Udalak Elurte plana indarrean jartzea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 31a, 18:04

Euskalmet Euskal Metereologia agentziak egindako aurreikuspenetan oinarrituta, Andoaingo Udalak asteartean Elurte plana martxan jartzea erabaki du. Metereologia agentziaren arabera, tenperaturak erruz jaitsiko dira, zero azpikoak izatera iritsi arte. Izotzaldia eta elurra egiteko aukera hori, gainera, hainbat egunez luza zitekeela iragarri dute. Horiek horrela, Udalak tentuz ibili eta ezusteak saihesteko beharrezko diren neurriak hartzeko eskatu die herritarrei.

Hainbat gomendio:

  • Ahal den neurrian, norberaren ibilgailuaren erabilera saihestea. Aukeran, garraio publikoa erabili dezatela.
  • Autoa hartzekotan ere, beharrezko segurtasun neurriekin egin dezatela, segurtasun distantziak errespetatuz.
  • Ahal dela, bide publikoetan aparkatutako ibilgailuak garajetan gordetzea.

Izotza eta elur arriskuaren aurrean, horiek garbitzea izango da Udaleko langileen zeregina. Oinezkoak beti ere espaloitik ibil daitezela eskatu dute, eta kalea gurutzatzeko garaian arreta handiarekin ibiltzeko oharatarazi ere.

Egoera okertuz gero, etxean geratzeko deia
Andoaingo Udalak eguraldiaren ondorioz egoerak okerrera egingo balu, etxean geratzeko gomendioa luzatu die herritarrei.

DENDARIENTZAT GATZA ESKURAGARRI
Herriko dendariek beraien merkatalguneetako espaloia garbitu ahal izateko gatza eskuragarri dute. Galardi kalean dagoen Udaltzaingoaren bulego nagusira joan behar dute gatza eskuratzeko.

ARAZOEN AURREAN 092 TELEFONO ZENBAKAI
Ustekabe edo arazoak sortuz gero, honako telefono zenbaki hauetara deitu beharra dago:
• Udala: 943 30 08 30.
• Udaltzaingoa: 092 / 900 300 819.

LASAITASUNERAKO DEIA
Udalak prentsa oharrean adierazi bezala, “behar beste baliabide jarri ditu elurrak nahiz izotzak egunerokotasunean ahalik eta kalte txikien izan dezaten. Elurtea datorren bezala joango denez, halakorik gertatzekotan, lasaitasun eta gizalegez” jokatzeko dei egin du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!