Bi aztergai nagusi urtarrileko Udal batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 26a, 21:10

Kutxabank eta haur lapurtuen auzia, Udal batzarraldiko aztergai nagusiak
Andoaingo Udal ordezkariek bi mozio horien inguruan jardun dute denbora gehien.

Bideoa: Haur lapurtuen mozioa


Kronika laburra, jarraian: 

Kutxabank auzia
Kutxabank-en sorrera babestu eta egungo administrazio kontseiluaren osaketa kirtikatzen duen mozioa adostu dute Bilduk eta PSE-EEk. Gehiengo osoarekin, mozioa aurrera atera da.

Bi alderdiek aurkeztutako mozioan administrazio kontseiluaren osaketari kritika egiten diote, zera argudiatuz: "Andoaingo Udala administrazio kontseiluaren osaketaren eta konfigurazioaren aurka azaldu da, izan ere, bi alderdi politikoen interesetan oinarritu da". Administrazio Kontseiluaren osaketa "Euskal Herriko ordezkaritza instituzional eta sozialaren errealitate plurala islatu gabe" egin dutela salatu dute mozio berean.

EAJ eta PP aurka agertu dira. EAJko Baltasarrek Bilduri eta PSE-EEri gogorarazi die Kutxabanken sorreran oztopoak besterik ez zituztela ipini. Jeltzaleei esker Kutxabank orain errealitate bat dela gogorarazi zien. PPko Asun Guerrak ere mozioa aurkeztu dutenei kritika egin die, egungo administrazio kontseiluaren osaketa "lejitimoa" dela defendatuz.

Haur lapurtuak
Azken hilabeteotan estatu mailan eta Euskal Herrian argitara eman diren lapurtutako haurren salaketaren inguruan, oposizioan dauden hiru alderdiek (PSE, EAJ, PP) haur lapurtuen inguruko mozioa aurkeztu zuten. Mozioak dituen sei puntuetan, besteak beste, konpromiso batzuk hartzeko dei egiten da: Udalak kaltetuekin eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteekin "egia ezagutarazteko eskubidea"rekin bat egitea, erakunde ezberdinei ikerketa batzordea osatzea, fiskaltzari prozesu judizialak zabaltzen erraztasunak ematea edota elkarte ezberdinekin lankidetza sustatzea.

Bilduk mozioaren aurkezpenean EAEko datuak aipatzearekin batera Nafarroako datuak ere sartzeko aipamena egin badu ere, mozioarekin bat egin du.

Haur lapurtuen inguruko mozioa, beraz, aho batez onartu da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!