Beterriko bertsolari txapelketa bertan behera geratu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 17:05

Urtarrilaren amaieran hasi eta otsailera bitarte, lau asteburutan jokatzekoa zen Beterriko bertsolari txapelketaren V. edizioa bertan behera geratuko da aurten, antolakuntza arazoak tarteko.

Azken lau urteotan Larramendi Bazkunak antolatu duen Beterriko bertsolari txapelketaren diseinua bideratuta zeukan dagoeneko urtero berrikuntzaren bat tartekatzen duen Amaia Agirre bertsolariak eta txapelketaren bosgarren txanda hau aldaketa ugarirekin zetorrela esan daiteke: esaterako, orain artean hiru bertsolariz osatutako lau taldek parte hartzen bazuten (guztira hamabi bertsolarik), aurten bi bertsolariz osatutako zortzi bikote ziren parte hartzekoak (hemezortzi bertsolari). Bestalde, orain artean txapelketa bi kanporaketa eta finalak osatzen bazuten, aurten hiru kanporaketa eta finala egitekoak ziren, ohi bezala eskualdeko elkarteetan txandakatutako afaria lehenik eta ondorengo bertso saioen bidez.
Txapelketak aurrera egiteko, ordea, gidaria behar izaten da eta aurten Larramendi Bazkuna figura horren faltan geratu denez, momentuz txapelketa aurrera ateratzeko aukerarik izango ez dela jakinarazi dute bultzatzaileek, epe laburrean berriro ere ekimenari ekiteko nahia erakutsi badute ere. Izan ere, Beterrikoa jende asko erakartzen duen txapelketa izateaz gain, urtez urte pisu nabarmena hartu baitu berezko dituen ezaugarriengandik: aurrez prestatutako agur bitxi eta umoretsuak, mozorroak, ariketa bereziak, ikus-entzulearenganako sortutako gertutasuna… Aurtengoan, beraz, oraingoz behintzat zain geratu behar.

Bertso saioa, Txolarre irratiaren eskutik
Haatik, bertso gosez dagoenak urtarrilaren 21ean bertan izango du gogo hori asetzeko aukera. Txolarre irratiak III. bertso saioa antolatu baitu larunbatean, Tolosako Udalaren laguntzarekin, Tolosako Leidor antzokian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Bertan, aurreko urteetan bezala, Amaia Agirreren esanetara arituko dira ondorengo sei bertsolariak: Andoni Egaña, Jon Maia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu eta Gipuzkoako txapeldun berria, Aitor Sarriegi.
Sarrerak 10 euro balio du eta aurrez urtarrilaren 19ra arte eskuratu ahal izango dira. Beterri-Aiztondo eskualdean, Amasa-Villabonan Amasa kafetegian eta Zizurkilen Iriarte tabernan. Gainerakoan, egunean bertan, hilaren 21ean, Leidor antzokiko leihatilan salgai jarriko dira geratzen direnak.
Jon Miranda Txolarre irratiko esatariak, joan zen abenduaren 26an, zuzeneko lehen emankizuna egin zutenetik hamaika urte bete zirela adierazi du eta ordutik etenik gabe jardun dutela euskaraz eskualdearen berri ematen, “euskarazko hedabideena bidegurutze eta zailtasunez beteriko bidezidorra da, baina egin beharrekoa, Tolosaldeak euskara hutsezko irratia merezi eta behar duelako. Ahalegin horretan beste bultzada bat izango da Leidorreko bertso saioa. Irratiak eskualdean duen babesaren erakustaldia”. Hementxe gonbidapena, beraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!