Saharako haurren aldeko golf txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 19a, 20:13

Saharako haurren aldeko lehen golf txapelketa jokatu zen aurreko asteburuan Andoaingo Goiburu golf klubean, arrakasta handiarekin: 112 partaide bildu zen, 28 taldetan banatuta. Elkartasun jaialdiak gutxitan bezalako parte hartzea izan zuen.

Taldeka, mexikar erara ezagutzen den moduan jokatzen aritu ziren: Haur, gazte, heldu ..., denak batera adiskidetasun giroan. Joseba Iturbe txapelketaren antolatzaileetakoa izan da. Ekimena Goiburu golf klubetik abiatu zela adierazi du, helburu bikoitzarekin: "alde batetik, Sahara aldera bidaltzeko dirua jasotzeko. Eta, bestetik, bertako eskolan dabiltzan haurrak inplikatzeko". Iturbek eskerrak eman nahi zizkien ekimenean parte hartu zuten eragile guztiei.
Andoaingo Hurria-Sahara elkarteko kideak ere bertan izan ziren. Hunkituta agertu ziren txapelketak izan zuen erantzunarekin, "borondate oneko jende asko bildu da eta, gainera, txapelketak izan duen arrakasta ikusitea hunkigarria da. Saharako eskoletako beharrak asetzeko dirua bildu da. Baina horrez gain, janaria ere bai. Eta hori guretzat primerakoa da urteroko elikagaien bilketa kanpainan buru-belarri gabiltzalako".
Otsailaren 20an abiatuko da elikagaien karabana Euskal Herritik Sahara aldera.
Jokalarien iritzia
Luisi Roi parte hartzaileetako bat izan da, "zorte txarra izan dugu zelaia izoztuta zegoelako, baina bestalde, oso dibertigarria izan da. Hona etortzeko joera daukagu, eta niretzat lasaigarria da. Probatzera gomendatuko nuke".
Pepe Iparragirre ere pozik agertu zen, "txapelketan ez gara ondo ibili, baina oparien zozketan bai. Adiskidantzazko txapelketa izan da, ahalik eta parte hartze handiena lortzeko. Gaurkoan bildutakoa Sahara aldera bidaliko da".

Bideoa: aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!