Julian Buitron, Hego Ameriketan lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 16:24

Bi urte daramatza Julian Buitron billabonatarrak Nazio Batuen Erakunderako Hego Ameriketan lanean. Oporretara etxera etorri denean, elkarrizketa egiteko tartea aprobetxatu du Aiurri aldizkariak.

Nazio Batuen Erakunderako lanean zabiltza beka baten bidez azken bi urteotan Hego Ameriketan. Zertan zehazki?
Nazio Batuen Erakundean lan egiteko esperientzia eskuratzeko Eusko Jaurlaritzak luzatutako beka baten bidez aritu naiz lanean bi urteotan, boluntario gisa; Uruguain lehenengo, Montevideon eta, Perun gero, Liman. Nazio Batuen Erakundearen baitan erakunde ezberdinek hartzen dute parte eta bakoitzak gai ezberdinak lantzen ditu. Ni FAOn aritzen naiz lanean (elikadura eta nekazaritza alorrean) eta munduko biztanleriaren elikadura egokia bultzatzea dugu helburu nagusi. 2009ko Gabonetan joan nintzen lehenengoz Montevideon FAOk duen bulego txiki batera. Nire betebeharra gehienbat Nazio Batuetako beste erakundeekin zubi-lana egitea zen: erreforma proiektu batean sartuta daudenez, agentzien arteko koordinazioa indartu eta harreman hori sakontzea. Uruguain urte eta lau hilabete igaro ondoren, beste herrialde eta esperientzia mota bat ezagutu nahi nuelako, aldaketa eskatu nuen eta Limara joateko aukera eskaini zidaten. Zortzi hilabete egin ditut bertan. Oso errealitate ezberdinarekin egin nuen topo: Uruguai Hego Ameriketan garatuen dagoen herrietako bat baita, Peru ez bezala. Azken hilabete hauetan, proiektu zehatz bat garatzen aritu naiz Liman, Nazio Batuetako bost agentzien arteko ‘Haurtzaro, Elikadura nahiz Elikadura Segurtasunaren inguruko ekimen bateratua’. Programa hori Peruko lau eskualdetan gauzatu dugu: Andeen mendikateko hiru eskualdetan eta Amazonia oihaneko batean. Programaren helburua lau zonalde horietako desnutrizioa murriztea da. Bost agentzien artean (FAO, PMA, UNICEF, OMS eta ONUDD) gauzatzen da, agentzia bakoitzaren espezialitatearen araberako interbentzio integralaren bidez. FAOren kasuan elikadura eta nekazaritza arloarekin lotutako ekarpena egiten dugu.

Nola sortu zitzaizun beka hori eskuratzeko aukera?
Zientzia politikoak ikasi ondoren, kooperazioarekin lotutako masterra egin nuen EHUn, Leioan. Masterra amaitutakoan, beka horietara aurkezteko aukera eskaini ziguten eta izena eman ondoren sortu zitzaidan joateko aukera. Nire kasuan, dudan perfilagatik-edo, FAOrekin lan egitea egokitu zitzaidan, baina Nazio Batuko beste edozein erakundetan izan zitekeen. Bi urteko beka abenduan bukatu zitzaidan arren, beste urtebetez lanean aritzeko kontratua eskaini zidaten proiektuari jarraipena emateko. Urtarrilaren 22an itzuliko naiz berriro.

Dudarik gabe, gustura ari zara, beraz…
Gustura ari naiz, bai. Orain artean martxa hartzea eta ikastea izan da eginbehar nagusia. Herrialde berri batera kooperazio lanetara iritsitakoan, hura ezagutzea ezinbestekoa da. Bertako errealitatea ulertzea kostatzen da gehien; ez hura epaitzeko, bertako errealitatean txertatzeko baizik. Horrek denbora eskatzen du. Peru esaterako, oso herrialde anitza da, bertako geografia hala delako. Hiru zonalde ditu: kostaldea, mendia eta oihana, eta zonalde bakoitzeko errealitatea zeharo ezberdina da: kultura, ohitura nahiz hizkuntza ezberdinak daudelarik. Egin behar duzun lana ezagutzea ere kosta egiten da, baina gustura nago, dagoeneko Peruko errealitate sozio-politikoa eta proiektuaren nondik norakoak ondo ezagutzen ditudalako. Lehen urtea, bereziki ikasi eta kokatzeko izan bazen, bigarren urte hau disfrutatzeko izan da gehiago. Hirugarren urtea, berriz, erronka moduan ikusten dut: proiektuaren azken urtean emaitza onak izatea nahiko nuke, etorkizunean ere, egin dugun lanaren fruituak manten daitezen.

Nola bizitu duzu etxetik urrun lan egin eta bizitzearen esperientzia?
Zorte ona izan dut. Uruguain lehendabizi, Nazio Batuen Erakundera lanera joan ziren beste hiru euskaldunekin topo egin eta haiekin elkarbanatu bainuen etxebizitza. Jende asko ari da kooperazioari lotuta lanean eta zure egoera berean dagoen jendea topatzea ez da zaila. Perun egokitzea ere erraza izan zen: masterra elkarrekin ikasi genuen lagun batekin elkartu bainintzen. Antzeko lanetan sare sozialak oso garrantzitsuak dira eta martxan jartzen dira dituzun kontaktu guztiak. Euskaldun ugari ezagutu dut lanean eta horrek asko errazten du hango bizimodua. Kanpoan bizi zarenean familia nahiz hemengo lagunak faltan botatzen dira, baina behin lanean kokatutakoan, hango lagun eta ezagunekin lotzen zatzaizkio egunerokotasunari.
Han bizitzearen esperientziari dagokionez, bai Uruguai eta bai Perun hiriburuetan bizitu naiz. Peruren kasuan, Limak zortzi milioi biztanle pasatxo ditu. Atzerritar gehienok leku bertsuan bizi gara, turista gehienek ere ostatu hartzen duten inguruan. Europakoarekin lotutako bizimodua egiten da bertan eta beraz, burbuila batean bizi naizela esango nuke: ni bizi naizen auzoan ez da Peruko benetako errealitatea ikusten. Egiazko errealitatea hain turistikoak ez diren komunitateetara edo hainbat herritara joandakoan ezagutu dut.  

Eta zein da egiazko errealitate hori?
Inguruak ezagutzeko aukera izan dut eta egoera nahiko gogorrak ikusten dira: ez hainbeste elikagai faltagatik, gure bizimoduarekin alderatuta behintzat, osasunari edo hezkuntzari begira, esaterako, bizi baldintzak nahiko larriak direlako baizik. Larriena umeen egoera dela esango nuke eta haiengana zuzenduta egiten dugu lan bereziki gure proiektuan. Elikaduraren garrantzia azpimarratu eta horren alde aritzen gara, umeak baitira herrialde baten etorkizuna. Aipatu zonaldeetan gabezi asko dute eta bereziki haur eta haurdunengan eragiten du desnutrizioak. Gaizki elikatzeak ondorio larriak ditu umearen garapen fisiko nahiz psikikoan eta horrek zuzenean eragiten du zonalde nahiz herrialdearen garapenean ere. Peruk, oro har hartuta, nahikoa datu positiboak ematen baditu ere, zonaldeka, pobrezia datuak oso altuak dira. Historikoki azken hogei urtetan arazo politiko handiak eduki dituen herria da. Alde batetik, terrorismoak gogor kolpatu zuen Sendero Luminosorekin. Une honetan oihaneko zonalde batzuk bereziki egoera zailean daude kokainaren produkzioa dela eta.

Lanagatik ez ezik, aisialdian ere txoko ugari ezagutu duzu. Aipatuko al zenuke horietako lekuren bat?

Lanean Andeetako hiru zonalde ezagutu ditut bereziki: Huancabelica, Ayacucho eta Apurimac. Hirurak ere 3000 metrotik gora kokatuta, errealitate berdintsuak dituzten Andeetako zonaldeak dira. Oraindik ez naiz oihanean izan, seguruenik aurten egokituko zait lanera gerturatzea. Bestalde, asteburu eta jai egunak txoko gehiago ezagutzeko aprobetxatzen ditugu eta, besteak beste, Cuzcon (Machupichun), Arequipan, Punon (Titicaca lakua) edota kostaldean ibili gara. Leku eder asko du Peruk ezagutzeko.

Esperientzia betegarria
Abenduaren erdialdean etorrita, hilabete pasatxo igaro du Julianek etxe inguruan. Urtebete Euskal Herrira itzuli gabe egon eta gero, etortzeko gogoa zuela azaldu du eta orain, berriz ere Perura abiatzeko garaia iritsi denean, nagi pixka bat baduela. “Hego Ameriketan hirugarren urte igaro eta gero, ‘kanpoko lurretan geratu edo herrira itzuli?’ galdera egingo diot nire buruari. Hona itzultzea berriz ere zerotik hastearen parekoa izango litzateke: lana bilatu… Hurrengo urtean ikusiko dut zer egin”. Hego Ameriketan egonagatik, hein handi batean harremanetan jarraitzen du hemengo bizimoduarekin, “egunero irakurtzen ditut Euskal Herriko egunkariak, baita Aiurri aldizkariaren edizio digitala ere eta hemengo gertaeren inguruan informatuta mantentzen naiz. Azken boladan berri pozgarri asko iritsi da eta lagunartean Errioxako ardoa edanez ospatu dugu horietakoren bat”, azaldu du. Milaka kilometrora, familia eta lagunak nahiz “etxean nago” ezin esana botatzen du faltan. Eta bereziki, euria, “Liman ez baitu sekula euririk egiten, abenduan Bilbora iritsi orduko egiten zuen bezala”. Besteak beste, hemendik kanpora ere bizitza badagoela ikusteko baliagarri egin zaio esperientzia, “horrelako bizipenek gertaerak erlatibizatu eta beste ikuspegi batetik lantzeko aukera ematen dute”, maila pertsonalean jasotakoa oso aberasgarria dela nabarmenduz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!