Jesusen Bihotza ikastolako VI. Kultur Astea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 9a, 10:53

Joan den urrian hasita, urtarrilaren 23tik 29ra Jesusen Bihotza ikastolako VI. Kultur Astea antolatzen ari dira bertako kideak. Astelehenetik igandera bitarte egitarau zabala prestatu dute eta egunero izango da zer edo zer: pailazoak, hitzaldiak, ikasleen emanaldia, sukaldaritza ikastaroa, argazki lehiaketa, hain arrakastatsua den ibilaldi neurtua... Argazki lehiaketan nahiz sukaldaritza ikastaroan parte hartu ahal izateko hainbat gomendio eman dute antolatzaileek:

"Jakin ezazue argazki lehiaketan, parte hartzea irekia dela, edonork aurkeztu ditzake argazkiak. Izena emateko, Ikastolako idazkaritzara jo behar duzue, urtarrilak 12 eta 13an goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:30etara eta arratsaldez 15:00etatik 18:00etara edo Ikastolako webgunean sartu eta bertan orria bete. Eskola Agenda 21an biodibertsitatea lantzen ari garenez, argazki lehiaketarako gaia ere hauxe izango da,  Euskal Herriko animaliak eta landareak, hain zuzen ere.  Parte hartzaile bakoitzak bi argazki edo gehiago aurkeztu ditzake, hauek JPG formatu digitalean bidali beharko dira hurrengo helbide elektronikora, billabona@ikastola.net. Antolatzaileen ardura izango da argazkiak inprimatu eta urtarrilak 29ko erakusketarako prestatzea. Epaimahaia, guraso, ikasle, irakasle eta aditu batez osatuko da; hauek aukeratzen dituzte bi argazki irabazleak, Zubi-musu aldizkariaren hurrengo alean argitaratuko dira. Bestalde, lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak gure webean ikusgai izango dituzue, www.jesusenbihotzaikastola.com.

Kultur Astearen ekitaldien artean aurtengoan ere sukaldaritza ikastaroa antolatu dugu. Ikastaro hau doakoa da Ikastolako guraso, ikasle eta irakasleentzat. Zizurkilgo Urkamendi elkartean burutuko dira bi saioak, astelehena 23 eta asteazkena 25ean, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara, Jokin Zabala sukaldariaren gidaritzapean. Osagaiak sukaldariak berak ipiniko ditu, egun bakoitzean 1. eta 2. platerak eta postrea prestatuz. Bertan parte hartu nahi izanez gero, zuen izena lehenbailehen ematera animatzen zaituztegu; izan ere, plazak mugatuak dira. Horretarako, urtarrilaren 12 eta 13an, Zentroko idazkaritzara deitu behar duzue (943-69-23-21) edo webgunea erabili. Jakin ezazue plazen adjudikaziorako izen-emate hurrenkera errespetatuko dela.

Villabona eta Zizurkilgo herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu gure ekitaldietan parte hartzera, egitarau zabala prestatu dugu eta bertan gustuko duten zerbait topatuko dutela ziur gaude".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!