Gogoko ditut astelehenak…, eta ostiralak!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 19:11

Aihotz Albisu Lasa urnietarra Andoaingo udaletxean ari da lanean.  Atzegiren “Gogoko ditut astelehenak” kanpainaren irudia bilakatu da. Umorez hartu du kanpainan duen protagonismoa, “kazetariek galdera egiten zidaten kanpainaren lemaren inguruan. Nik erantzuten nien astelehenak ez ezik, ostiralak ere maite ditudala”.  Bere lankideek diotenez, “Aihotz da goizero gizarte zerbitzuetako langileei umorea pizten digun pertsona”.

Bideoa | Elkarrizketa:

Gureak eta Atzegi elkarteek adimen urritasuna daukaten pertsonek lan praktikak egiteko integrazio programa abian jarri zuten iaz. Horri esker, Aihotz Albisu Lasa (Urnieta, 1983) Andoaingo Udalean administrazio lanak burutzen ari da. Udalean oso gustura daude Aihotzekin, laguntzaile gisa ari den Mertxe Belamendia Udal langileak aitortu duenez. 

Azal al dezakezue zertan datzan programa?
Aihotz Albisu: Atzegi eta Gureak elkarteek ¨Pauso Berriak¨ izeneko programa bultzatu dute, ni bezala Down sindromea daukan jendeak ikastetxe, erakunde nahiz lantegietan lan praktikak egiteko aukera izan dezagun. Andoaingo Udalari egin nion eskaera; onartu egin zuten eta, horrela, administrazio lanetara bideratu ninduten.

Zein betebehar daukazu udaletxean?
A.A.: Egia esan, nahiko luzea da eginkizunen zerrenda. Besteak beste, eguneroko prentsa jaso eta banatzea, posta banatzea, Gizarte Zerbitzuetan harrera lanak egitea eta gizarte-langileentzako eta podologia nahiz ile-apaindegi zerbitzuetako hitzorduak ematea, Udal agiri ezberdinak banatzea…

Zein da zure ordutegia?
A.A.: Goizeko 08:00etatik eguerdiko 12:00ak arte aritzen naiz egunero. Gero lineako autobusa hartu, eta Gureak elkarteak Zabalegin (Hernani) daukan egoitzara joaten naiz. Han bazkaldu, lagunekin tartetxo bat egon, eta gero, Andoaingo udaletxera etorri aurretik neukan lan jarduna bete behar izaten dut.

Gureak elkartean zer egitea egokitzen zaizu?
A.A.: Eginkizun jakin bat egunero. Kontserbak prestatzea, astelehenetan; baratzea zaintzea, asteartetan; saskigintza eta eskulanak egitea, asteazkenetan; eta azkenik, oilategia zaintzea, ostegunetan.     

Zuk, Mertxe, zein eginkizun daukazu Aihotzekin?
Mertxe Belamendia: ¨Pauso Berriak¨ programaren baitan, laguntzaile edo lan prestatzailearen funtzioa betetzea egokitu zait niri. Zer egin behar zuen eta nola azaldu behar izan nion. Udal burokraziaren dinamika erakutsi nion pittin bat, eta behin erraztasuna hartu zuenean, funtzioak bere gisa egiteko moduan zen.

Zuek, Udal langileek, zer moduz hartu duzue Aihotz?
M.B.: Ezin gusturago. Oso pertsona atsegina da, maitakorra eta umoretsua. Oso pozik igartzen zaio bere lanpostuan, eta gu ere oso pozik gabiltza berarekin. Asko ari gara ikasten Aihotzekin batera.
Egia esanda, hasieran errezeloren bat eduki genuela aitortuko dut, ezjakintasunak eraginda. Gutako gehienak ez genekien zer zen down sindromea daukan pertsona batekin elkarbizitzea, eta horrek zalantzak sortu zizkigun. Aihotz ezagutu orduko, ordea, berehala uxatu zitzaizkigun beldur guztiak. Azken batean, ¨Pauso Berriak¨ programaren leloak dioen bezala, Aihotzi esker, adimen urritasuna duen pertsona batekin lan egiteak benetan zenbat balio duen ikusi dugu orain.

Jendaurreko lanak ere betetzen ditu Aihotzek. Zer moduz erantzuten du jendeak?
M.B.: Oso modu naturalean. Datuak-eta paperean hartzeko bere denbora behar izaten du Aihotzek, eta jendeak errespetu handia erakusten du. Are gehiago, kuriositateak piztuta, bada nor den galdetzen dionik, nolaz dagoen, karteletako neska bera ote den… Jakina, egokitu izan zaio pertsona petralen bat behin edo behin, gizarteko beste arlo guztietan egoki daitekeen bezala.
 
Ikasten asko ari zaretela aipatu duzu…
M.B.: Egunerokotasunean gero eta garrantzia gutxiago ematen diogun hainbat alderdi baloratzen lagundu digu, gizakiarekin lotuta daudenak. Esaterako, pazientzia, sosegua, giza harremanak zaindu beharra…    
Eta zu, Aihotz, zer moduz moldatzen zara Udaletxeko zereginetan?
A.A.: Ni oso pozik nabil; bigarren etxea bezala da niretzat Andoaingo udaletxea. Asko zor diet Mertxe eta gainerako langileei, oso pertsona jatorrak direlako, eta asko lagundu didatelako. Nire aldetik, egin beharreko eginkizunak ahalik eta egokien betetzen saiatzen naiz. Lan batzuk nahiko mekanikoak dira eta martxa hartuta daukadanez, belarrietan musika jarri -Shakira, Hannah Montana, Kepa Junkera…- eta aisa joaten zait denbora.     

Nola joan zen Atzegiko argazkien saioa?
A.A.: Argazkilariak goiz guztia eduki ninduen argazkiak atera eta atera. Administrazioko agiriak eskuetan nituela nahi zuen ni agertzea, eta denbora askoan eskua mugitu ezinik eduki ninduen. Irribarrea nola egin, begiak nora zuzendu.. denetik agindu zidan, eta nik txintxo txintxo esanak betetzera!

Eta zer moduz sentitu zinen kanpainaren protagonista izanik?
A.A.: Hamabost bat mila kartel zabaldu ziren Gipuzkoa osoan, markesinetan eta horrela, Jon eta bion irudiarekin, eta kalean edozein tokietan ikustea gauza berria izan zen niretzat, nahiko arraro sentitu nintzen hasieran. Gero ohitzen joan nintzen. Senide eta lagunek txantxetan zera esaten zidaten: ¨aizu, Aihotz, pixka bat aspertzen hasi gara zu leku guztietan ikusteaz¨. Behin, Donostiako kale batean, bi metroko kartel handi batean ikusi nintzen, eta nire aldamenean, beste kartel batean Guardiola agertzen zen! ¨Hobe Piqué jokalaria azaldu izan balitz, Guardiolaren ordez¨, pentsatu nuen nire artean.   

Zer moduz prentsarekin?
A.A.: Nonahitik deitu zidaten elkarizketak egiteko. Telebistatik (ETB1eko Arratsaldero eta Teledonosti), Euskadi Irratitik (Dani Arizala eta Manu Etxezorturen irratsaioak), egunkarietatik (DV…). Hasieran urduri jartzen nintzen, baina berehala lasaitu, eta galderei ahalik eta egokien erantzuten saiatzen nintzen.

Lan praktiketako programak zenbateko iraupena du?
M.B.: Sei hilabetekoa zen berez, baina berehala ikusi zen Aihotzek programaren filosofia betetzen zuela; alegia, lan funtzioak bere ezaugarrietara egokituz gero, bere lan ahalmenak garatzeko gai zela. Hortaz Udalak erabaki zuen urtebetez kontratua luzatzea. Hain zuzen, oraintxe otsailean amaitzen zaio luzapena, eta erabakia hartzeko dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!