Iñaki Murua elkarteko lehendakariak egin zuen liburuaren eta DVDaren aurkezpena: "Liburuan badaudeiritzi kontrajarriak, badaude anekdotak..., hesirik gabeko liburua egin nahi genuen eta hala izatea lortu dugu".
Elkartearen inguruko berrogei lagun elkarrizketatu ditu Alberto Barandiaranek liburua osatzeko: "Bertsozale Elkartea ahots ezberdin askoz osaturik dago, oso elkarte bizia da eta hori liburuan islatzea nahi nuen. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan ahalik eta ahotsik gehienei tartea ematea. Lan handia izan da, baina pozik nago emaitzarekin".
Zenbait elkarrizketak toki berezia izan du Barandiaranen liburuan: "Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi, Arantza Mariskal eta Aritz Zerainen elkarrizketa sakonak bere horretan jarri ditut, guztiak ere oso interesgarriak zirelako eta elkartea hobeto ezagutzen laguntzen dutelako".
Liburua eta DVDak osatutako paketeak 30 euro balio ditu, 21 euro bazkideentzat. www.lanku.com gunean eska daiteke eta baita 943 260 755 telefono zenbakira deituta ere. Bestalde, Bertsozale Elkartearen herrialdeetako elkarteen bidez ere egin daiteke eskaera.