Defentsa pertsonala, Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 16:04

Edozein erasoren aurrean norbere burua babesten ikasteko ikastaroa antolatuko du Itsaso Sanchezek Zizurkilen duen Itsaso zentruan.

“Gure inguruan dagoen segurtasun eza geroz eta handiagoa dela iruditzen zait eta gure burua defendatzen ikasteko premia ere handitzen ari dela pentsatzen dut. Egoera horri irtenbidea emateko, ikastaroa antolatzea erabaki dut. Urtarrilaren 28an jarriko dugu martxan”, azaldu du.

Ninjutsua
Mikel Martiarena irundarra izango da irakasle. “Gipuzkoan aintzindari izan zen Ninjutsu arte martzialean. Alderdi fisikoa ez ezik, buruaren indarra ere zaintzen du Ninjutsuak. Izan ere, erasoaren aurrean hartzen dugun jarrera izan daiteke defentsarik hoberena. Erasotzaileak beldurtuta ikusten bazaitu, errazago menderatuko zaitu eta beldur hori gainditzen eta erasoaren aurrean beste jarrera bat hartzen erakutsiko digu Mikelek”,  azaldu du Itsasok.  Hamabostean behin, larunbat goizetan emango dituzte defentsarako ikastaroak Itsasoren zentruan: “Hiru hilabetez luzatuko da eta adin guztietako gizon-emakumeei zuzenduta dago. Gehienez zortzi pertsonaz osatutako taldeetan arituko gara eta asko gustatuko litzaidake nerabeekin talde bat sortu ahal izatea”. Defentsa pertsonalerako ikastaroan izena eman, edo informazio gehiago jaso nahi dutenek, telefono zenbaki honetara dei dezakete: 943 690 546.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!