Azken hilabete hauetako egoera oso berezia izan da Adunako udaletxean. Nola bizi izan duzue?
Maiatzeko hauteskundeetara zerrenda berria aurkezteko zailtasunak izan genituen eta azkenean, PP alderdia bakarrik aurkeztu zen. Adunan kanpoko jendeak agintzeko arriskua sortu zen. Herritarren artean boto zuria emateko kanpaina zen eta adunarren erantzunari esker arrisku hori saihestu genuen, baina beste ondorio bat ere ekarri zuen egoera hark; lehengo Udal talde berak funtziotan jarraitu beharra izatea. Hilabete hauetan aukera asko aztertzen aritu gara. Bilerak egin ditugu egoera bertsua bizitu izan duten Udalekin, Foru Aldundiarekin..., eta azkenik funtziotan jarraitzeko aukera horri eutsi diogu.
Erabaki zaila izan al da alkatetza hartzearena?
Ez da erabaki zaila izan. Urduritasun puntu bat sorrarazten dit, baina lanean hasteko gogo handia dut. Ilusioz ekingo diot lan berriari. Alkatetza aldatu badugu ere, Udal taldea lehengo berbera izango da eta horrek ziurtasuna ematen dit, badakidalako guztien babesa eta laguntza izango dudala.
Udalaren antolakuntzan aldaketa batzuk egingo dituzu. Zein izango da nagusiena?
Alkatea liberatuta egotea izango da aldaketa nagusiena. Nire lanpostuan eszedentzia hartu eta lanegun osoz arituko naiz Udalean, otsailaren 15etik aurrera. Modu horretan, lan karga handiagoa hartzeko moduan izango naiz. Badira urte batzuk Adunako udaletxean behar hori bazegoela sumatzen genuela eta azkenean, pauso hori ematea erabaki dugu. Gainerantzean, Udal talde berdina mantenduko da eta bakoitzak bere ardurei eutsiko die, aurrez egiten genuen bezala.
Zeintzuk izango dira eskuartean izango dituzun gai nagusiak?
Hurrengo urteetan gai potoloak datozkigu, batez ere ingurugiroarekin harremana dutenak. Abiadura Handiko Trena, hondakinen kudeaketa berria, herrian dauden mina kutsakorrak bete eta ixtea, erriberako industrigunea, agroaldea, haraztegia..., gai potolo asko edukiko dugu eskuartean. Erriberako industriguneko proiektua, esaterako, amaituta dago eta laster hasiko dira lanak. Horrek mugimendu handia ekarriko du.
Araztegiko lanak ere ia amaituta daude eta urtearen amaierarako martxan izango dela uste dugu. Ikuskizun dago herriari arazoren bat sortuko ote dion edo ez. Eskualdeari zerbitzua emango dion azpiegitura da araztegia eta Adunari egokitu zaio bere lurretan hartzea. Foru Aldundiak egin ditu lanak eta martxan jartzen denean, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak izango du kudeaketaren ardura. Bere garaian, Adunako Udalak zailtasun handiak izan zituen araztegiaren proiektua jasotzeko eta jaso genuenean, arazoren bat sor zezakeela ikusi genuen. Tapatu gabeko araztegia da eta horrek soinu eta usain arazoak ekar ditzake. Lanak hasi aurretik, proiektuan zenbait aldaketa egitea eskatu genuen, arazo horiek saiheste aldera, baina ez zuten gure eskakizunetako bat bera ere kontuan hartu. Horregatik, martxan jartzen dutenean arazoren bat sortzen bada, erronka berezia izango dugu presioa egin eta irtenbide egokiak bila ditzaten.
Zein mezu zabalduko zenieke herritarrei?
Plenuan esan nuen bezala, erronka pertsonal handia izango da niretzat alkatetzan aritzea eta nire indar guztiak jarriko ditut Udalaren alde. Agintaldiari geratzen zaizkion hiru urte eta erdian landu beharreko gai guztiak aurrera ateratzea espero dut, baita Udal taldeko gainerako kideek ere.