Janaria eta jostailuak beharra dutenentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 19a, 20:14

Andoaindarrek beste behin ere Caritas elkartearen eskutik elkartasun handia erakutsi dute. Eguberrietako kanpainan ekimen ugari jarri ohi dute abian, elikagaiak nahiz jostailuak bildu eta diru ekarpenak jasotzeko.


120 janari kutxa banatu dituzte Eguberrietan, nagusiki Elikagaien bankutik eta La Salle Berrozpetik lortutakoak.
Eguberrietan ere jostailuak biltzeko kanpainari ekin zioten, Salkin merkatari elkartearekin elkarlanean. Pozarren agertu dira kideak, jostailu ugari jaso dutelako, “59 familien artean, 102 haurrei banatu dizkiegu jostailuak. Baina hainbeste jaso ditugunez, Sahara aldera edota Hernaniko etorkin elkarte batera banatzeko adina ere lortu dugu”.
Diru ekarpenei dagokionez, 2718,4 euro jaso dituzte ekarpen ezberdinen bidez. Hiru elizatan, bestalde, Eguberrietako mezatan beste 3506,72 euro gehiago bildu da.
Arropa bilketa
Andoaingo Caritas elkarteak gogora ekarri nahi du astelehenetik ostegunera arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara Zumea kaleko 3. zenbakian egon ohi direla, nahi duenak arropa edota bestelako gairik eraman nahiko balu. Telefono zenbakia honakoa da:  943 116 150.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!