Lasterketak 21 kilometro izango ditu, eta ibilbidea ikuskatu duten korrikalarien ahotan, oso gogorra, gorantz egin beharreko desnibela 1.800 metrokoa delako (3.600 guztira). Urnieta-Adarra-Urnieta mendi lasterketa zena eta proba berria uztartu egingo dira, eta proba bakarra jokatu. Mendi Lasterketak Xoxoka auzoa izango du abiapuntu eta bukaera, mendi lasterketa batek errepide tarte laburra eduki dezakeela eskatzen baitute arauek. Onddi (543 metro), Adarra (824 m.), Zaburu (778 m.) eta Onddo (780 m.) mendiak igoko dira, eta Usabelartzako magal zuhaiztsuan barrena Marizuloraino jaitsi. Handik, Pardaki-Gainen barrena, Xoxokara bueltatu. Antolatzaileek ahalik eta lasterren egingo dute probaren aurkezpena, kirolariek horren berri izan dezaten.
DEI BEREZIA HERRITARREI
Antolatzaileek dei berezia egin nahi diete herriko kirol eta mendizaleei, euren laguntza ezinbestekoa izango delako proba ondo antolatzeko. Parte hartzaile kopuruaren aurreikuspenik ez da egin, baina oso litekeena da 100 boluntarioren beharra txiki geratzea.
Probaren inguruko informazio gehiago:
655 700 975 (Joseba)