Tuperraren kanpaina txertatzen ari da. Zozketen lehenengo irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 20a, 18:51

Villabonako Udalak eta Kutxa Ekoguneak, herriko arraindegi eta harategien laguntzarekin, hondakinen prebentzioaren inguruan tuperren kanpaina jarri zuen abian joan zen abenduaren 19an. Villabonako Ingurumen teknikari Alaitz Bilbaok adierazi duenez, gustura daude orain arte jasotako harrerarekin: "urtea bukatu bitartean, Eguberrietako egunak tartean zirelako, agian, jendeak ez zuen tuperra gehiegi erabili. Aldiz, urte berria hasi denetik, harategi eta arrandegietako arduradunen arabera, gehiago hazi da tupper erabiltzaileen kopurua, eta batek baino gehiagok esan digunez, beraiek uste baino arrakasta handiagoa hartzen ari da kanpaina". Udaleko kideek herritarrak animatu nahi dituzte arraindegi eta harategietan erosketa tuperrarekin egitera, hondakinak murrizteko helburuarekin. Gainera, kanpainak irauten duen bitartean, erabilera ohitura bihurtu bitartean, arraindegi eta harategi bakoitzean, 20 euroko bonoak irabazteko aukera izango dutela gogorarazi nahi dute. Urtarrileko irabazleak ezagutarazi dira dagoeneko:

Bezeroak tupperra arraindegi eta harategietan erabiltzen duen bakoitzean, hilabetero zozketatuko den 20euroko bonoa irabazteko aukera izango du. Bonoa arraindegi edota harategian bertan gastatzeko izango da. Parte hartzen duten harategi eta arraindegi bakoitzak hilero, tuperra erabiltzen duten bezeroen artean zozketa egiten du. Hauexek ekimeneko arraindegi eta harategiak: Brontxillo, Benito Aldalur, Musturinea eta Iguaran harategiak, eta Mutio, Garayar, Miguel Ruiz Amiano eta Itxaskide arrandegiak. Sei hilabete iraungo duen kanpainaren lehenengo zozketen irabazleak ondorengoak dira: Maite Ugarte (Benito Aldalur), Isidoro Martin (Brontxillo), Maite Ortiz (Musturinea), Iñaki Artola (Iguaran), Isabel Orrillo (Mutio), Mª Jesus Belamendia (Garayar) eta Arantxa Mujika (Itsaskide). Miguel Ruiz de Amiano arraindegiko irabazlea ez da oraindik agertu, ez baitzuen izena txartelean jarri.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!