2012ko Udal aurrekontuen aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 24a, 13:01

Atzo iluntzean aurkeztu zuen Galder Azkue Villabonako alkateak 2012 urteari lotuta, Udalak eginiko aurrekontu proiektua. Galderrek adierazi zuenez, "herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu eta, ildo horretan, komunikazioa eta gardentasuna bultzatuz, aurrekontuak onartzeko batzordea egin aurretik, herritarren aurrean aurkeztu nahi dugu proposamena". Herritar guztiengana ailegatu nahian, auzoka banatuta, hiru aurkezpen saio antolatu dituzte: atzo iluntzekoa izan zen lehenengoa Kale Nagusia, Santio kalea, Kale Berria, Aldude, Pilotarien kalea, Altzin, Erniobea eta Txermingo auzotarrei zuzenduta. Asteazkenean eta ostiralean beste saio bana izango da Subijana etxean (Mintzolan) eta Amasako Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera:

-Urtarrilak 25, asteazkena: Oriamendi, Errota, Arroa, Larrea eta Etxe-Ondoko auzotarrei zuzenduta. Subijana etxean (Mintzolan), 18:00etan.

-Urtarrilak 27, ostirala: Legarreta, Agaraitz, Otsabi, Arratzain, Amasako kaskoa eta baserriak. Amasako Kultur Etxean, 18:00etan.

 

Urtarrilaren 23ko aurkezpenaren kronika

Krisi egoera gordinaren baitan, Amasa-Villabonako egoera ekonomikoa bikaina ez izanagatik, hain txarra ere ez dela adierazi zuen alkateak eta 2011 urte bukaera 207.000 euroko aurrezpen baikorrarekin amaitu zutela, "diru hori, ordea, ez da Udalaren eltzeitsuan geratuko, hasi berri dugun urtean Foru Funtsari itzultzea egokituko baitzaigu", argitu zuen. Bestalde, Foru Aldunditik 3.255.068 euroko laguntza jaso zen iaz eta horietatik 390.000 euro, bueltan itzuli egin beharko zaizkio: "Villabonako Udalak diru hori itzultzeko aukera izango du, urritik aurrera egoera hori aurreikusi egin zelako, baina udaletxe askotan oso egoera larria bizi dute itzulera hori dela eta", jakinarazi zuen. Era berean, banketxeei itzuli beharreko 2011 urteko zor bizia 3.000.000 eurokoa izango dela aipatu zuen, urteko aurrekontua bere osotasunean hartuta, %6a.

 

2012ko aurrekontuen berritasunak

Aurtengo aurrekontuen proposamenaren harira, sarrera arrunta 5.364.507 eurokoa izango da guztira eta diru horrekin hainbat berritasun finkatu dute. Ondorengo hauek, horietako batzuk:

-Komunikazio eta parte hartze saila sortzea: 65.000€. "Garai onenak bizi ez baditugu ere, gure programan esan genuen bezala, beharrezkoa iruditzen zaigu komunikazio enpresa bat kontratatu eta diru horrekin herritarrei ondo informatuta egoteko aukera eskaintzeaz gain, herriko zati senti daitezen ahalbidetzea. Hiru hilero Udaleko berriekin aldizkaria kaleratuko genuke, web orria berritu, komunikazio aholkularitza edota iragarki ofizialak eskaini...".

-Ingurumena eta mendi saila: Berriz ere Tolomendiko bazkide izateko asmo azaldu zuen Galderrek. "Amasa-Villabonan lehen sektorearen jarraipena egin beharra sumatzen dugu eta ondorioz, ingurumen teknikariaren lanaldia luzatu egingo litzateke".

-Informatika: 4.000€. Ekipo zaharkituak berritzeko.

-Hezkuntza:

-Arratzaingo kiroldegiko teilatua konpontzea: 25.000€. 

-Haurreskolako aterpea egitea: 1.200€.

-Kultura

-Liburutegiko liburuak: 7.500€.

-Zineko materiala: 6.000€.

-Zineko igogailua egokitzea: 3.500€.

-Amasako Kultur Etxea egokitzea: 6.000€.

-Vicente Ameztoy margolaria hil zela X. urte bete direnean, bere oroimenean ekitaldiak antolatu eta Aranerrekan zehar egiten zuen ibilbidea taula informatibo nahiz aulkiz egokitzea: 5.000€.

-Kirolak: Kiroldegiko mantenurako: 20.000€.

-Ingurugiroa: Berdura plaza saihetsetatik babestea: 15.000€. "Goitik babestuta dagoen bezala, saihetsetatik babestea proposatzen dugu. Sistema berritzaile baten bidez, alboak irekitzeko aukera izango litzateke behar denean. Modu horretan, azokako saltzaileei laguntzeaz gain, aterpedun gune berria eskainiko litzaieke herritarrei".

-Zerbitzuak

-Bideak asfaltatzea: 10.000€.

-Haur parkeak berritzeko bigarren fasea: 15.000€.

-Udaleko teilatua konpontzea: 75.000€.

-Udaleko berogailua eta kaldera berritzea: 30.000€

-Bide azpiegituren pintaketa: 6.000€

-Zinemako alarma: 1.200€.

-Udaletxeko alarma: 1.200€.

-Oriamendiko ibilbidea berritzea: 19.500€. "Inbertsio potoloa litzateke hau ere. Amasa aldetik Oriamendira etortzeko, eskaileradun espaloia aurki daiteke bertan. Herrian geratzen den muga arkitektoniko bakarra izanik, espaloia berritu eta guztiontzat erabilgarri bihurtu nahi dugu".

-Oriamendiko argiteria berritzea: 40.000€.

-Ekitaldietarako mahai eta aulki berriak: 1.500€.

-Zaborrontziak: 3.000€.

-Agaraizko zentraleko proiektua gauzatzea: 6.000€.

-Bideetan gatza zabaltzeko makina: 1.000€.


Legegintzaren erronkak

Legegintza berriak dauzkan erronken artean, ekonomia sustatzea, egoera politikoa normalizatzea eta parte hartzea bultzatzea aipatu zituen alkateak, nagusienen artean. "Batetik, Udalak, dauzkan aurrekontuekin zintzo jokatu eta ahal duen heinean herritarrei zuzenduta enpleguak sortu nahiko lituzke. Bestalde, nekazaritzarekin batera, Villabonan sektorerik indartsuena den merkataritza ere bultzatu nahi dugu. Bigarren, Euskal Herrian bizi dugun garai politiko berriaren aurrean, Villabonako Udala egoera politiko berri horrekin bat egiten saiatuko da, elkarbizitzan aurrera pausoak eman ditzagun. Hirugarren, herri hobe baten bila, herritar guztiok saiatu behar dugu Udalaren eguneroko lanean parte hartzen. Azken batean, guztion artean osatzen baitugu Udala".

 

Zaborraren tasa gora

Zabor bilketaren tasa %10ean igoko da 2012 urtean ;izan ere, 180.000 euroko defizita sortu baitzuen iaz zaborraren zerbitzuak. KPIak (IPCak) eta zerbitzuak urtez urte izaten duen igoerak eragiten du kopuru hori.

 

Herritarren kezkak

Saioaren amaieran, lehen bilerara gerturatu ziren hainbat herritarrek euren kezkak azaldu zituzten:

-Krisi garaian, familia askoren egoera ikusita, zein laguntza egongo da Gizarte Zerbitzuen eskutik?

Galder: "Aurrekontuen zati handia Gizarte Zerbitzuetara bideratzen da orain arte eta gure aldetik, laguntza hori ez da aldatuko aurrera begira ere".

-Azken asteotan dezente entzun den Atez Ateko zabor bilketa sistemaren gaia. 2012 urtean abian jartzea aurreikusten al duzue?

Galder: Zero Zabor politikaren aldekoak gara eta ahalik eta zabor gutxien sortzearekin batera, birziklapena eta berrerabilpena bultzatu nahi ditugu. Bilduk argi utzi zuen erraustegiaren kontrako bere jarrera eta gaikako zabor bilketa da orain arte ezagutzen dugun aukerarik efizienteena. Villabonako Udalak Atez Atekoaren aldeko apustua egingo du eta behin pauso hori emanda, Zizurkilekin batera egingo luke. Baita Tolosaldeko gainerako herriekin ere.

-Sor daitezkeen behar berezietarako Udalak ba al du propietaterik?

Galder: Oriamendi auzoan badu pisu bat eta herrian zehar baita hainbat lokal ere.

-Zein aukera legoke auzoetako lokaletan badoak jartzeko?

Galder: 2011n Udal ordenantza bat egin zen badoak erregulatzeko eta tasa bat kobratuko da bide publikoa okupatzeagatik. Lokalak bado bihurtuko balira, espaloiak ezeztatuko lirateke. Gure nahia ez da inori bere garajea erabiltzea galaraztea, baina bai erregulatzea. Lokal horietan, garajeak bezala etxebizitzak ere egin daitezke, baina baterako nahiz besterako hainbat baldintza bete behar dira.

-Uraren tasarekin batera, araztegira zuzendutako tasa ordaintzen dugu herritarrok. Araztegia, ordea, bukatu gabe dago oraindik...

Galder: Herriz herriko sistema ondo iristen ez zelako sortu zen Uren Kontsorzioa eta zerbitzu integrala eskaintzen dute Amasa-Villabonan. Azpiegitura herritarrok ordaintzen dugu eta uraren tarifaren baitan kokatzen da Kontsorzioak inbertsioei aurre egiteko duen alderdia ere.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!