Preso eta iheslariak gerturatzeko eskatzeko deialdi kolosala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 3a, 11:16

Egin dezagun bidea ekimeneko kideek, urtarrilaren 7an Bilbon burutuko den ‘Kolosala izango da’ herri mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute, aro politiko berriaren aurrean, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, hiriburuko kaleak jendez bete daitezen.

Euskaldun orok bere eskubideak bermatuak izan ditzan, euskal preso eta iheslarienak ere gauzatze aldera, Euskal Herriko hainbat eragile eta alderdi politiko ezberdinek sortutako Egin dezagun bidea ekimenak hauspo eta bultzada handia izan du azken hilabeteotan Euskal Herri osoan zehar. Baita Beterri-Aiztondo eskualdean ere. Ekimeneko kideek, herriz herri, euren inguruan egin duten bidearen berri azaldu dute, ondorengo galderei erantzunez:

Bernardo Arregi
Zizurkil:
“Preso eta iheslariak etxeratzea lortzen dugun arte jarraituko dugu lanean”

Zer nolako oihartzun izan du Egin dezagun bidea ekimenak zuen herrian?
  • Egin dezagun bidea ekimena sortu zenetik, taldetxo bat biltzen hasi ginen Zizurkilen. Denborarekin, herritar gehiago gerturatu da eta, egun, hamabost egunero zazpi lagun elkartzen gara. ‘Kolosala izango da’ mobilizazioa indartze aldera, ‘Abendua Zizurkilen’ ekintza sorta osatu eta etxez etxe postontzietan banatu genuen egitaraua. Abenduaren 10ean presoei gutunak idazteko aukera eskainiz mahaia jarri genuen herrian haur eta helduei zuzenduta eta herritar ugari gerturatu zen. Abenduaren 17an, Eskola Kirola festaren inguruan, materiala saldu eta ‘Kolosala izango da’ mobilizazioari lotutako atxikimenduak jaso genituen. Oso ondo erantzun zuen jendeak. Dagoeneko 80 atxikimendutik gora lortu dugu Zizurkilen, norbanakoenak gehienak. Aurrerantzean herriko taldeengana jotzea da gure asmoa. Era berean, abenduaren 24ko Olentzeroren kalejirak ohi baino erantzun hobea izan zuen, azken urteotako jenderik gehien bilduz.

Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren aurrean, preso eta iheslarien gaiari dagokionez, zein pauso eman behar da aurrera begira?
  • Pixkanaka, herrietan jende berriarengana jo eta taldean aurpegi berriak biltzea da gure asmoa. Edozein pertsona etor daiteke preso eta iheslarien eskubideen alde lanera, edozein alorretako eragileak. Alderdi politikoekin inolako loturarik izan gabe, ahalik eta herritar gehien bildu nahi dugu: preso eta iheslarien etxeratzearekin ados dagoen edonor. Egia esan, orain artean Zizurkilen bideratu izan ditugun ekintzekin babes handia jaso dugu. Horren adibide, elkartasunaren zozketa, esaterako.

Urtarrilaren 7ko ‘Kolosala izango da’ herri mobilizazioan Bilboko kaleetan parte hartzeko zer nolako dei egiten diozue herritarrei?
  • Momentu honetan bizi dugun egoeraren aurrean zeresan handia dauka herriak. Zenbat eta gehiago saiatu ekimenak antolatzen eta herritarrak mobilizatzen, herria izango da preso eta iheslariak gerturatzea lortuko duena. Saiakera egin beharra dago eta ahal duen guztia, esfortzu hori egin eta Bilbora joatera animatuko nuke.

Mobilizazio horren ondoren, bidea egiten jarraitzeko asmotan zarete. Nondik norako bidea?
  • Preso eta iheslariak etxeratzea lortzen dugun arte jarraituko dugu lanean. Herritar guztien parte hartzea beharrezkoa litzateke helburu hori betetzeko.

Autobusean izena emateko aukera zabalik: Zizurkilen: Iriarte, Zentroa, Plaza Etxeberri, Pantxikane, Atxulondo eta Egarri tabernetan. Aurten bi autobus betetzeko apustua dute.


Andoaingo ekimena:
“Benetako urratsak ematen direla ikusi arte, lana eta babesa behar dira”

Zer nolako oihartzun izan du Egin dezagun bidea ekimenak zuen herrian?
  • Urtarrilaren 7ko mobilizazioari begira, atxikimendu bilketa zabaltzeko bidea egin du Andoaingo ekimenak. Andoainen, beti presoen aldeko lanean aritu garen taldeak herriko beste hainbat eragilerengana jo nahi izan du, taldea zabaldu eta aurpegi berriak biltzearren. Gaiaren aurrean, kezka barneratu eta herritarrek protagonismoa hartzea da helburua, talde zabala antolatuz. Andoainen ostiralero egiten da preso eta iheslarien eskubideen aldeko enkartelada, hilabeteko azkena bereziagoa izaten bada ere. Abenduaren 30a urteko azken ostirala egokitu zenez, zer edo zer ezberdina egin nahian, giza katea egin genuen. Abenduaren 31n, orain arte Irunberri elkartean egin izan zen preso eta iheslarien aldeko brindisa kalera atera eta Bastero parean egin genuen. Urtarrilaren 7ko mobilizaziorako atxikimendua eman duten herritarren argazkiak zintzilikatu ditugu facebook-en eta argazki horiekin kalean jartzeko panelak ere egin ditugu. Banakako 100 argazkitik gora jaso dugu dagoeneko.

Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren aurrean, preso eta iheslarien gaiari dagokionez, zein pauso eman behar da aurrera begira?
  •  Jende askok gustura hartu du taldera biltzeko egindako deia. Abiadura azkarrean bizi gara eta askotan ez da hitz egiteko nahiz konpartitzeko denborarik hartzen. Antolatutako ekintzak oso antzekoak izan dira azken urteetan eta jende berria taldera biltzeak ekintza berriak burutzeko ideiak ere ekarriko ditu. Dinamika naturala izatea lortu nahi dugu.

Urtarrilaren 7ko ‘Kolosala izango da’ herri mobilizazioan Bilboko kaleetan parte hartzeko zer nolako dei egiten diozue herritarrei?
  • Ahal duen jende guztiari Bilbora gerturatzeko deia egiten diogu. Herri honetan ekintza asko izaten denez, joan ezin duenak, nolabaiteko presentzia izatea egokia litzateke, bakoitzak bere keinua eginez. Esaterako, partida duenak pankarta zabalduz edota mobilizazioarekin bat egiten duen pegatina soinean jarriaz.

Mobilizazio horren ondoren, bidea egiten jarraitzeko asmotan zarete. Nondik norako bidea?
  • Ekimenak erantzuna jasoz gero, ilusio handia piztuko da. Azken urteotan errepresioak izugarrizko kaltea egin du eta Andoainen oso nabaria da hori. Gazteen artean lanketa behar da, beldurraren eta ohitura faltaren ondorioz, mobilizatzeko joera galdu baita. Hortik aurrera, egindako bidea baloratu eta lan talde ezberdinak esparruka egonkortzen saiatu beharko da. Espetxe politikaren harira, egoera aldatuko den ilusioa daukagu, baina benetako urratsak ematen direla ikusi arte, lana eta babesa behar dira. Oinarrizko eskubideez hitz egiten ari garela ulertu beharko luke jendeak, eta guztion artean egin behar dela presoak eta iheslariak etxeratzeko lana.

Autobusean izena emateko aukera zabalik. Andoainen: Irunberrin edo Lanbroan. andoainbidean@hotmail.com. Iaz bi autobus bete ziren, aurten hiru betetzea espero dute.

Ana Otegi
Aduna
“Gizartearen erantzunak zeresan handia du eta barkaezina litzateke une historiko hau galtzen uztea”

Zer nolako oihartzun izan du Egin dezagun bidea ekimenak zuen herrian?
  • Aduna herri txikia denez, Gabon kantuan atera eta kartelak ipintzeaz gain, ez dugu herrian ekimen handirik antolatu. Urtarrilaren 7ko mobilizaziora joateko animatu nahiko genituzke herritarrak eta ahoz ahoko lanean ari gara orain. Adunatik Bilbora animatzen diren herritarrak Zizurkildik aterako den autobusean joango dira. Aduna eta Zizurkil elkarlanean ari gara, herri bat besteari laguntzen.
    Abenduaren 24an, preso eta iheslariak gogoan, koadrila polita bildu zen Adunan kanturako. Antolatutako ekintzen aurrean erantzun hobea nahi izaten da beti, baina harrera ona izaten dute Adunan antzeko deialdiek.

Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren aurrean, preso eta iheslarien gaiari dagokionez, zein pauso eman behar da aurrera begira?
  • Hileko azken ostiraletan, preso eta iheslarien eskubideen alde egiten den elkarretaratzeetara jende gehiago etortzeko deia egingo nuke. Bizi dugun egoera berriaren aurrean, jende gehiagoren parte hartze eta inplikazioa behar da. Herriak bultzatu behar du preso eta iheslariak gerturatzea.

Urtarrilaren 7ko ‘Kolosala izango da’ herri mobilizazioan Bilboko kaleetan parte hartzeko zer nolako dei egiten diozue herritarrei?
  • Gaixorik dauden eta 3/4ak beteta dituzten presoak kaleratzeko eta preso guztiak Euskal Herrira gertura ditzaten eskatzeko garrantzitsua da hilaren 7an Bilbora joatea. Pausoz pauso, amnistia etorriko litzateke gero. Konponbidea lortzeko ezinbestekoa da ahalik eta jende gehien Bilbon biltzea. Parte hartzeko deia egingo nuke, beraz: etorkizunean ‘konponbidean nik ere parte hartu nuen’ esan ahal dezatela herritarrek.

Mobilizazio horren ondoren, bidea egiten jarraitzeko asmotan zarete. Nondik norako bidea?
  • Gizartearen erantzunak zeresan handia du eta barkaezina litzateke une historiko hau galtzen uztea. Guztion artean lortu behar dugu egoerari buelta eman eta preso nahiz iheslariak gerturatzea. Ezin dugu eserita geratu.
Autobusean izena emateko aukera zabalik. Adunan: Uztartza ostatuan.


Maialen Abaigar
Amasa-Villabona
“Gabonak ondorenean ere lana egongo da, presoak ez baitira oraindik etxean izango”

Zer nolako oihartzun izan du Egin dezagun bidea ekimenak zuen herrian?
  • Hiru batzar ireki egin ditugu Amasa-Villabonan eta hogei pertsona bildu ginen azkenengoan. Batzarretara plangintza itxiarekin joan beharrean, denon artean erabaki dugu zein ekimen antolatu. Jende asko ez dago antzeko batzarretan parte hartzera ohituta, baina aldez aurretik garbi utzi zen talde motorra sortu arren, erabakiak guztien artean hartuko zirela. Jendeak ideia berriak proposatu zituen bileretan eta modu horretan, harrera beroa izan zuen mus txapelketa edota argazki rallya antolatu ziren Gabonei begira. Abenduaren 31ko manifestazioa eta gero, urtarrilaren 7ko mobilizazioa dugu orain jomugan. Martxan dugu atxikimenduak biltzeko kanpaina ere.

Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren aurrean, preso eta iheslarien gaiari dagokionez, zein pauso eman behar da aurrera begira?
  • Gabonak ondorenean ere lana egongo da, presoak ez baitira oraindik etxean izango. Urtarrilaren azken astean erabakiko dugu zein jarraipen eman lanari. Amasa-Villabonan, presoen gaiak erantzun beroa izaten du herritarren aldetik, elkartasun handia jasotzen da humanoki. Herritarrei garbi utzi nahi diegu dispertsioak zer nolako gastu ekonomiko sortzen duen eta antolatzen ditugun ekintzetan gastu horiek arintzeko dirua lortzen saiatzen garela. Jende berriak bat eginez, talde zabala sortu nahi dugu herrian. Herritarrek presoen egoera zein den jakin egin behar dute eta egoera hori gizarteratu egin nahi dugu.

Urtarrilaren 7ko ‘Kolosala izango da’ herri mobilizazioan Bilboko kaleetan parte hartzeko zer nolako dei egiten diozue herritarrei?
  • Ziklo politiko berria ireki denean, Bilbo betetzeko aprobetxatu behar dugu tarte hori. Herri guztietatik apustu handia egin da autobusak betetzeko eta Amasa-Villabonatik hiru bete nahi ditugu. Euskal Herriak merezi duen etorkizuna lortzeko egiteko asko dago oraindik. Herritarrak parte hartzera animatuko nituzke: bertan egon beharko genuke, dudarik gabe, presoek ere eskertuko dute parte hartze hori.

Mobilizazio horren ondoren, bidea egiten jarraitzeko asmotan zarete. Nondik norako bidea?
  • Preso eta iheslarien eskubideak lortu arte jarraitu behar dugu lanean. Egoera ez da bat-batean aldatuko, kaleratzeak gradualak izango dira: 3/4ak beteta dituztenak, gaixorik daudenak, Parot doktrinaren baitakoak… Oinarrizko eskubide horiek lortuko ditugun esperantzan jarraituko dugu lanean.
Autobusean izena emateko aukera zabalik. Amasa-Villabonan: Kixubi eta Amasa okindegietan, Hiru Aldeta, Xiker, Rainbow eta Iratzar tabernetan. Iaz autobus bakarra bete zen, aurten hiru bete nahi dituzte.


Asteasuko ekimena
“Guretzat lehentasun goreneko gaia delako, beharrari gogoz ekiten diogu”

Zer nolako oihartzun izan du Egin dezagun bidea ekimenak zuen herrian?
  • Horretarako daukagun adierazle nagusia, abenduaren 24an ospatu genuen kalejira eta poteoa dira. Bertatik, Asteasutik antolatutako ekitaldia izan zen. Urtero ospatzen dugun arren, aurten berezia izan da; Egin dezagun bidea ekimenarekin lotu nahi izan dugulako. Abenduaren 24ko ekintzarekin batera, aurrez buzonada zabala egin genuen herritarren parte hartzea bultzatu nahian. Ekimenaren aldeko atxikimenduak biltzeko postua ere jarri genuen.  Udaletxeko plenoan euskal preso eta iheslarien aldeko ikurraren mozioa onartu zenetik hasi ginen biltzen ekimeneko kideak eta kalejiran herritarren parte hartze zabala edukitzeaz gain, udaletxetik ere erabateko babesa jaso du ekimenak, batez ere aurretik Udal plenoan, euskal preso eta iheslarien aldeko ikurra jartzeko mozioa aurrera atera zenean.

Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren aurrean, preso eta iheslarien gaiari dagokionez, zein pauso eman behar da aurrera begira?
  • Gure txoko ‘txiki’ honetatik argi daukagu zein izan behar den gure ekintzaren lan lerroa: alde batetik nazio mailan agertzen diren ideiak eta ekitaldiak bultzatzea, jendearen parte hartzea lantzea eta Udalaren babesa ere bermatzea. Era berean, ideia berriak sortu eta bultzatzea.

Urtarrilaren 7ko ‘Kolosala izango da’ herri mobilizazioan Bilboko kaleetan parte hartzeko zer nolako dei egiten diozue herritarrei?
  • Herri guztian zehar egin dugun buzonadan herriari mobilizatzeko eskatzen diogu eta erronka bat ere bota diogu jendeari: Asteasun autobusa baietz. Orain arte zaila izan da azken urte hauetan autobusa ateratzea eta pentsatu dugu lelo edo gako interesgarria litzatekeela batez ere jendea ‘zirikatu’ nahian, dakizuenez Asteasun apustuzalek ere bagara...

Mobilizazio horren ondoren, bidea egiten jarraitzeko asmotan zarete. Nondik norako bidea?
  • Beti egin izan dugun bezala eta batez ere guretzat lehentasun goreneko gaia delako, beharrari gogoz ekiten diogu, sortzen diren ekimenekin bat eginez eta gurean sortzen ditugunak bultzatuz, horixe izango da jarraituko dugun bidea.
Autobusean izena emateko aukera zabalik. Asteasun: Herriko tabernetan. Iaz ez zen autobusik osatu, aurten autobus bat betetzeko apustua dute. Larraulen: Larraulen talderik osatu ez bada ere, asteasuarrek osatu nahi duten autobusa betetzen lagundu dute larrauldarrek. Herri ostatuan da autobusean izena emateko aukera eta hamarretik gora dira dagoeneko.


Egin dezagun bidea ekimeneko kideek eskatzen dituzten neurriak
  1. Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea.
  2. Espainiar estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea, eta zigorra bete duten presoak askatzea. Bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzea.
  3. Frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra bertan behera uztea, baldintzapeko askatasunei bide emanez.
  4. Zigorraren 3/4ak bete dituzten presoen kaleratzea.
  5. Gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, eta bestelako gaixotasunak dituzten presoen zaintza egokirako beharrezko neurriak hartzea. Presoen eskubideak bermatzea.
  6. Ireki den aro berrian gatazkaren soluzio bidean modu positiboan eragiteko frantziar eta espainiar estatuek darabilten espetxe politika konponbide gakoetan ezartzea.


Eskualdeko presoen zerrenda
Andoain
    Urtzi Azpiroz Usandizaga (Madril)
    Ainhoa Ozaeta Mendikute (France)
    Axier Oiartzabal Txapartegi (France)

Amasa-Villabona
    Eneko Galarraga Godoy (Toledo)
    Emilio Salaberria Etxebeste (A Coruña)
    Iñigo Guridi Lasa (Cadiz)
    Joxe Mari Olarra Agiriano (Pontevedra)
    Julen Zelarain Errasti (Huelva)
    Karlos Besance Zugasti (Huelva)
    Lander Etxeberria San Sebastian (Madril)
    Manex Castro Zabaleta (Valencia)
    Oskar Zelarain Ortiz (Madril)
    Pello Zelarain Oiarzabal (Alacant)

Zizurkil
    Ander Geresta Azurmendi (Saint Martin de Re)
    Mikel Egibar Mitxelena (Zaragoza)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!