Musika eta festa, biak batera Jon Oiartzunen talde berrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 13a, 12:35

Musika munduan geldirik egoten ez dakien mutila da Jon Oiartzun Jomes Hamilton, eta La Jodedera proiektuan dabil murgilduta azken aldian.
Erritmo kubatarrak euskal kutsuarekin nahasten ditu taldeak, jendea dantzan jarriz. Diskoa eskuartean, han eta hemen ari dira egitasmo berria aurkezten.

Zer da La Jodedera?
J.O.: Orain gutxi lau lagunek sortu dugun taldea da: Mandi Cienfuegos (perkusioa eta ahotsa), Oscar La Habana (treseroa), Jon Txorromorro (gitarra, ahotsa eta txotixea) eta ni neu (baxua). Estilo eusko-kubatarra jotzen dugu; diska kaleratu dugu oraintxe, eta kontzertuak ematen ari gara astebururo.

Originalak ala bertsioak dituzue abestiak?
J.O.: Originalak dira, baina azken batean, zaila da jakitea zenbateraino diren gureak, zenbateraino bertsioak. Esaterako, abesti berean Mikel Laboaren kanta batekin hasi eta La Cucaracha-rekin amaitzen dugu.

Nolaz erantzun du entzuleak orain arte?
J.O.: Normalean, pittin bat entzun eta alde egiteko asmoz etortzen dira guregana. Entzun ahala, ordea, musika atsegina, dantzagarria dela ohartzen dira eta bertan geratzen dira kontzertua amaitu arte. Dantzan eta egarriz jartzen dugu publikoa. Euskaldunik petoena ere mugiaraztea lortzen dugu; “El dile que no” (pauso bat aurrera, beste bat atzera) mugimendua eginez jartzen dugu, besterik ez bada ere.

Zein jenderi zuzentzen diozue zuen musika?
J.O.: Multirraziala izateaz gain, adin guztietarako ere badela esango nuke. Orain gutxi lagun batek aitortu dit gure CDa dela bere autoan jartzen duen bakarra, Pirritx eta Porrotxen ukiezinaz gain. Alegia, bere haurrak ere gustura entzuten duela gure musika.

Txikitatik, musikari lotuta joan zara hazten…
J.O.: Etxean denetik egitera animatzen gintuzten, margoketan eta musikan hasi nintzen. Halako batean, denerako dirurik ez zegoela familian eta, bat ala bestea, aukeran jarri zidaten. Gauza xelebrea gertatu zaitzaidan orduan: nik pinturaren alde egin, eta gurasoek musikara bideratu ninduten. Orduan gitarra hautatu nuen, eta pianoa jarri zidaten eskura, arrebak ere hortik jo zuelako. Pianoko karrera egin nuen, beraz. Baxua hainbat taldetan jotzeaz gain, Loatzo musika eskolan gitarra eta baxu irakasle naiz.

Ezaguna da zure familiak musika eta kanturako daukan zaletasuna. Nondik datorkizue joera hori?
J.O.: Tomas aitarengandik batez ere. Berak sartu zigun mexikarrak-eta kantatzeko grina. Zesta puntalaria izan zen, eta munduan zehar ibili zenean, pilotarien giroa animatzen zuen beti. Italian kantu eskolak jaso zituen, eta gero Ameriketan diskoa atera zuen beste pilotariekin; berak, bakarka, mexikarrak eta napolitarrak kantatzen zituen.

Talde bat osatzeko tentaldirik ez al duzue eduki inoiz?
J.O.: Biltzen garenean, egun berezi eta ordu txikietan alegia, kantuan aritzen gara. Halakoetan elkarri berotzen ibiltzen gara: egin beharko genuke taldea, umil-umil hasita. Gero asmoa ez da ezertan gauzatzen, noski. Maite eta biok instrumentuak jo beharko genituzke, eta Joxetxok eta Xabierrek ahotsa jarri.

Punkak indarra zeukan garaian hasi zinen jotzen, 80ko hamarkadan…
J.O.: WE taldea Edorta Sueskun, Antonio Calleja, Asier Ponce eta lauok sortu genuen. Gero etorri ziren Potax, LDB… Gurea protesta kantua zen, baina ia letrarik gabekoa: marrua batez ere. BAPen ondoan entseatzen genuen, eta azkenean buruz ikasi genituen haien kantak. Halako batean, Andreuk BAPen baxua jotzeari utzi ziola eta, niri proposatu zidaten. 1992-1996 epean ibili nintzen. Azkenean, kide baten entzumen arazoa eta guztion nekea zirela medio, taldearen ibilbidea amaitu egin zen. Oroitzapen onak besterik ez dauzkat: musika mundua, gaztetxeen giroa eta jendea ezagutzeko parada izan nuen. Ikaragarri ikasi nuen.

BAP talde mitikoa bilakatu zen…
J.O.: Harrigarria da. Kontzertuetara bakar batzuk etortzen ziren, jende jakina gehienetan. Baina kito egin zuenez geroztik, edozein tokitan nagoela ere, makina bat jende etortzen zait BAP aipatzera. Gazteak etortzen zaizkit erregutuz taldekoak berriro bil gaitezen, behin besterik ez bada ere.

Jomes Hamilton Studios grabaketa estudioa ireki zenuen, musikarientzat lanean aritzeko…
J.O.: Soinu tekniko gisa nire kasa ikasi dut ia dena. Horretan Andoaingo gaztetxeak lagundu dit izugarri. Izan ere, kontzertuetan baten bat behar izaten zen maiz soinu mahaian jartzeko eta neu jartzen nintzen saltsan. Aritzearen aritzeaz, ofizioa ikasi nuen.
Estudioa ez da handia, baina bai egokia talde batekin lan egiteko, hau da, grabatu, nahasketak egin eta masterizatzeko. Musika talde asko igaro dira hemendik; azkenak, Xabi & Petti eta Gora Gora Kinds. Pirritx eta Porrotxen azken diskoetan (Pupu eta Lore eta Zazpikoloroa) entzun daitezkeen gitarrak ere nire estudioan grabatu ditut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!