Sabel-dantza ikastaroa, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ots. 1a, 10:19

Urtarrilaren 23an hasi zen sabel-dantza ikastaroa Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean. Jaione Albeniz irakaslea pozik ageri da izandako arrakastarekin.

Ikasturte hasieran jarri zuten martxan lehendabiziko sabel-dantza ikastaroa. Eguberri inguruan amaitu zen, baina izandako arrakastak, beste txanda bat antolatzeko bidea zabaldu du.
Jaione Albeniz da irakaslea: “Eguberriak arte, bi taldetan aritu ginen. Asteazken eta ostiraletan egiten genituen saioak, hamabost bat pertsonez osatutako taldetan. Jendea gustura aritu zen eta horrek, beste talde bat osatzeko aukera eman digu. Astelehenetan biltzen hasi gara orain eta taldean denetarik dago; asko eta asko aurrez aritutakoak dira eta beste batzuk hasiberriak”.

Hamasei urteko ibilbidea
Azpeitiarra da Jaione Albeniz eta duela hamasei urte ezagutu zuen sabel-dantza: “Donostian antolatutako ikastaro batean hasi nintzen mundu honetan sartzen. Hasiera-hasieratik, guztiz harrapatuta geratu nintzen eta hamasei urte pasa ondoren, oraindik ere hara eta hona ibiltzen naiz gehiago ikasi nahian: Madril, Bartzelona, Egipto, Paris..., ahal dudan toki guztietara joaten naiz. Halaxe ibiltzen gara mundu honetan murgilduta gabiltzan gehienok”.

Ekialdeko kultura
Ekialdeko dantzek harrapatu zuten Jaione eta irakasle lanetan dabil gaur egun: “Sabel-dantzak, eta orokorrean ekialdeko kulturak bi mutur ditu; batzuei izugarri gustatu eta harrapatuta geratzen gara, eta beste askori kontrako erreakzioa eragiten die. Ni guztiz harrapatuta geratu nintzen eta irakasle lanetan ari naiz hainbat tokitan. Donostian Sebastopol izeneko eskolan ari naiz buru-belarri”.
Sabel-dantza ez da ikasteko dantzarik errazena. Hala aitortu du Jaione irakasleak: “Gorputz guztia erabiltzen da eta hasieran, kosta egiten da. Sabel-dantzan mugimenduek borobilak izan behar dute eta hasieran, ohikoa izaten da norbere burua oso karratu ikustea. Barne borroka moduko bat sortzen da”. Astelehenetan, 19:00etatik 20:30etara aritzen dira sabel-dantza ikasten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!