Bertso doinuz, kolore ugari dituen Txolarreren bidezidorretik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 24a, 18:35

Arrakastatsua izan da beste behin Txolarre irratiaren bertso saioa. Hirugarren urtez jarraian, Leidor bete dute bertsozaleek, eta zoritxarrez, izan da sartu ezinean geratu denik ere. Baina kantitateaz gain, kalitatea azpimarratu behar da. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Amets Arzallus eta Aitor Sarriegik saio bikaina eskaini zuten joan zen larunbatean, jendearen gozamenerako. Horretan zerikusia izan zuen Amaia Agirre gai jartzaileak, asmatu baitzuen gai orijinalak eta zer esana emango zutenak ipintzen:

Haurrak agurretan

Saioak umoretik izan zuen hasiera. Bertsolariek ohiko agurrak egin ordez, bertso eskolako haur banak aurkeztu zuen bertsolari bakoitza, modu umoretsuan. Bertsolariek ere umoretik erantzun zieten gaztetxoei. Saioaren lehen leherketa unea berehala iritsi zen, Jon Maia eta Maialen Lujanbiok eskaini zuten ofizioan. Bikote hasiberriaren paperean jarri zituen gaiak. Ordu erdi barru elkar ikusiko duten arren, etengabe telefonoz hizketan ari dira. Bai Maia eta bai Lujanbio bikain sartu ziren paperean bertsotan gutxitan entzuten diren hitzak ere eskainiz.  Maialenen bigarren bertsoa horren adibide:  Ai nere txiki polit, ai nere tontolin/ nik e nahi nuke baina, nahi det baina ezin/ telefonoik ez moztu, ez holakoik egin /hitz eidazu denbora azkarro joan dadin.

Ofizioen ostean, barkakakoaren txanda izan zen. Maisu aritu zen Aitor Sarriegi, zoriontasuna gauza materialetan neurtzen ote den galderari erantzunez. Hauxe hirugarren bertsoa: Guztiok gaude sartuak kontsumismoaren sendan/ gauza asko edukitzea ona denaren leyendan/ nik ere gauza gehiago sartu nitzakeen zerrendan/ baina inork ez dit esan zoriona non saltzen dan/ familia, osasuna, edo lagunak tabernan/ irribarre bat ahoan, bertso saio bat agendan/ajola zaizkidan gauzak ez dituzte saltzen dendan. Txalo zaparrada handi batekin eskertu zuen publikoak Sarriegiren lana.

Liburu partiketan

Saioaren erdialdera, liburu partiketan aritu zen Maialen Lujanbio. Amaia Agirrek sei liburu jarri zizkion eskura, eta atzeko bertsolari bakoitzak horietako bat ekarri zuela esan zion. Egaña erretzeari uzteko laguntza liburu ezagun batekin lotu zuen Lujanbiok: Autoayuda esaten zaio, hara ze portada eder/ Andoni Egañak ekarriko zun ez baldin banabil oker/ barruan petatxoa/ bazeukan notatxoa/ eta notak zion zer/ es fácil dejar de fumar pero, más fácil dejar de leer. Egañaren erantzuna ere ez atzera geratu: Asko erretzen det, igual gehiegi, neronek neukan kontuan/ eta gainera mesederikan ez dit egiten kantuan/ ze liburu xarmanta!/ Ai zazpi orri falta/ tabakorikan ez neukan baten, neronek erre nituan.

Liburu partiketan bezala, barrez lehertu ziren Leidorreko entzuleak Aitor Sarriegi eta Jexux Mari Irazuk ondoren egin zuten ofizioarekin ere. Baina dena ez da barre, Amets Arzallus oso bestelako gaiarekin jarri zuen segidan Amaia Agirrek. Itsu geratzear den batek, bertsoak entzuten nola sentituko den jakin nahi zuela esan ziok gai jartzaileak Arzallusi, eta segidan Leidorreko argi guztiak itzali zituen. Inork ikusten ez zuela 3 bertso sakon eskaini zizkigun hendaiarrak. Honela amaitu zuen azkena: baina gogora etorri zait lehen Aitorrek ziona/ zoriona ez da dena material, itsuentzat zer da ona? /bertso bat eta irratitxo bat izan leike zoriona.

Banaiz Bagara elkartekoak

Haurrez gain, bertso saioan parte hartze berezia izan zuten Banaiz Bagara elkartearen bidez euskara ikasten ari diren eskualdeko atzerritarrek. Leidorren izan ziren euskalgintzako materiala saltzen euskara praktikatu asmoz, eta aurrez bertsolarientzako puntu batzuk ere grabatu zituzten, bakoitzak bere herrialdeari erreferentzia eginez. Mexikoko andre batek Maiari puntu hau jarri zion: Mejiko lindo da baina, zu ere bai alajaina. Hauxe zumaiarraren erantzuna: Ene ze ondo mugitzen duen euskaraz mingaina/ hizkuntza baten ordaina/ lore politen tamaina/ Mejiko lindo izango da bai baina ez zu aina. Puntu erantzunen ondoren atzerritar horiek jarritako hitzak ere asmatzen saiatu ziren bertsolariak jendearen barre algara artean.

Eta horrela, umoretik amaitu zen saioa. Azken aurreko ariketan Maia, Egaña eta Irazu Olentzero bihurtuta umeei gozokiak banatzen kopletan aritu ziren. Irazuk Maiari erreferentzia eginez kantatu zuen kopla hau umorearen lekuko: Ni ia esku hutsik esku hutsik nago ta, hura ez dago ez berdin/ ikusten duzu ni Olentzero eta hura Urdangarin.

Elkarri txaloka

Saioa laburbildu zuen amaierako irudiak: Bertsolariak eta publikoa elkarri txaloka zirela amaitu zen bertso jaialdia. Jendea pozik entzundakoarekin, eta bertsolariak pozik jasotako babesarekin. Txolarre irratiak, bere leloak dion gisa, bidezidorretik jarraitzeko indarrak hartu zituen Leidorren. Baina bideak ez du zertan gogorra eta neketsua behar, bidezidor koloretsu eta anitza marraztu zen igandean Tolosan. Izan dadila etorkizunerako itsasargi. Amets Arzallusek agurrean abestu gisan:  Txolarrearen bizi nahi da euskaldun denen enpeino/nahiz izan ta xume ta naño/ politagorik ba al da, ño!/ etxeko txori bat baino.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!