Egitasmo ugari garapen bidean diren herrietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 27a, 17:28

Andoaingo Udalaren Gizarte Zerbitzuen lansailak urtero batzarraldi aretoan bildu ohi ditu diruz laguntzen dituen gobernuz kanpoko erakundeetako ordezkariak.
Udalarekin lankidetza hitzarmena sinatzeaz gain, bakoitzak bere egitasmoaren azalpena erakusteko aukera paregabea da. Afrika, Hego Amerika eta Asiara bideratzen dira egitasmo gehienak.

Udalak urtez urte ematen duen diruarekin garapen bidean diren hamaika herrietan azpiegitura, heziketa edota osasun alorreko egitasmo ugari bideratzen dira. Hona, askoren artean, hainbat adibide:

Arrate Iturbe
Felix Baltistan fundazioa

"Pakistanen ari gara lanean, Karakorumeko bailaran. Euskal mendizaleen eta bertakoen adisikidetasunetik abiatuta, hamar urte daramagu lanean. Gure helburua egitasmo iraunkorrak eta integralak lantzea da. Udalaren laguntzari esker emakumeen parte hartzea sustatu nahi dugu formakuntza ezberdinen bitartez. Emakumeen elkartoki garrantzitsua da gaur egun".

Maitane Igartua
Mundu solidarioa

"Urteak dira Andoaingo Udalak laguntza ematen digula. Nikaragauako proiektu baterako da, gaitasun falta duten herrikideen integrazioan sakontzeko. Euren autonomia sustatzeko hezkuntza jasotzen dute".

Agurtzane Berasarte
Phagma Drolma

"Indian bizi diren tibetar errefuxiatuekin lan egiten dugu, 100.000 inguru dira. Haien bizi baldintzak hobetzea da gure helburua. Horretarako emakume tibetarren elkartearekin hasi gara lanean. Ideia bat garatu zuten, haiek aurrera eramango dutena. Indiako tibetarren bizitokian bost kokaleku txiroenetan lan egingo dute. Jeneroa, osasuna eta ingurugiroari buruzko tailerrak eskainiko dituzte.
Kokaleku bakoitzaren behar zehatzak zeintzuk diren aztertuko dituzte. Normalean, hasiera batean, beharrak azpiegitura mailakoak izaten dira. Helburu orokorra kokaleku txiro horien garapena sustatzea da, bizitza duintasunez egin dezaten".

Idoia Azpilikueta
La Salle

"Andoaingo Udalak eman duen laguntzarekin Beningo Akasato herrian lanbide heziketarako ikastetxea aurrera eramango dugu. Lehen solairua eraikiko dugu, administrazio eta kudeaketa ikasketak eskaintzeko.
Orain sei urte ikerketa egin zuten han eta ikastetxe erdiak baino gehiago oso egoera txarrean zirela ondorioztatu zen. Orian bi urte LHko eraikina egin genuen, eta orain DBHkoa egiten ari gara lanbide heziketara bideratuta, bereziki. Egitasmoa Zarautz eta Zumarragako Udalekin batera eramango dugu aurrera”.

Nerea Agirre
Rockpa Euskadi

"Tibet aldean dagoen egitasmoa da, osasunari lotutakoa. OMSk tokian tokiko sendagai tradizionalak sustatzea helburu duenez, gure programan barruan izan dugun gazte talde bati egitasmo integrala eskaini diogu, medikuntzaren fase guztiak bere baitan hartzen dituena: lurra erosi, landareak nahiz zuhaitzak landu, eta sendagaiak sortu.
Bertan lantzen dena bertan banatzen da. Orain arte emaitza onak ematen ari da".

Edurne Ustaritz
Cerro Navia fundazioa

Txileko Cerro Navia herrian drogak, etxerik gabe edota prostituzioan murgildutako emakumeen izenak aipatuz hasi zuen bere azalpena, "guztiek eskola utzi zuten, guztiak fundazioko amatasun programan sartuta daude orain. Cerro Navia Txileko Santiagoko gune baztertua da. 150.000 biztanle dira denera, kilometro karratuko 13.000tik gora. Hezkuntza maila baxua da, langabezia handia. Pobrezia %17,5raino iritsi da.
Gure fundazioa bertan dago kokatuta. Andoaingo Udalak urtez urteko hitzarmenarekin nerabeen amatasun programa aurrera eramaten ari gara. Urtero 60 neska gazte igarotzen da bertatik. Helburu bakarra ez da haurdunaldia eta jaiotzaren zaintza. Bai, ordea, neska hauen duintasuna berreskuratzea. Duintasuna zutitzeko eta duintasuna oinez abiatzeko. Pobreziaren zirkulua haustea oso zaila dela dakigun arren, gure helburua beharra duten gazteei heziketa medio aukera berriak eskaintzea da, bizitzan erabakiak bere kabuz har ditzaten. Horretara dago zuzenduta Udalak ematen duen laguntza. Fundazioaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet Andoaingo herriari eta Udalari".

Bideoa: www.aiurri.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!