Galdetegia, garrantzitsua
Asteasun etxebizitza berriak eraikitzeko bi kokaleku leudeke aukeran: Batetik, Lamiategi eremua eta bestetik, Elizmendin, Eskola Txikiak kokatu zirenekoa. Piliren ustez, bi eremuek ere badituzte kontuan hartzeko moduko ezaugarri erakargarriak, “Lamiategi eremua herrigunetik gertu dago eta horrek erosotasuna dakar berekin. Bertan 75 etxebizitza eraikitzeko baimena dagoen arren, lehen fasean 30-34 etxebizitza tasatu nahiz libre eraikiko lirateke. Eskola Txikien eremua, berriz, Elizmendin kokatzen da eta, dudarik gabe, auzo kuttuna da Goi bailarakoa; lasaia eta eguzkitsua. 8-12 etxebizitza libre eraikiko lirateke bertan”. Horixe momentuz udaletxetik luzatzen duten proposamena, baina herritarren benetako beharrak eta eskaerak zeintzuk diren zehatz jakiteko asmoz, etxez etxe banatu duten galdetegia jarri dute abian, “herritarren beharra eta haien erantzuna jakin ostean, hasiko ginateke egitasmoa martxan jartzen. Urtarrilaren 31 bitarteko epea dute herritarrek galdetegia erantzunda udaletxera ekartzeko. Udalarentzat oso garrantzitsua da galdetegi horren emaitzak ezagutzea eta inolako konpromisorik gabe, galderei erantzutea asko eskertuko genieke asteasuarrei”, azaldu du Pilik. Etxebizitzen egungo salneurriak ikusita eta egoera ekonomiko zaila bizi dugula kontuan izanda, prezio konpetitiboak eskaintzen ahalegindu direla ere jakinarazi du. Modu horretan, Lamiategiko etxebizitzak 70-80 m2 artekoak, garajea barne, 175.000 eurotik 225.000 eurora arteko salneurria izango lukete. Eskola Txikien eremuko 40-50m2 artekoek, berriz, –garajea barne–, 120.000 eurotik 130.000 euro artekoa.
Bi etxe mota
Udalak garatu duen egitasmoan bi etxe mota aurreikusten dira, txikiagoak batzuk, handiagoak besteak. Herritarrek batzuen edo besteen beharra lehenesten duten ikusteko garrantzitsua da, beraz, aurrez aipatu galdetegia erantzutea, “behar edota eskaera horien arabera eraikiko lirateke etxebizitzak: lehenengo gune batekoak eta gero bestekoak. Ez dut uste bi eremuetakoak batera altxatzeko adinako eskaerarik egongo denik. Ikusiko da”, argitu du alkateak. Gauzatutako proiektuen arabera, etxebizitza ederrak eta erakargarriak izango direla ere aurreratu du. Erantzunak jaso eta aztertu ondoren, 2013ko udaberri aldera hasiko lirateke etxebizitzak eraikitzen eta 2014rako bukatzea litzateke asmoa.
- Lamiategiko eremua:
30-34 etxebizitza tasatu eta libre. 70-80m2.
2 edota 3 logela eta garajea. 175.000-225.000 euro. - Eskola Txikien eremua:
8-12 etxebizitza libre. 40-50 m2.
1 edota 2 logela eta garajea. 120.000-130.000 euro.
Herritarrek lehentasuna
Udaleko kideek, etxebizitza horien beharrean gazteen taldea izango dela uste duten arren, ez diote etxe berriak eskuratzeko aukerarik kendu nahi gainerako herritarrei, “esaterako, aurreko etxebizitza txiki geratu zaielako edo igogailuaren beharra dutelako herritar helduagoek ere etxebizitza berrien beharra balute, izango lukete aukerarik. Bestalde eta, zalantzarik gabe, herritarrek lehentasuna izango badute ere, interesa duten inguruko herrietako bizilagunek ere izango lukete lekurik”.