Hegazkin pilotu, airetik behekoaz gozatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 16:45

Asier Azurmendi (Andoain, 1975) hegazkinen pilotu topografoa da. Txiki-txikitatik sartu zitzaion buruan hegazkinak gidatu nahi zituela, eta saiatzearen saiatzez, ogibide bihurtu du.

Nondik datorkizu hegazkinen pilotu izateko grina?
Pizgarria mendizaletasuna izan zela iruditzen zait. Ni txikitan asko ibili nintzen menditzarrak igotzen. La Salle ikastetxean, Gazteleku elkarteko Gazme mendizaleen elkarteko kide nintzen, eta Juan Jose Larrea anaiarekin irteerak egiten genituen igandero. 10 urte betetzerako Euskal Herriko 100 mendi igo nituen. Brujula, altimetroa, barometroa, mapak, eguraldi iragarpenak…, denetik  interpretatzea nuen gogoko; eskalatu eta mendiko bizikleta ere praktikatzen nuen, eta azken batean, naturarekin bat egitea zen kontua. Gailur batetik ondoko gailurrak ikusi, eta hurrengo igandean haietara igotzeko irrikatan egoten nintzen. Era horretan, buruan sartu zitzaidan zeruan zebiltzan hegazkinak nahi duzun paraje naturaletan eta nahi duzun moduan ibiltzeko tramankulu egokiak izan zitezkeela.
Hitz batean esanda, hegazkinak askatasuna irudikatzen zuen niretzat.

Zein urrats eman zenuen hegazkin gidari izateko?
Nahiko abentura izan zen, nire bokazioa airean ibiltzea zela iruditu zitzaidanez geroztik. Bi aukera zeuden orduan ikasketa atipiko hori egiteko: gurasoak aberatsak izatea ala militarrekin joatea. Bizitza luzea zela erabaki nuen eta unibertsitate karrera bat egitea lehenbizi. Topografiarekin lotutako ingeniaritza ikasi nuen, Badajozen; EAEn, Gasteizen hasi berria zen karrera hori 1992an, baina 25 plaza besterik ez zituzten jarri. Gurasoek ere pentsatzen zuten “fundamentuzko” karrera hori eginda, burutik kenduko zitzaidala pilotu izatearen ideia, baina keba! Bi urte eraikuntza sektorean jardun nuen lanean, eta aurreztutako diruarekin Madrilera abiatu nintzen, abiazio zibileko titulua ateratzera.

Han jada hegazkinak pilotatzeko titulua lortu zenuen…
Bai, baina ez da auto gida baimena bezala; espezializazio prozesua segi behar da hegazkin mota bakoitzarekin. Gainera, oso garrantzitsua da hegaldi orduak pilatzea curriculumean. Horrexegatik Ingalaterran ingelesa ikasi eta AEBetara hegaldi orduak pilatzera joan nintzen. Handik itzuli, eta Madrilen lana lortu nuen, kopilotu bezala; lau urteren buruan pilotua izateko azterketak gainditu nituen. Egun, komandantea naiz. Nik oraintxe 2.300 hegaldi ordu dauzkat bizkarrean; egin kontu pilotu batek normalean 9.000 ordurekin hartzen duela erretiroa.

Non eta zertan egiten duzu lan, gaur egun?
Norvegiako Blom enpresako langilea naiz. Basea Parman (Apeninoen eta Alpeen artean) daukagu eta Europa guztian aritzen gara hegaldiak egiten. Madrilen bizi naiz, baina ia denbora gehiena Parman eta lan eginkizunek ematen didaten hirietako hoteletan.

Zein da, hain zehazki, zuen eginkizuna?
Bezeroek eskatuta, eremu zehatz batean erresoluzio handiko argazkiak ateratzen ditugu; leku bat bonbardatzen ari garen sentsazioa izaten dut batzuetan. Hegazkinean hiru pertsonako tripulazioa joan ohi da: komandante pilotua eta kopilotua gidatzen, eta gure atzean operadorea, 150 kilo dituen argazki kameraz arduratzen dena. Hegazkinean doan makinaria guztia informatizatuta dago, eta kamera horrek bakarrik milioi bat euro balio dezake. Gure teknologia sentsoreetan oinarritzen da; sentsore horiek, puntu zehatzetan, lurretik nahiz itsasotik datorren argiaren espektroak jasotzen dituzte.

Norentzat egiten duzue lan?
Normalean bezeroak administrazio publikoak izan ohi dira. Guk ateratako argazkiak makina bat aplikaziotarako erabiltzen dira gero: inguru bateko kartografia egiteko, errepide bat eraikitzeko... Esaterako, orain hiru urte Donostiako Udalarentzat jardun genuen; Hondarribia, Zarautz eta Buruntza mendia muga hartuta, hegaldi ugari egin genuen, hara eta hona, bidean argazkiak atereaz.  

Zenbateko abiaduran eta lurretik zenbat metrora ibili ohi zarete?
Eginkizunaren arabera izaten da. Orduko 300-500 kilometro egiten ditugu, normalean; gerta daiteke leku berean 300era joatea norabide batean, eta 500era bestean; haizea nondik nora dabilen, horren menpe gabiltza.
Lurretik, berriz, 10 kilometro eta 400 metro bitarte ibiltzen gara. Esaterako, orain aurretik Jerez eta Bartzelonako (Montmelo) zirkuituetan, gutxieneko altuera horretan ibili gara. Izan ere, bezero ingeles batek bi zirkuituen erresoluzio handiko argazkiak eskatu zizkigun, pixel bakoitza hiru zentimetroko izateko moduan. Pentsatzen dut zirkuituak hiru dimentsiotan eduki nahi zituela, Formula 1eko pilotuek euren entrenamenduetan simulazioak-eta eduki ahal izateko.

Hegazkinean dena informatizatuta daukazuela esan duzu. Zein da pilotuen ardura, hortaz?
Hegazkinek nabigazioko instrumentazio oso zehatzak eraman ohi dituzte, eta batzuetan soilik pilotu automatikoarekin ibili liteke hegazkina. Airean, ordea, aldagai asko dago jokoan. Maiz, haizeen gorabeherak, fenomeno klimatologiko aldakorrak nahiz bestelako zirkunstantziak direla eta, erabakiak di-da batean hartu behar izaten direla. Giza faktorea funtsezkoa da halakoetan.

Aparteko giza dohainak eduki beharko dituzue, hegazkin horiek gidatzeko, ala?
Teoria mailan exijentzia handiak jartzeaz aparte, giza ezaugarri asko hartzen dira kontuan.   Muturreko egoeratan nola erreakzionatuko duzun asko begiratzen da. Hil ala biziko erabakiak hartzeko orduan behar den zuhurtasuna, pazientzia, faktore ezberdinak baloratzeko gaitasuna, espazioaren orientazioa... Komunikatzaile ona ere izan behar duzu, alegia tripulazioarekin zein aireportuetako kontrolatzaileekin ondo erlazionatzeaz gain, tentsio uneak ondo gestionatzen jakin behar duzu.
Eskarmentua ere lagungarri zaigu. Egoera ebaluatzeko faktore on bat, esaterako, ipurdimetroa izan ohi da: hegazkinaren turbulentziak sentitzen dituzunean intuizioak, ordu arteko bizipenek…, asko lagun zaitzakete erabakiak hartzeko orduan.

Eskapadarik bizitu al duzu inoiz?
Europako Pikoetan gertatutakoa aipatuko nuke. Horretarako, adierazi behar da maiz gertatzen dela eguzkia sartu ahala,  fenomeno termikoak sortzen dituela; hodeiak ateratzen hasten dira, eta orduan, eguerdirako lana utzi behar izaten dugu, ikusmena galtzen baita.
Bada, Asturiasko gobernuarentzat ari ginen lanean. Prestazio askoko hegazkin azkar batekin gindoazen. Goiza zen, eta halako batean, Madrilera joateko agindu ziguten, errepide bati argazkiak atera behar zitzaizkiola eta. Bailara batean, mendi aldetik nahiko goitik gindoazen 300 kilometro orduko, eta jaisten hasi ginen. Giroa bare-bare zegoen baina, bat-batean hodeiak agertu, eta haizeak norabide aldakorrak hartzen joan ziren. Derrepente, aurre-aurrean goi mendiak agertu zitzaizkigun. Bailararen bukaeran, mendi lepora iristen ari ginen eta gora igo beharra zegoen agudo... Eskapada polita izan zen, adrenalina askokoa. Instante batean, hegazkinaren itzala lurrean proiektatuta ikusi genuen, larrean ari ziren behien isatsak nola mugitzen ziren ikusteko aukera ere eduki genuen…   

Lanbidearekin gozatu egiten duzula antzematen zaizu...
Umetako aspirazioa zen eta erabat asetuta sentitzen naiz alde horretatik. Lan eguna amaitzen denean, nondik nora ibili naizen pentsatzen jartzen naiz, zein leku politak ikusi ditudan..., eta pribilegiatua sentitzen naiz orduan. Makina bat lanbide egongo dira nirea baino monotonoagoak direnak.

Nola ikusten da mundua zerutik?
Denboraren eta espazioaren kontzeptuak zeharo ezberdinak izan ohi dira zeruan ala lurrean. Munduari buruzko kontzepzioa ere aldatu egiten zaizu. Hala ere, ni saiatzen naiz bi errealitateak ondo bereizten.  
Lurra nahiko laua ikusten da goitik. Laua bai, baina ikuspegi zoragarria agertzen zaigu, paisaje naturalekin gozatzeko aukera paregabea izaten baitugu: Pirinioak, Alpeak... Nire buruari zera agintzen diot: “halako glaziar edo holako arroila ikustera joan behar dut, autoa hartuta”. Baina gero denbora falta izaten dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!