Amasa-Villabonako Zero Zabor taldearen aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 30a, 18:03

Joan zen ostiral arratsaldean, Amasa-Villabonan sortu den Zero Zabor taldeak prentsaurrekoa eskaini zuen Berdura plazan. "Amasa-Villabona Zero Zabor hondakinen arazoari aurre egiteko sortutako eragilea da. Amasa Villabonan eta Gipuzkoan hondakinen arazoa zertan datzan jakitera eman eta konponbidea gauza dadin eragitea da gure helburua, hau da, Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izenda dadin eta Zero Zabor programa bat aplika dadin lortzea".

Aurkezpeneko prentsa-oharra:

Mila esker gaurkoan guregana hurbildu zareten guztioi. Prentsaurreko hau, Amasa-Villabonan talde berri baten sorreraren berri emateko izan da antolatua: Amasa-Villabona Zero Zabor. Egun, hondakinekin dugun arazo larriari aurre egin nahi diogun lan talde bat gara, gaur egungo hondakinen kudeaketa sistemarekin bat ez datorrena eta irtenbide alternatibo bat aurkitu nahi duena.

Esan dezakegu, gaur egun hondakinen inguruan bizi dugun egoera kritikoa dela. Eta kritikoa da ez herri mailan bakarrik, baita eskualde edota mundu mailan ere. Gaur egungo kudeaketa okerrak jasangarritasun bidean joan ordez aurkako noranzkoan garamatza arazoa are eta gehiago larriagotuz.

Gure helburua arazo honi irtenbidea ematea da, billabonatar guztiak inplikatuz. Herritarrei arazoa zertan datzan jakinaraziz, herri mailan gai honen inguruan eztabaida sustatuz.  Gu gara arazo hau sortu dugunak, eta guk aurkitu behar ditugu dagozkion irtenbideak!

Eta helburu hau lortu ahal izateko gure proposamena Zero Zabor programa da: Programa honen xedea Gure eguneroko jardunean erabili behar ditugun materialak alferrik galdu eta elementu kutsakor bihurtzen ez uztean datza. Erabilitako produktuak ustiatu ondoren irtenbidea eman behar zaie, zaborrik ez sortzera heldu gaitezkeen arte, eta horretarako hiru ildo jarrai ditzakegu: murriztea: hondakinik onena sortzen ez dena baita; berrerabilpena: produktuaren bizitza luzatzea ahalbidetzen baita hondakinak sortzeari utziz; eta birziklapena: sortu ditugun hondakinek jasotzen duten tratamendua zabor bihur ez daitezen.

Natur baliabideak ustiatu eta gutxitu diren bitartean, material horiek berreskuratzen uzten ez digun sistema lineala alde batera utzi eta diseinu egoki baten bitartez, sistema zirkularrera pasatzea da guk proposatu duguna. Honek, material berreskuragarriak erabiltzeaz gain, berreskuratzeko bilketa sistema egokia bermatzea baitakar.  

Badakigu zaila egiten zaigula gure ohiturak aldatzea, baina sortu dugun egoera honi aurre egiteko, arazoaren inguruan kontzientziazioa eta inplikazioa beharrezkoak dira. Arazoari errotik heldu behar baitzaio. Guk aurrera atera nahi dugun proiektu hau herriari laguntzeko da. Herritarrei gaiaren inguruan informazioa zabalduz eta herriari zein herritarrei aldaketaren aurrean parte hartzeko eskakizunarekin gauzatu nahi dugu.

Horregatik, interesa duen pertsona oro gonbidatzen dugu gurekin kontaktuan jartzera ekimen honek jende gehiagorengana iristeko bultzada izan dezan. Eskerrik asko etortzeagatik eta hurren arte!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!