Haur txikientzako gunea, laster zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 1a, 10:20

Haurren mugimendu librea sustatzeko gela zabalduko dute laster Atxulondo Kultur Etxean. Urtebete arteko haurrei eta euren gurasoei zuzendutako gunea izango da. 

Otsailaren 7an egingo da gune berriaren inaugurazio ekitaldia. Kultura eta euskara batzordean sortutako ekimena abian jarriko da modu horretan: “Herriko gazte asko dago guraso izateko bidean eta beste askok haur txikiak dituzte. Gazte horiek, umeekin lasai egon eta elkarren esperientzien berri izateko gune baten falta zegoela sumatu eta Kultur Etxeko gela bat horretarako bideratzeko eskaera egin zen”, azaldu dute batzordekideek. Atxulondoko goiko solairuko gela bat atonduko dute erabilera berrirako: “Ez da inbertsio handirik egin beharko. Lurrean zenbait koltxoneta jarri beharko da, besterik ez. Izan ere, haurrak mugimendu askean hezteko prestatutako gunea izango baita Atxulondokoa”, adierazi du Leire Zubeldia zinegotziak.

Haurren garapena
Emmi Pikler pediatrak sortutako teoria da mugimendu askearena: “Geroz eta babes handiagoa duen teoria da eta funtsean, haurraren garapen erritmoa errespetatzean datza. Piklerrek dionaren arabera, haurrak genetikoki prestatuta daude euren kasara garatzeko”, azaldu dute batzordeko kideek.
Atxulondoko gela, haurrak lurrean utzi ahal izateko prestatuko dute: “Haurra etzanda utzi eta inguruan estimulu ezberdinak jarrita, bere kasara hasten da mugitzen. Beraien gorputza eta ingurua ezagutzen hasten dira. Ahalegin horretan, haurra garatzen joaten da eta garrantzitsua da garapen horretan gurasoen babesa sentitzea”.

Hiru egunez zabalik
Otsailaren 7an zabalduko da Atxulondoko gela. “Urtarrilaren 31n zabaltzekoa zen gela, baina plaza eraberritzeko lanen artean, Kultur Etxeko pasarela botako da egun horietan eta inaugurazioa otsailaren 7a arte atzeratzea erabaki genuen. Astearte, ostegun eta ostiraletan egongo da gela zabalik, 17:30etatik 20:00etara. Gelaren erabilera librea izango da eta ez dago inon izena eman beharrik. Eskatzen den bakarra haurrak urtebetez azpikoak izatea da. Izan ere, lurrean etzanda egongo diren haurrak eta oinez dabiltzanak gela berean izatea ez baita bateragarria”, azaldu du Leirek. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!