak, feministak edota abertzaleak… Bestalde, beste delitu mota bat ondoan egotea zen: errepublikar ezagun baten ama, alaba, emaztea edo arreba izatea. Sententzia gehienak matxinadarekin lotutakoak ziren.
Urte kopuru ezberdinak igarotzen zituzten. %26ak 30 urteko sententzia zuen eta %34ak 12 urtekoa. Gehienek ez zuten zigor osoa betetzen: batzuei indultua ematen zien eta beste batzuek hainbat enpresentzat lan eginez lortzen zuten urteak gutxitzea. Gizonen espetxeetan kanpoko lanak egiten ziren bezala (errepideak, ubideak…), emakumeenetan barruko lanak egiten ziren ia beti: batzuek kondekorazio medailak egiten zituzten.
Zein tratu jasotzen zuten emakume haiek?
Publikoak egiten ziren zigorren artean, ilea moztu eta desfilatzera aterarazi edota rizino-olioa edanarazten zien, beldur zitezen. Frankismoak emakumearentzat zeukan papera, ama, senarraren zaintzailea, seme-alaben hezitzailea edota etxearen erregina izatea zen eta orden horren kontra zeudenak ez zituzten emakumetzat hartzen. Ilea moztea feminitatearen ikurra kentzea zen. Gainera, kasu batzuetan, bi metxoi uzten zizkieten, adarrak bailiran: komunista gorriak eta infernua-deabrua lotura egiteko. Bortxaketen inguruan ere luze hitz egin daiteke, gerrako tresna baitzen bortxaketa eta Gerra Zibila ez zen salbuespena izan. Hala ere, oso testigantza gutxi dago gai horren inguruan. Lotsatuta-edo, gorde egin baitute hura bizitu zutenek: inork gutxik kontatu du ezer, eta zerbait kontatzekotan, beti beste bati gertatu zitzaionaz aritu dira. Guk dakigula, ez zen fusilaketa kasurik izan Saturraranen.
Bestalde, emakume batzuek kartzelan bertan eduki zituzten haurrak edota etxean zituztenak ekarri zituzten albora. 3 urte bete arte eduki zitzaketen umeak eurekin. Adin hori betetakoan, libre geratzen zen kideren bati eman edo senitartekoren bat bilatzen zuten. Beste batzuetan, Ondarroa eta Mutrikuko familiaren batzuek zaintzen zituzten. Kasu batzuetan, ama kartzelatik ateratakoan, zein bizitza izango zuen jakinda, haurra familia harekin uztea erabakitzen zuen. Prentsan kartzela hura eredugarri bezala jartzen zuten, hondartzaren ondoan kokatutako luxuzko leku bezala. Baina esaterako, birus ezezagun bat argudiatuta, hiru astean 34 haur hil ziren.
Orain hainbeste entzuten den 70eko hamarkadako umeen lapurretaren gaia 30eko hamarkadan abiatu al zen?
Eugenesiaren teoria tartean zen: komunismoa kutsakorra zenez, haurrak amarengandik banandu eta adopzioan eman behar ziren. 70eko hamarkadako umeen lapurretak sare horretatik datoz eta baita gaizki ulertutako karitatea ere. Horri, negozioa, lapurreta eta dirua egitearen nahia gehitu zitzaizkion. Agerian geratu da hori guztia orain: hilobiak hutsik agertu direnean. Eliza katolikoa nahiz Gipuzkoa mailan ospe handia duten mediku asko honi esker aberastu dira.
Zer gertatu zen gerora preso egon ziren emakume haiekin?
Askorentzat oso zaila izan zen euren jaioterrietara itzultzea, eta berriz bizimoduari eustea gogorra izan bazen ere, aurrera atera ziren gehienak. Espetxea orain 68 urte itxi zenez, emakume haietako gutxi geratzen da egun bizirik.
Saturrarangoaz gain, Euskal Herrian emakumeei zuzendutako espetxe gehiago ere bazen…
Saturrarangoarekin batera, Amorebietakoa izan zen ezagunena; Iruñean ere bazegoen emakumeen kartzela. Gainerakoak mistoak ziren. Amorebietako lekukotzek gosearekin lotzen dute kartzela hura, baldintza ezin gogorragoak zituen.
Ikerketa, liburu bihurtuta
Urtarrilaren amaieran, liburu moduan ikusi du argia Saturrarango emakumeen kartzelaren inguruko ikerketa lanak. Anderrek argitu duenez, “500 aleko tirada kaleratu du Emakundek eta herrietako liburutegietan zabalduko da. Hala ere, inork eskuratu nahiko balu, eskaera egin lezake eta liburuak interesa piztuko balu, bigarren argitalpena kaleratzeko aukera egongo litzateke. Ikusiko da”. Momentuz, liburuaren hedapena egitearekin batera hitzaldiak eskaintzen ari dira han eta hemen, eta kongresu ugaritan ere hartu dute parte. Anderrek lan horretan jarraitzeko gogoa erakutsi du, orain arte eskainitako saioek harrera beroa izan dutela gaineratzearekin batera.
Lezon bizi zelarik, ‘Zigortuak’ izeneko liburua osatzen hartu zuen parte, “Lezon Gerra garaian errepresaliatutako herritarren historia jaso genuen 1936 urtetik 1945era”. Gainontzean, hainbat komunikabidetan historiako gaiekin lotutako kolaborazioak idazten ditu, Argian kasu.