Ogi eta gozo ekologikoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 18a, 16:02

Iraila inguruan hasi zen Adunako Leire Saizar ogi ekologikoa egiten. Osagai ekologikoak erabiltzeaz gain, egur sua erabiltzen du ogiak egosteko.

Gozogintza ikasi zuen Leire Saizarrek eta lanbide horretan aritu izan da beti. “Lan irteera baten bila, ogi ekologikoa egiten hasteko erabakia hartu nuen. Zenbait ikastaro egin, labea eraiki, eta martxa hasi nintzen. Hainbat froga egin ondoren, iraila inguruan hasi nintzen lehendabiziko ogiak saltzen. Oso pozik nago izandako harrerarekin”, azaldu du Leirek.

Ondo irauten duen ogia
Bost ogi ezberdin egiten ditu Leirek: “Ezpeltazkoa, zekalezkoa, erdi-integrala, kamutazko integrala eta txuria. Norbaitek beste ogi motaren bat egiteko eskatzen badit ere, froga egiteko prest nago. Ogi bakoitzak 500 gramu inguru pisatzen du eta 750 gramukoak ere egiten ditut. Oso ondo irauten du eta hurrengo egunetan jateko ere primeran egoten da. Okindegietako ogia baino garestiagoa da, baina egun gehiagoz jateko moduan egoten denez, azkenean moduz ateratzen da”.
Kamutazko ogia oso modan dagoela aipatu du Leirek: “Jende askok eskatzen dit. Gari mota berezi bat da kamuta eta geroz eta bezero gehiagok eskatzen du. Gainerantzean, erdi-integrala izaten da eskaera gehien izaten duenetakoa. Ezpeltazkoa ere oso ondo ateratzen da”.
Astean bi labealdi egiten ditu Leirek: “Astelehen eta ostegun goizetan sartzen ditut ogiak labera. Aurretik, ordea, masa prestatu behar izaten da eta horrek prozesu luzea eskatzen du. Gutxienez hamabost edo hogei ordu eman behar zaizkio masari, loaldiak eta fermentazio prozesuak behar bezala bete eta labera sartzeko moduan egoteko. Legami ama bakarrik erabiltzen dut ogia egiteko, batere kimikarik gabea. Horrek, denbora eta arreta handia eskatzen ditu. Esaterako, eguraldiaren arabera asko aldatzen da ogiaren fermentazio prozesua eta gertutik jarraitu beharra dago”.

Guztiz ekologikoa
Osagai ekologikoak erabiltzen ditu Leirek bere ogiak egiteko: “Internet bidez bilatzen ditut osagaiak. Irinak, adibidez, jatorri ekologikoa duela ziurtatzen duen zigilua izan behar du eta hori hemen aurkitzea ez da batere erraza. Internet sareak asko erraztu digu osagaien bilaketa. Prezioa, berriz, nahiko garestia da. Irin ekologikoa, ohikoa baino bi aldiz garestiagoa izaten da eta horri, garraioaren gastua gehitu behar zaio. Zer esanik ez gozoak egiteko erabiltzen dudan gurin ekologikoa erosteko garaian. Horiek ekartzeko hozkailua duen garraio berezia behar da eta horrek izugarri garestitzen du gurina”. Etorkizunera begira, Leirek ez du baztertzen errota txiki batean beharrezko duen irina ehotzeko aukera ere.
Ogiaz gain, gozoak ere egiten ditu Leirek Amezketako labean: “Magdalenak, pastak, bizkotxoak, erroskilak..., denetarik egiten dut. Eguberri inguruan turroiak, mazapanak, polboroiak eta errege opilak ere egin ditut, guztiak ere osagai ekologikoak erabiliz. Oso harrera ona izan dute gozokiek ere”.

Zuzeneko salmenta
Zuzeneko salmenta egiten du, batik bat, Leirek: “Zenbait belar-dendatan ere uzten ditut ogiak eta Aiztondoko kontsumo taldeko kideei ere saltzen diet. Pixkanaka, eskaera handitzen ari zait eta gustura nago izandako harrerarekin. Ahoz aho zabaltzen joan da eta eskaera handitzen ari zait. Nire ogia erosten duten bezeroak gustura daudela nabaritzen dut eta horrek poza ematen dit. Gaur egun, astean ehun eta hogei kilo ogi egiten dut, eta labea txiki geratzen ari zait”.
Etxekoen artean egindako labearekin lan egiten du Leirek: “Amezketan daukat labea, amaren etxean. Aldameneko etxekoek okindegia izan zuten lehen eta haiek asko lagundu digute labea diseinatu eta egiteko garaian. Egur sua erabiltzen dut ogiak egosteko. Labearen azpialdean sua egiteko tokia dago eta ondoren, berotasuna labe guztira banatzen da. Emaitza onak eman dizkit labe honek, baina txiki geratu zait eta orain, handiago bat erosteko aukera aztertzen ari naiz. Ikusi egin behar zenbateko inbertsioa eskatzen duen”.

Eskaerak, telefonoz
Hainbat bezero finko ditu Leirek, baina telefono bidez ere jasotzen ditu eskaerak: “Belar-dendatan, esaterako, astero kopuru bertsua uzten dut eta hainbat bezerorekin ere finkatuta daukat astean zenbat ogi beharko duen. Aldaketaren bat egin nahi izanez gero, telefonoz deitzen didate. Horretarako, garrantzitsua da ogiaren prozesua kontuan hartzea, izan ere, labea piztu baino hogei ordu lehenago hasten bainaiz masa prestatzen”. 620 595 711 telefono zenbakian hartzen ditu Leirek ogi eta gozoki eskaerak eta asteazken eta igande goizak baino lehen eskaera egitea komeni da.  eguzkileire@gmail.com helbidera idatziz ere egin daiteke eskaera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!