Plastikozko tapak, laguntza iturri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 1a, 10:27

Telebistaren bidez jakin zuten Aitziber Arruti eta Isabek Pitak plastikozko tapak bildu eta haiek birziklatzera bidalita, gaixotasun ezohikoei aurre egiteko diru laguntza jaso zitekeela. Tapa bilketan ari dira geroztik.

Aitziber Arruti
“Ez du aparteko lanik eragiten eta guztion artean, laguntza handia eskain dezakegu”

Iazko udaberrian, telebistako erreportaje batean ezagutu zuen Aitziberrek Aitzina elkartea. 2010 urtean Gasteizen sortu zen elkarte hori ataxia–telargiectasia gaixotasuna duten pertsonei laguntza eskaini nahian. Endekapenezko gaixotasuna da, degeneratiboa, eta jasaten dutenen artean oreka falta da ezaugarri nagusienetakoa. “Ekimena abiatu zenean, gaixotasun hori ezagutzen zitzaien pertsona gutxi zegoen. Gerora, batetik eta bestetik kasu gehiago agertu da eta euren arteko babesa aurkitu dute elkartean”, azaldu du Aitziberrek. Gaixotasun hori aztertu eta gaixo dauden pertsonei baliabideak eskaintzeko hainbat ekimen antolatzen du elkarteak, tartean plastikozko tapak bildu eta birziklatzera bidaltzea. Bildutako bi tona tapako 200 euro jasotzen dituzte. Eta zergatik tapak birziklatu eta ez botilak, esaterako?, bada, Aitziberrek argitu du erantzuna: “aurrez birziklatu gabeko plastikoa izan behar duelako, plastiko purua”.
Ekimenari laguntzea interesgarria eta, bereziki, erraza iruditu zitzaion Aitziberri eta Fleming eskolan tapak biltzeko kaxa jartzeko aukerarik ba ote legokeen galdetu ostean, iazko ikasturte amaieran hasi ziren Arroako nahiz Arratzaingo eskoletan bilketa lanetan. “Iaz, ikasturte bukaeran hasiagatik, tapa asko bildu genuen eta aurtengo ikasturtean berriz ekin diogu kanpainari. Eskolako kideek oso ondo erantzun dute, ikaragarrizko tapa piloa jasotzen dugu astero”, azaldu du ekimenaren bultzatzaileak. Behin tapak jasotakoan, hasiera batean, Donostiako Informatikako fakultatera eramaten zituzten birziklatzera bidaltzeko. Azken hilabeteotan Urbil merkatalgunean jarritako bilketa gunera bideratzen dituzte. Aitziberren esanetan, tapak biltzeak ez du esfortzurik eskatzen, “gainera, hondakinak gaika bereiztera ohituta gaude dagoeneko. Beraz, ez da batere kostatzen tapak ere bereiztea”. Plastikozko tapa gogor guztiek balio dutela gaineratu du Aitziberrek: krema poteenak, xaboiarenak, edarienak…, herritarrak ekimenean parte hartzera animatuz, “eskura daukagu guztiok, zaborrontzian beste poltsa bat gehiago jartzea besterik ez da. Ez du aparteko lanik eragiten eta guztion artean, laguntza handia eskain dezakegu”.

Isabel Pita
“Egunero botila asko erabiltzen dugu eta dirudiena baino errazagoa da tapak biltzea”

Orain dela hiru urte, telebistaren bidez, Lekeition ataxia–telargiectasia gaixotasuna zuen kasu baten berri izan zuen Isabelek eta pertsona hari laguntzeko, tapen bilketa egiten hasiak zirela jakin orduko erabaki zuen, ahizparekin batera, ekimenarekin bat egitea. Beraien kabuz tapak biltzen hasi zirenean, herriko hainbat tabernariri ere eskatu zioten ekimenean parte har zezaten, “esaterako, Zentro tabernan askotan urtebetetze festak egiten zirela ikusita eta halakoetan tapa asko bilduko zela pentsatuta, ekimenean parte hartzea eskatu genion tabernariari”, argitu du Isabelek. Zentroko tabernariaren baiezkoarekin batera, beste hainbat tabernetan ere hitzartu zuten tapak biltzeko aukera: Jubilatuen tabernan, Or Konponen edota Itzalpen. “Lau taberna horietan, tabernariek jasotzen dituzte tapak batetik eta, bestetik, ekimena ezagutzen duten herritarrek tabernara ekartzen dituzte etxean bildutakoak. Jendeak oso erantzun ona erakutsi du orain artean eta tapa ugari bildu da, nahiz eta diru pixka bat lortzeko, kopuru handia behar den”. Lehen Donostiara eramaten zituzten tapak birziklatzera bidaltzeko, orain Fleming eskolako kaxan uzten dituzte. Hiru urtetan, poliki-poliki, laguntza handia eskaini dute eta ekimena martxan den artean aurrera jarraitzeko gogoz agertu da Isabel, “egunero botilla asko erabiltzen dugu eta dirudiena baino errazagoa da tapak biltzea. Gainera, egun, birziklatzeko hainbeste gai bereizten dugula kontuan izanda, beste bat gehiago banatzea ez da lan handia”. Orain artean ekimenaren berririk ez zuten herritarrei parte hartzeko deia luzatu die, “lan gutxi eginda, behar dutenei laguntzeko balio du. Dirua eskatzea gehiago kostatzen da, baina tapak erraz bil ditzake edonork”. Tapa bilketarekin Lekeitioko gaixo hari laguntza ematea lortu ondoren sortu zen Aitzina elkartea. Elkartearen ibilbide laburrean jasotako emaitzak ikusita, jendea antzeko egoeretara erraz inplikatzen dela uste du Isabelek.

Ekimenaren informazio zehatzagoa:
www.aitzina.org
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!