Asteasuko herriaren inguruko diagnosia egiteko beharra ikusi dute Udaleko kideek. Patxi Olasagasti, Asteasuko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi eta lanbidez soziologoa denak argitu du ekimenaren zergatia: “hiri eta Udal handietan, aurrekontuek aukera eskaintzen dutenez, alor askotako azterketak egin izan dira: ekonomiari, azpiegiturei nahiz bizi ohiturei begira, besteak beste. Ez da halakorik gertatu, ordea, herri txikietan; ohitura nahiz baliabide ezak bultzatuta. Hori gainera, Asteasuren kasuan, beste egoera bati zuzenean lotzen zaio: izan ere, ezker abertzaleari ez zitzaion udaletxean parte hartzen utzi azken hamasei urtean eta, ondorioz, Udaleko gainerako kideei ez zitzaien esfortzu handiegirik egitea egokitu alkatetzari eusteko”. Denbora tarte horretan Asteasun inbertsio asko egin dela aitortu du Patxik, baina ez dela garapen jasangarriari buruzko azterketarik egin, eta horrek, kontraesan eta paradoxak sortzen dituela: “Asteasun diru-sarrera ugari zegoenez, ez zen azterketa horri ekiteko beharrik ikusten, baina orain, ekonomiaren beheraldiarekin oinarri guztiak erori direnean, zulo handiarekin egin dugu topo”. Etorkizunera begira, beraz, beharrezkoa iruditu zaie herriaren nahiz herritarren errealitatea aztertzea eta buru-belarri ari dira lan horretan, “hauteskundeetako programa prestatzen hasi ginenean, herriarekin lotutako alor ezberdinak aztertuko zituen diagnosia egin beharra zegoela jabetu ginen eta diagnosi hori osatzeko eman beharreko pausoak lantzen ari gara orain: plan estrategiko moduan ezagutzen dena”, argitu du. Halako lanetan aurreikusi ohi den bezala, diagnosia garatzeko 10 urteko denbora tartea dute Asteasun, nahiz eta lana lehenago bukatzeko aukera ere badagoen.
Helduen eta gazteen errealitatea, aztergai
Diagnosiko aztergaien artean gai edo sektorerik nagusiena gazteen eta helduen errealitatea zein den aztertzea dela uste dute diagnosiaren bultzatzaileek. Gazteei lotuta: mugikortasuna, eskola, aisia, kirola… Helduei lotuta: dependentzia, bakardadea, irisgarritasuna, beharrak… Bigarren maila batean, identitatearen edota kulturaren gaiak aztertuko lituzkete. Identitatearekin lotuta: euskara, jaiak, aisia, janaria, kirola, musika, erlijioa, sinismenak… Kulturarekin lotuta: generoa, ingurumena, ohiturak… Sostengarritasunarekin lotuta: zaborra…
Demografia datuei begiratuta, 25 urtetik beherako asteasuarrak 424 gazte direla zehaztu du Patxik eta datu hori 1500 biztanleko herrietan aurkitzea ez dela batere erraza. “Asteasuren kasuan oso demografia datu baikorrak ditugula azpimarratu behar da: gazte jendearen kopuru altua, daukagun daturik onena da eta haien etorkizunari begira azterketa egitea garrantzitsua da. Era berean, jende heldua ere badugu herrian eta zein egoeratan bizi diren jakiteaz gain, beraien beharrak eta kezkak zeintzuk diren jakitea beharrezkoa da, herriaren garapen egokirako”. Asteasuarren artean, baserrietan bizi den herritar kopurua dezentekoa da eta haiengana iristea zailagoa den arren, saiakera egin nahi dutela jakinarazi du, “baserritarren iritziak ere bildu nahiko genituzke eta noski, haiengana ere joko dugu; beraien eskubideak ere bete daitezen”.
Lau galdetegi, adinka
Adin ezberdineko herritarrek kezka eta behar ezberdinak dituztela kontuan hartuta, herritarrei luzatzeko lau galdetegi ezberdin prestatu dituzte, adinka banatuta: 8-12 / 13-18 / 19-65 eta 65 urtetik gorakoei zuzenduta, “Asteasun belaunaldi ezberdineko herritarrak bizitzeak eta herriak dituen ezaugarriek bultzatuta, nahitaezkoa da aipatu gai zehatzen inguruan galdera ezberdinak luzatzea”, azaldu du Patxik. Esaterako, gazteen artean 12 urtera arte, asteasuar gaztetxo gehienak herrian bertan biltzen direla eta herrian oso gizarteratuta daudela nabarmedu du. “13 urtetik aurrera, ordea, Villabonara joaten dira gehienak ikastera eta lehen inpaktua gogorra izaten da eurentzat, ordura arte herri txiki batean bizitzera ohituta egon baitira. Eskolaz gain, eskolaz kanpoko ekintzatara ere herritik kanpora joaten hasten dira eta horrek guztiak izugarrizko eragina sortzen du mugikortasunean”. Eta azken horrekin, mugikortasunarekin lotuta, Asteasun arazoa handia dela adierazi du zinegotziak, “Villabonan esaterako, garraio zerbitzu ugari eskaintzen da ordu guztietan, baina barrurago geratzen diren herri txikiek ez dute halako aukerarik izaten. Gaztetxoen kasuan, gurasoek garraiatzen dituzte batetik bestera kotxez seme-alabak. Eta bereziki, lan hori emakumeen esku geratzen dela uste dugu. Ondo aztertu beharreko gaia da, aurrera begira zein irtenbide eman erabaki ahal izateko. Mugikortasunaren arazoa, era berean, gehitu egiten da baserrietan bizi diren herritarren kasuan”, azaldu du. Beharrak eraginda, Asteasun 900 autotik gora dagoela aipatu du Patxik. Kontuan hartzeko kopurua, ezbairik gabe.
Beñat Jauregi eta Aroa Izquierdo, inkestatzaileak
Beñat Jauregi andoaindarra eta Lazkaoko Aroa Izquierdo Asteasuko diagnosia osatzeko lehen pausoetan lanean ari dira. Lehenik eta behin, Patxirekin batera osatu zuten herritarrei egingo dieten galdetegia, “Patxik egindako zirriborroa osatzen hartu dugu parte. Hiruon artean landu dugu adinka banatuta egingo dugun galdeketa”, zehaztu dute. Berriki, hasi dira etxez etxe galderak egiten eta martxora arte arituko dira langintza horretan. Beñat soziologian lizentziatua da eta galdetegiak osatzeko landa lana nahikoa konplexua eta gogorra izaten dela argitu du. Behin galderak egiten hasitakoan, ondoko deia luzatu die herritarrei, “guri lana erraz diezaguten eskatuko nieke batetik eta, bestetik, aprobetxa dezatela eskaintzen zaien aukera hau beren iritzia emateko. Herritarrek zer pentsatzen duten jakiteko aukera ona da, ez da beti halako egokierarik izaten”. Aroak argitu duenez, galdetegiarekin hasi aurretik, herritarrei eskutitza igorri zieten jakinaren gainean egon zitezen eta galderak erantzuteko prest ote zeuden jakiteko. “Inkesta anonimoa dela azpimarratu nahi dugu, ez daitezela erantzutera beldurtu”. Galdeketa ez diete herritar guzti-guztiei egingo, adin taldearen arabera, portzentaje jakin bat aukeratuko dute. Parte hartzeko deia luzatu diete hiru elkarrizketatuek herritarrei: “gure asmoa ez da txutxumutxuak biltzea; errebindikazioak, kexa eta beharrak jasotzea baizik. Herritarrek benetan pentsatzen dutena jakinaraztea nahiko genuke”, adierazi dute. Etxe bakoitzean ordu erdiko tartea igaroko dute galdetegia osatzen: herriari egingo zaion mesedea kontuan izanda, ez da aparteko denbora.
Behin emaitzak jasotzen dituztenean, aplikazio informartiko batean txertatuko dituzte emaitzak eta informea osatzeko erantzunak arrazionalizatu beharko dituzte, plangintzak osatu ahal izateko. Pausoz pauso, zimendu sendoak ezarri eta etorkizuneko bide berriak eraikitzeko.