Luis Astiasaran, soinu konpontzailea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 16:06

Ordu luzeak ematen ditu Luis Astiasaranek bere etxeko tailerrean. Soinu konponketan hasi zen duela zortzi urte, eta lan horretan dihardu gaur egun ere, pazientzia eta abilezia handiz.

Luis Astiasaranek betidanik izan du soinuarekiko zaletasuna: “Txiki-txikitatik datorkit zaletasun hori eta behin baino gehiagotan pentsatu izan nuen soinu konponketan hastea. Juan Mari Beltran dultzaineroak eman zidan behar nuen bultzada. Bere erakusketan dituen soinu zaharrak konpontzen lagunduko zion norbait behar zuela esan zidan eta hori entzun bezain laster hasi nintzen lehen pausoak ematen”.

Ikastera, Italiara
Lasarteko Tirikitrauki dendara jo zuen Luisek: “Nire asmoen berri eman nien eta berehala, laguntzeko prest zeudela esan zidaten. Lehendabiziko proposamenak, ordea, harritu egin ninduen: Italiara joan behar nuela esan zidaten. Soinuekin nola lan egiten duten eta, batik bat, afinazioa nola egiten duten ikusi eta ikastea nahi zuten. Irungo lagun bat eta biok joan ginen azkenik. Lagunak bideoz grabatzen zituen han ikusitakoak eta ni, ahalik eta gauza gehien buruan hartzen saiatu nintzen. Asko ikasita itzuli ginen Italiako bidaiatik, eta geroztik, urtero joaten naiz. Izan ere, han baitago soinuaren jatorria, soinuaren ama”.
Lanik ez zaio falta Luis Astiasarani: “Konponketak, afinazioak..., denetarik ekartzen dute. Txiki-txiki egindako soinuak ere iristen dira eta horrelakoetan, hilabete inguru behar izaten da lana behar bezala amaitzeko; pieza berriak egin, egokitu, afinatu... Kanpotik ikusita, soinu horietako asko konpontzeak ez du merezi, baina jabeek oso maiteak izaten dituzte eta oso gustura geratzen dira berrituta ikusitakoan”.

Ordu askotako lana
Orain lanari tamaina ederki hartua dio Luisek, baina izerdi asko ateratakoa da: “Dena berria zen hasieran, eta zalantza asko sortzen zitzaizkidan. Makina bat amets egin dut soinuekin, konponbiderik egokiena bilatu nahirik. Orain, eskuartean eduki bezain laster jakiten dut soinuari zer gertatzen zaion eta nola konpondu behar den. Horretara iristeko, ordea, ordu asko pasa ditut tailerrean, zortzi urteotan, buruari eragiten. Goizeko 08:00ak inguruan hasi eta askotan, gaueko 23:00ak aldera hemen izaten naiz oraindik, bazkaltzeko tarte txikia hartuta. Beldur handia ematen zidan soinua konpontzen hasi eta gehiago izorratzeak. Hori gertatuz gero ez zegoen nik egindakoa konponduko zuen beste inor eta horrek errespetu handia ematen zidan”, gaineratu du Luisek.

Bi milatik gora soinu
Bi mila hiruehun eta berrogeita hamabi soinu, txiki eta handi, pasa dira Luis Astiasaranen eskuetatik. “Soinu bakoitzari bere fitxa irekitzen diot eta momentu honetan, bi milatik gora ditut. Zortzi urteotan, gainera, soinu horietako asko behin baino gehiagotan etorri da tailerrera. Zaletasun handia dagoela antzematen da; gazte askok ikasten du soinua jotzen”.
Lasarteko Tirikitrauki dendako kideek, astean hiru aldiz egiten diote bisita: “Lan asko ekartzen didate haiek. Horrez gain, jende partikularra ere asko etortzen da eta kanpoko jendea ere iritsi zait; Galiziatik eta Kataluniatik ekarritako soinuak izan ditut tailerrean”. Denetariko konponketak egiten ditu Luisek: “Teklak aldatzea, lengueta berriak jartzea, kanpoko karkasako zeluloidea konpontzea, pieza berriak egitea, leuntzea, afinatzea, barnealdean mikrofonoa jartzea..., denetarik tokatzen da”.

Piezak, internet bidez
Lanerako behar duen material gehiena Italiatik ekartzen du Luisek. “Internet bidez egiten dut eskaera eta Italiara egindako bidaiak ere aprobetxatzen ditut gauzak ekartzeko. Pieza ezberdin asko behar izaten da: tamaina ezberdinetako tatxuelak, teklak, barillak, zeluloidezko xaflak..., horiek guztiak hemen bilatzea ez da erraza eta Italiara egiten dugu eskaera. Alabak laguntzen dit horretan”.
Erreminta bereziak ere behar izaten ditu Luisek soinu konponketarako. Beharrak sortu ahala, Luisek berak egin ditu erreminta asko eta asko: “Eskuekin oso pieza gutxi ukitzen dut, gauza gehienak erreminta bereziz egiten ditut. Zenbait gauza egiteko, ordea, ez nuen lanabes egokirik eta pixkanaka egiten joan naiz haiek ere. Buruari asko eragin behar izan diot urteotan eta azkenik, lanean egoki aritzeko modua osatzea lortu dut”.

Soinu berezia
Soinu berezi asko pasa da Luis Astiasaranen eskuetatik. Beretzat berezienen artean dago hamalau urte zituela eskuartean izandako lehen soinu txikia: “Eleuterio Tapia zenak ekarri zidan soinu hura, Larrinaga Guerrini etxekoa. Harekin ikasi nuen soinu txikia jotzen eta txapelketaren batean ere jo nuen harekin. Beste gizon baten eskuetan zen azken urteotan eta hark, neronek gordetzeko eskatu zidan duela sei urte. Hemen daukat geroztik eta oroitzapen asko ekartzen dizkit gogora”.

Larrinaga Guerrini
Donostiako Egia auzoan zegoen soinuak egiten zituzten azken lantegia; Larrinaga Guerrini. “Etxe hartako Victor askotan etortzen zen nire tailerrera. Mekanika aldetik laguntza izugarria eman zidan. Lasaitzen lagundu zidan”.
Zero Sette etxera joaten da Italiara joandakoan: “Zoragarria da afinazioan nola lan egiten duten ikustea. Afinatzeko modu ezberdin asko daude eta haiek ikastera joaten naiz. Beste mundu bat da. Etxe horretako soinu asko konpontzea egokitzen zait hemen, eta asko laguntzen didate. Nire ustez, gaur egun aurki daitekeen soinu etxerik hoberenetakoa da Zero Sette”.
Etorkizunera begira jarrita dago Joxe Mari: “Iristen zaidan lanari modu egokian aurre egiteko, tailerra txiki geratu zait eta aldaketa batzuk egiteko asmotan nabil. Oso gustuko lana da hau niretzat eta honetan jarraitzeko asmoa daukat”.

Plazaz plaza
Urte asko egin ditu Luis Astiasaranek, anaia Joxe Marirekin batera trikiti doinuak plazaz-plaza zabaltzen.

Noiz hasi zinen soinua jotzen?
Soinu handia ikasi nuen lehendabizi, Emilio Salaberriarekin. Hamairu urte nituela, ordea, Eleuterio Tapiarekin soinu txikia ikasten hasi nintzen. Urtebete inguru egin nuen harekin, gehiago erakusterik ez zeukala esan zidan arte. Ordu asko pasatzen nituen soinua jotzen; izugarri gustuko nuen. Anaia Joxe Marik, berriz, panderoa jotzen zuen eta biok elkarrekin plazetan jotzen hasi ginen.

Gogoan al duzu lehendabiziko plaza?
Nafarroako Intzara joan ginen, Eleuterio Tapiaren bidez. Mutil koxkorrak ginen artean, eta kotxerik ez genuenez, hiruzpalau egun pasa genituen bertan. Artean Eleuterioren klaseetan hasteko nengoen eta jakin nahiko nuke zein pieza eskaini genituen. Bost bat orduko saioa eskaini genuen eta gogoan dut nire soinuak bi ilara izan arren ilara bateko teklak bakarrik jotzen nituela. Izugarri gustura aritu ginen eta ordutik, urtero joan ginen Intzako festatan saioa eskaintzera.

Geroztik, makina bat plaza egin duzue bi anaiok...
Jende eta txoko asko ezagutzeko balio izan digu soinuak. Urte asko egin genuen plazaz plaza eta autorik ez genuen garaian, taxian egiten genituen joan-etorriak. Ixkinako Ramon taxistak izugarri lagundu zigun lehendabiziko urte haietan. Ondoren, hamasei urteko geldialdia egin genuen. Denboraldi baterako utzi eta hoztu egin ginen. Kosta egin zitzaigun berriro ere soinuari heltzea. Juan Mari Beltranek animatuta ekin genion berriro jotzeari eta orain, saio batzuk egiten ditugu. Leire alaba eta hiruok aritzen gara gehienbat. Garai batean, abestu gabe aritzen ginen beti eta orain, alabaren ahotsa gehitu dugu. Juan Mari Beltranen dultzaina doinuekin ere kalejira bat baino gehiago egiten dugu.

Diska bat ere kaleratu duzue azken urteotan...
Amasatik-Arratera diska, duela urte gutxi atera genuen. Arrate irratiko lagunek eskatuta egin genuen grabaketa, irratian bertan egindako saio batean. Jendeak gure piezak eskatzen zituela eta diska bat grabatzeko eskatzen ziguten behin eta berriz, eta horrela sortu zen diska hura. Orain, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratzen duen Faborez diskarako piezak prestatzen ari gara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!