Lapurtutako haurren auziaren inguruan ordezkaritza duten hiru alderdiek adierazpen instituzionala onartu zuten urtarrilaren 31n egindako Udal batzarraldian. Kaltetuei eta haien elkarteei laguntzeko konpromisoa hartu zuten eta, egiaren bidean, gainerako erakundeei ere bat egiteko dei egin zieten. Deklarazioa aho batez onartu zen.
Udal batzarraldian zehar, ordea, PSEk gai beraren inguruan mozio beretsua aurkeztu zuen hainbat aldarrikapen erantsiz. Egoera bitxiaren aurreran, Bildukoek sozialistei auzi honen inguruan "aho batez jokatzea onena litzatekeela" erantzun zieten. Jeltzaleek ere bide beretik sozialistei "denok elakrrekin hobeto egingo dugu bidea" adierazi zieten.
Sozialistek bereari eutsi eta bi aldeko botoekin eta gehiengoaren abstenzioarekin mozioa onartu egin zen.
Gai honen inguruan, laster herrialde nahiz nazio mailako alderdien ordezkaritzek adostutako proposamena onartzear dagoela entzun zen Udal batzarraldian.
Kutxabank
Aurreko ostegunean Andoaingo Udal batzarraldian Kutxabank-en auziaren inguruan Bilduk eta PSE-EEk izandako jarrera beretsua errepikatu dute Urnietakoan. Bi alderdiek adostutako mozioa aurkeztu dute, funtsean, Kutxabank-eko Administrazio Kontseiluaren osaketa krititatzeko. Kutxabank erakundearen alde daudela adierazteaz gain, sorrerako printzipioetara itzultzea eskatu diete erakundeko arduradunei.
EAJ mozioaren aurka agertu da, Kutxabank-eko buruzagien jokabidea babestuz.
Bozketan, Bildu-PSE alderdiek aurkeztutako mozioa onartu zen.