Sahara aldera elikagaiak biltzeko azken egunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 25a, 19:50

Sahararen aldeko janari bilketaren kanpaina azken egunetara iritsi da Andoainen. Hala ere, aste buru honetan oraindik parte har daiteke. Gabonetan hasitako kanpainan honako elikagai edo produktuak biltzen dira: atuna oliotan, arroza, dilistak, azukrea eta konpresak.
Aurten BM, Eroski eta Super Amara hipermerkatuetara eta Coviran (Etxeberrieta), Telletxea (Rikardo Arregi), Erosle (Ondarreta) eta Erosle (Nafarroa Plaza) janari dendatara eraman da kanpaina. Horiez gain, La Salle-Berrozpe, Aita Larramendi, Ondarreta eta Leitzaran ikastetxeak, Galardi haur eskola eta Zineo eta Bideo eskolak ere parte hartu dute.


Iaz 13.900 kilo eligakai eta konpresen 19 kaxa bildu ahal izan zituzten Andoainen. Aurten, oraindik zenbatzeko dauka guztia, baina iazkoaren antzeko ibiliko ote den ustea du Hurria-Sahara elkarteak.
Sahararen Aldeko Euskal Koordinakundearen karabana otsailean abiatuko da, eta Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuei ahalik eta elikagai gehien eramatea du helburu nagusia.
Hurria-Sahara elkarteak herritarren eskuzabaltasuna eskertu izan du beti, baina hala ere, aurtengo kanpainak esananahi berezia duela  aitortu du. Izan ere, krisia dela eta, nazioarteko laguntza izugarri murriztu baita, eta Saharako biztanleen egoera are larriago bihurtu da. Gaur egun, otordu bakarra egiten dute egunean zehar.
Ana Sanz elkarteko kideak adierazi duenez, “urtero harritzen gaitu Andoaingo biztanlegoak, azken urtetan batez ere. Iruditzen zaizu Saharako gaztazkak konponbide argirik ez edukitzeak eta krisia berak atzera egingo diola, baina ez da horrela gertatzen. Zer pentsatua ematen du langabezian dauden pertsonek ere, esaterako, jarrera ezin hobea erakusten dutelako. Alde horretatik, esker “oneko sentitzen gara andoaindarrekiko”.   
Gabon aurretik, diru bilketa egin ohi du elkarteak goizen batean, eta aurtengoan ere herritarrek emandako erantzuna nabarmendu nahi izan du Sanzek. “Diru bilketa egin genuen kalean abenduaren 18an, larunbatarekin. Bada, ia mila euro jaso genituen oso denbora gutxian. Hori harrigarria da, inondik ikusita ere!”.   
Urteak daramatza elkarteak bilketa kanpainarekin eta Saharako haurrak hartuz herrian, eta horrek asko laguntzen du  herritarren parte hartzea urtez urte handia izan dadin. “Ezagunak gara herrian, eta konfiantza jartzen dute gugan. Badakite guk jasotzen dugun laguntza agindu den tokira iritsiko dela”.  

Bertso saioa BASTERON
Otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran izango da urteroko bertso saioa. Giro polita sortu ohi da, gainera, elkartasunezko saioan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!